Koronabirusa

Ziurgabetasuna, gida eta arau

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 26a, 08:59

Jendarteko arlo guztietara hedatu da koronabirusa. Kutsatzeen kopuruak gora egitea, osasuna zaintzeko segurtasun neurri bereziak eta aparteko arauak dira, besteak beste, eskualdeko udalek udako egitarauak antolatzeko garaian kontuan hartu beharreko faktore berriak.

Hasiera batean osasun krisia zela zirudiena jendarteko esparru guztietara zabaldu da eta udako festak ez dira salbuespena. Egoera hobetzen ari zela pentsatuta, jaiak antolatzeko asmoa zuten hainbat herritan, baina azken asteetan kutsatze kopuruek gora egin dutela ikusita, egitaraua bertan behera uztea erabaki dute hainbatek.

Uztaileko azken egunekin batera iristen dira Altzoko festak. Aurten, ordea, COVID-19aren eraginez sortutako testuinguruan eta herritarren osasuna arriskuan ez jartze aldera, bertan behera geratu dira San Inazio jaiak. Dena dela, garai bitxi hauetan ere, Uda Giro egitaraua antolatu dute Altzoko Udaleko Festa eta Kultura batzordeak Talde Feministarekin batera. Udako hilabeteetako prestatu dituzte ekintzak, tartean, San Inazio eguneko bertso jaialdia. Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Aitor Mendiluze, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Eli Pagola bertsolariak ariko dira Manu Olano gai jartzailearen gidaritzapean.

Egitaraua osatzen duten ekintza guztietan segurtasun neurriak egongo dira. Kasurako, beharrezkoa izango da gonbidapenak edukitzea. Altzoko udaletxean egongo dira eskuragarri, pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen hartu ahal izango ditu, eta herritarrek lehentasuna edukiko dutela azaldu du herriko udalak. 

Larraulen, ohituraz, San Esteban eta San Bartolome egunak ospatzen dituzte. Festarik ez dela izango iragarri zuten, baina hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte. San Esteban egunean, esaterako, bertso saioa izango dute. Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita, Iker Zubeldia eta Haritz Mujika ariko dira jendaurrean. Osasun neurriak ere ez dira faltako, eserlekuen arteko segurtasun distantzia, uneoro maskarak erabiltzea eta eskuak garbitzea, kasu. Festak bertan behera geratu izanaren albistea herritarrek penaz hartu dutela azaldu du Larraulgo Udaleko Kultur zinegotziak; baina erabaki zuzena dela eta guztiek arduraz jokatzea espero duela ere gehitu du.



Eskualdeko beste hainbat herritan ere ez da festarik izango. Berastegin, esaterako, ez dute jairik ospatuko eta aparteko kultur ekitaldirik ere ez dute egingo. Albizturren ere aurten ez da Andre Mari jairik eta Gazte egunik ospatuko. Ama Birjin eguna ospatzeko ohitura dute Orendainen, baina aurrekoen moduan, hurrengo urtera arte itxarotea erabaki dute hauek ere. Koronabirusagatik ez balitz, Gaztelun ere festa edukiko lukete abuztuaren 15ean. Baina egoeraren berezitasuna medio, hemen ere bertan behera geratu da Ama Birjin egunaren ospakizuna. Horren ordez, herritarrentzat kultur ekitaldiren bat antolatuko dutela aipatu du herriko udal ordezkariak.

Hari beretik tiraka Baliarrainen ere egun bera ospatuko lukete. Aurten, ordea, prestakuntza guztiak erdibidean utzi behar izan dituzte. Aparteko ekintzei dagokienez, momentuz, ez dute ezer antolatuko; egoera apur bat argitu artean, behintzat. Egoera antzekoa dute Amezketan, San Bartolome festak ospatzekoak ziren abuztu amaieran, baina bertan behera utzi dituzte eta oraindik ez dute erabaki aparteko egitaraurik antolatuko duten. Bidania-Goiatzen ere ez dute jairik edukiko aurtengo udan. Hainbat kultur ekitaldi prestatzeko asmoa zuten, zinema emanaldiak kasu, baina kutsatze kasuek gora egitean bertan behera uztea erabaki zuten. Agurtzane Zelaia alkateak egoera zaila dela onartu du: «Horrela bizitzen ere ikasi egin beharko dugu. Pauso bat aurrera eman orduko, atzera bi egiten. Ziurgabetasunaren aurrean, zaila da zerbait antolatzea».

