Sega ligako sailkapen burua, eskualdeko kirolarien artean

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uztailaren 28a

Joan den asteburuan jokatu zen Zaldibian ligako bigarren eta azken ekitaldia. Ainara Otamendi ibartarra eta Alaitz Imaz hernialdetarra geratu dira, hurrenez hurren, sailkapeneko lehen bi postuetan. 

Lehen saioa Usurbilen egin zuten. Txanda hartan Otamendi izan zen onena eta Imaz, berriz, bukatzen hirugarrena izan zen. 

Izatez, hiru saio egin behar zituzten, baina koronabirusa dela-eta, bi saiotara murriztu da txapelketa. 

Bigarren, eta azken saioa, Zaldibian jokatu zuten, joan den asteburuan. Oraingoan Imazek irabazi zuen, eta bere atzetik amaitu zuen Otamendik. 

Beraz, azkenean, txapelketa Otamendik irabazi du 119 puntu lortuta, eta Imaz, berriz, bigarren geratu da 118 punturekin.

Gizonezkoetan, berriz, Mikel Lizartza tolosarra eta Joakin Garmendia anoetarra izan dira eskualdeko ordezkariak. Bi saioetan aritu ondoren, sailkapen orokorrean, bosgarrena izan da Lizartza 112 punturekin. Garmendia, aldiz, bere atzetik geratu da 108 puntu lortuta, sailkapeneko seigarren postuan. 

Amaitzeko, gazteen mailan, Auritz Alkorta asteasuarrak hirugarren postua lortu du, guztira, 117 punturekin. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!