Koronabirusa

«Jendea parte hartu gabe geratzea ez zaigu egokia iruditzen»

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 26a, 08:57

Nagore Zubillaga Ibarrako Udaleko Kultur zinegotzia da eta jaiak bertan behera geratu direla azaldu du.

Festak antolatzen dituen batzordeko kide da beste hainbat herri eragilerekin batera, eta bere hitzetan, «segurtasuna mantentzeko zailtasunak» direla-eta geratuko dira bertan behera San Bartolome jaiak. Batzordea osatzen duten eragile ia guztiek bat egin dute hartutako erabakiarekin eta albisteak herrian onarpena eduki duela adierazi du Zubillagak. Irailean berriro bilduko da Festa batzordea eta, momentuko egoeraren arabera, aparteko ekintzarik antolatzea posible den erabakiko dute.

Zergatik hartu duzue festak bertan behera uzteko erabakia?

Erabaki hori uztailaren hasieran hartu genuen. Ibarran festak beti festa batzordeak antolatzen ditu, udalarekin elkarlanean. Hainbat arrazoi zirela-eta hartu genuen erabakia. Alde batetik segurtasun neurriak bermatzea zaila izango zelako; eta bestetik, egun, indarrean dagoen arautegiak festak apur bat esklusibo bihurtzen dituelako. Segurtasun distantzia eta edukiera murrizketekin, pertsona gutxi batzuk bakarrik har zezaketen parte antolatutako ekintzetan eta horrek, pena handia ematen zigun. Herriko festak herriak osotasunean parte hartzeko dira, eta jendea horretatik kanpo geratzea ez zitzaigun bidezkoa iruditzen.

Bertan behera geratu dira? Beranduago ospatzeko asmoa duzue?

Momentuz bertan behera geratu dira. Baina iraileko lehen astean beste festa batzorde bat egingo dugu, eta, egoeraren arabera, beste zerbait egitea ea posible den pentsatuko dugu. Momentuz, tradizioz festak ospatzen diren egunetan ez da ezer egingo, ezta ekintza sinbolikorik ere. Udazkenera begira zerbait egitea posible den ala ez iraileko bilera horretan erabakiko da.

Udan aparteko ekintzarik egingo duzue?

Oraingoz, ez daukagu ezer antolatuta. Egia da zerbaitekin proban hasteko asmoa bagenuela, baina azken egun hauetako joera ikusita… Momentuz dena geldirik geratu da. Ez dakit zerbait antolatzeko gai izango ote garen. Momentu honetan, behintzat, ez dago ezer aurreikusita.

Eskualde mailako erabaki baten beharra ikusten duzu?

Guztiontzat lagungarria izan daitekeela pentsatzen dut. Antzeko egoeran gaude denok; egokia litzake erabaki orokor bat edukitzea eta guztiok antzeko jokatzea. Baina egia da gauza asko izan direla korrika eta presaka erabaki beharrekoak, eta ez dugu tarterik eduki guztiok eseri eta erabaki komun bat adosteko.

Zer esango zenioke festak antolatzea erabaki duen herri bati?

Ulertzen dut bakoitzak hartzen dituen erabakiak intentzio onenarekin hartutakoak direla. Inork ez daki hartutako erabakiek ondo funtzionatuko ote duten, zehatz-mehatz jakitea ezinezkoa da. Baina ziur nago festak aurrera eramatea erabaki duten herriek dituzten segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela.

Zeintzuk dira Ibarrako Udalak hartu dituen segurtasun neurriak?

Kanpaina ezberdinak egin ditugu segurtasuna bermatze aldera. Momentu batean zabor ontziak ireki egin genituen, kutsatze maila jaitsi zenean itxi egin genituen, baina aurreko astean kutsatze kopuruek gora egin dutenean berriz ere irekitzea erabaki dugu. Udal eraikinetan segurtasun protokoloak ditugu osasuna bermatzeko eta… arau orokorrak jarraitzen ari gara.

Zer gertatuko da festak antolatzeko aurrekontuarekin?

Foru funtsaren murrizketa zela eta, aurrekontuan aldaketak egin behar izan genituen. Hortaz, jada diru bat murriztu genion festak antolatzeko zegoen kopuruari. Aurrekontuak, orokorrean, murriztu egin ditugu sail guztietan; batean izan ezik: gizarte zerbitzuetan. Gizarte zerbitzuak mantentzea lehentasuna izan da.

Festetarako gordeta dagoen dirua hor dago, momentuz, ukitu gabe; irailean zer egin erabaki arte behintzat. Ez dela erabiliko ikusiko balitz, aurretik, leku askotik kendu behar izan dugu, beraz, badago non gastatu.

Erlazionatuak

Ziurgabetasuna, gida eta arau

Aitor Arroyo Askarai 2020 uzt 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!