Koronabirusa

«Ez dugu jende pilaketak sortzea nahi, baina kulturari bultzada ematea ere garrantzitsua da»

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 26a, 08:56

Nerea Elola, Altzoko Udaleko Festa batzordeko zinegotzia, udako kultur ekintzen egitarauari buruz aritu da. Segurtasun neurriak kontuan hartuta antolatu dituzte ekintzak eta neurrietako batzuk zerrendatu ditu: «Derrigorrezkoa izango da maskara uneoro jarrita eramatea eta publiko guztia eserita egongo da». Ikuskizunetara joateko gonbidapenak udaletxean hartu beharko dira eta herritarrek lehentasuna edukiko dute.

Festetako egitaraua da ala kultur ekitaldiak dira?

Festak antolatzen hasita geunden. Baina ezin direnez egin, kultur aldetik lantzea erabaki genuen. Festak izaten diren egun zehatz horietan zerbait antolatu dugu, hutsik ez uzteagatik, baina ez da festa egitarau bat.

Zertan ezberdintzen da egitarau hau festa egitarau batetik?

Ekintzak uda guztian zehar antolatzen direla. Nahiz eta festak izaten diren egunetan ekintzaren bat antolatu dugun, udako hilabeteetan dago banatuta egitaraua. Errazena ezer ez egitea da, baina kultura ere mugitu behar da; kaltetuena dagoen sektoreetako bat delako. Ez dugu jende pilaketarik sortzea nahi; beraz, festarik ezin da egin, baina kulturari bultzada ematea ere garrantzitsua da.

Zergatik da garrantzitsua kultur ekitaldiak mantentzea?

Gehienbat, kultura kaltetuen dagoen sektoreetako bat delako. Hori kontuan hartuta, arrazoi nagusietako bat kultura mugiaraztea izan da, eta momentu honetan indarrean dauden arauen arabera, gauzak antolatzea. Errazena ezer ez antolatzea litzateke. Egia da, horrela jende pilaketak sortzea saihesten duzu, baina, ez dakit... Ahal den heinean bizitza normal apur bat egiten saiatzea ere garrantzitsua dela iruditzen zait. Herrian bizi pixka bat sortzeko ere egin dugu; gauzak ez ditugu antolatu kanpotik jendea etortzeko.

Ekintza guztiak gaua iritsi aurretik amaitzen dira.

Gazteak zein helduak parranda aukera ikusten duten momentuan, hara joaten dira. Hamabietatik aurrera zerbait antolatzen baduzu, jada festa moduko zerbait bihur daiteke; eta hori da ekidin nahi duguna. Bide horretatik, demagun, bertso saio bat egin nahi dugula. Egokiena arratsaldeko zortzietan hasi eta hamarretarako bukatuta egotea litzateke, eta amaitzean, etxera; ez dago horren segidako ezer. Jendeak parranda egiteko aitzakia edukitzea saihestu nahi dugu. Ekintzak antolatu bai, baina arduraz.

Kanpotik jendea etortzeko aukera aurreikusten duzu?

Guk argi daukagu, eta argi utzi nahi dugu, antolatu ditugun ekintzak Altzoko herritarrentzat direla. Momentu honetan jende pilaketak ekidin egin behar dira. Ez dugu publizitaterik egingo, ez dugulako inguruko jendea etortzea nahi, egoerak hala eskatzen duelako. Egingo ditugun kultur ekitaldi guztietara joateko gonbidapenak beharko dira udaletxean hartu beharko dira, gehienez bi gonbidapen pertsonako. Ekintzaren eguna gerturatu eta gonbidapenak soberan badaude, orduan irekiko da agian; baina lehenik herritarrei eskainiko zaizkie. Herriari begira antolatu dugu egitaraua.

Herri guztiek jokabide bera eduki beharko lukete?

Festa egin edo ez erabakitzeko, inguruko udaletara deika aritu nintzen haiek zer egin behar zuten jakiteko helburuarekin. Agian ez du ematen, baina herri bakoitzeko errealitatea ezberdina da. Altzon, esaterako, zerbait antolatzen badugu eta gaueko hamarretarako bukatzen bada, kito, dena amaitu da. Baina, kasurako, Alegia batean gauza bera antolatuta, amaitzen denean jendeak agian poteoan jarraituko du, aukera hori badagoelako, herriaren ezaugarriek ematen dutelako. Beraz, herri bakoitzak ikusi behar du zein ezaugarri dituen: parrandarako aukerarik ematen ote duen, herritarrak nola mugitzen diren... Eta horren arabera, erabakiak hartu.

Nik bakoitzak berea egitea egokiagoa ikusten dut. Udal bakoitzak ezagutzen duelako bere herria ondoen. Komunikazioa edukitzea ona da, noski. Elkarren berri jakitea garrantzitsua da, eta hobeto antolatzen gara ondokoek zer egingo duten jakinda.

Erlazionatuak

Ziurgabetasuna, gida eta arau

Aitor Arroyo Askarai 2020 uzt 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!