Berrobin antzekoa da egoera. Jaiak abuztuaren amaieran ospatzeko ohitura dute eta, denbora tartea baliatuz, erabakia ahalik eta gehien atzeratzen ari da festa batzordea. Zerbait ospatzekotan, ezberdina izango dela aurreratu du herriko alkateak eta hainbat aldaketa egingo dituztela ere esan du, besteak beste, egitaraua kultur ekitaldiekin osatzea, gauez ekintzarik ez antolatzea eta egitaraua hiru egunetan antolatzea joan den urtean bost eguneko egitaraua osatu zuten.

Ikaztegietak ere ez du festarik antolatuko. Udaberrian antolatzen duten azoka berezia bertan behera geratu zen. Egoera hobera egiten ari zelakoan, azoka eta udako festak batera ospatzeko asmoa zuten, baina kutsatzeen kopuruak gora egitean guztia atzeratzea erabaki dute. San Lorentzo egunean, berriz, herritarrei arduraz jokatzea eskatu die udalak, eta edozein ospakizun alternatibo egitea debekatu dute. Festak egiteko gordeta zuten aurrekontuarekin udazkenean kultur ekitaldiak egiteko asmoa adierazi du udaleko Manex Saez de Egilaz zinegotziak: «Jaietan egitea pentsatzen genituen ekintzak geroago egingo ditugu; edo, behintzat, udazkenean beste urte batzuetan baino kultur ekitaldi gehiago egin nahi ditugu».

San Joan surik ez zuten egin Hernialden, eta bide beretik, ez dute Andra Mari egunik ere ospatuko. Aparteko kultur ekintzarik ez dutela antolatuko azaldu du Aitor Zubillaga herriko alkateak. Baina egoerak hobera egiten badu, urrian erakusketa bat antolatzeko asmoa dutela esan du. Santa Kruz apaizaren ingurukoa izango litzateke mostra, eta besteak beste, garaiko tresnak eta jantziak erakutsiko lituzke.

Ibarra ez da salbuespena izango. Aurten ez da abuztuko festarik izango herrian, baina dena ondo bidean, irailean berriro biltzekoa da herriko festa batzordea eta ezohiko jaiak antolatu ala ez erabakiko dute bertan. Bitartean, aparteko kultur ekitaldirik ez dutela antolatuko azaldu du udaleko Nagore Zubillaga Kultur zinegotziak.

Herritarren osasuna zaintzeko joerari jarraiki, Zizurkilen ere ez da jairik izango. Bi festa batzordeek argitaratu zuten ohar bateratuan kultur ekitaldiak egiteko aukera aztertzen ari zirela esan zuten, eta nahiz eta momentuz, ez duten ezer prestatu, egoerak hobera egiten duenean guztia pasa dela ospatzeko jai bat egiteko asmoa azaldu dute.

Adunan ere ez da Ama Birjin eguneko ospakizunik izango. Osasun krisia medio, bertan behera geratu da osatuta zuten egitarau osoa. Dena dela, egoerari aurre egiteko asmoz, akordioa egindako artistekin konpromisoa mantendu eta ekintzak geroago egitea adostu dute. Urtero, Kultur Astea antolatzen dute azaroan eta hainbat ekitaldi hor txertatu nahi dituztela aipatu du udaleko ordezkariak, baina guztia momentuko egoeraren araberakoa izango dela ere nabarmendu du.

 

OSTIRALA, UZTAILAK 31
ALTZO
San Inazio eguna

Goiz eresia herriko txistulariekin.
19:00. Bertso jaialdia. Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Aitor Mendiluze, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Eli Pagola. Gai jartzailea: Manu Olano.

ASTELEHENA, ABUZTUAK 3
LARRAUL
San Esteban eguna

18:30. Bertso saioa Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita, Iker Zubeldia eta Haritz Mujikarekin. Herriko plazan, eta eguraldi txarra eginez gero frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!