"Txapelketa berezi xamarra izan da, baina egin izana garrantzitsua da"

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 28a, 18:00

Alaitz Imaz hernialdearra bigarren postuan geratu da segako ligan, 118 punturekin. 

Ligako bigarren saioa irabazi egin zenuen. Nola sentitu zara?

Gustura. Usurbilgo lehen saioan ez nintzen batere gustura geratu. Baina Zaldibiako honekin buelta eman diot horri eta liga, behintzat, sentsazio onarekin bukatu dut. 

Sailkapenean orokorrean bigarrena izan zara, Otamendiren atzetik. 

Ustekabea izan da, egia esan. Zaldibian bertan liga alderantziz amaituko genuela uste genuen biok, hau da, lehenengo ni eta ondoren bera. Usurbilen bera lehena geratu zen eta ni, berriz, hirugarren. Zaldibian berriz, ni izan nintzen azkarrena eta bera, aldiz, laugarrena izan zen. Gu bion artean bi segalarik bukatu zuten, baina kontua da, horiek Usurbilen ez zutela jokatu, eta horregatik, sailkapen orokorretik kanpo geratu direla. Azkenean, araudiaren arabera, Ainara Otamendi izan da lehena, eta ni, berriz, bigarrena. 

Nolako txapelketa izan da?

Ezberdina izan da. Usurbilen, esaterako, ezin izan dugu norberak gure laguntzailerik eraman; aurreko urteetan baino kontrolatuagoa izan da guztia. Berezi xamarra izan da. Baina egin egin da, eta egin izate hutsak garrantzia handia du. 

Konfinamenduak nola eragin du zuen entrenamenduetan?

Izatez, konfinamendua hasi zen garai berean hasi behar genuen guk entrenatzen. Ordura arte belardietan ez dago belarrik, eta beraz, ezin da segarekin praktikarik egin. Neguan ariketak egin ditzakezu, fisikoa lantzeko... Baina martxoa oso garrantzitsua izaten da, sega hartu eta teknika fintzeko garaia izaten delako. Nire kasuan, oso berandu hasi naiz segan, eta aurreko urteetan baino gutxiago praktikatu dut. 

Eta ekitaldietan eraginik eduki du?

Lehen saioa Usurbilgoa izan zen. Hasieran publikoak eserita egon beharko zuela esan ziguten; segurtasun distantziak mantentzeko modu onena hori baita. Baina, azkenean, hori kendu egin zuten eta zutik egiten utzi zuten. Sega azkenean zutik ikusi behar da, kirolaria bera mugitzen ari delako; eta berarekin batera mugitzen da publikoa. 

Aurrera begira baduzue beste ekitaldirik?

Udazkenean erakustaldi moduko bat antolatzeko asmoa dute. Baina oraindik ez dago ezer zehaztuta edo erabakita. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!