Pello Zelarain eta Maite Ortiz
VILLABONA. Oskar Zelarainen gurasoak
Castello II (Herrialde Katalanak). 470 kilometro.
«18 urte pasa ditu espetxean. Lehenik Frantziako espetxeetan eta gero Espainiakoetan».
«Duela pare bat aste Castello I espetxetik Castello IIra pasatu dute. Gerturatuko zuten esperantza geneukan, baina bi kartzelak elkarren aldamenean daude, 70 kilometroetara. Guretzako bidaia berdina da edo okerragoa, errepidea ez baita hain ona. Autobus eta tren konbinazioak txarrak dira eta autoz egiten dugu».
«Espetxez aldatu zutenean, segurtasun neurriak argudiatuta, astebete eduki zuten ziega batean isolatuta, patiora atera gabe, txaboloan sartuta eta beste kideekin harremanik eduki gabe».
«Oskarrek asko estimatu ditu herritarrek bidali dizkioten gutunak, beretzako arnas moduko bat izan dira».
Mila Goikoetxea
LIZARTZA. Gari Etxeberriaren ama
Sevilla II (Sevilla, Espainia). 941 kilometro.
«13 urte daramatza espetxean eta gaur egun Sevilla IIn daukate».
«Bisitan hilabetero joaten gara, normalean trenez, batetik umeek bidaia erosoago egiten dutelako, eta bestetik, lan ordutegiek baldintzatzen gaituztelako».
«Gurasook egin diogu bisita dagoeneko hiru hilabete pasa eta gero. Bisean bisekoak uztaila bukaerarako eskatuta dauzka, familiarra, elkarbizitzakoa eta intimoa. Hilabete hauetan galdutako bisitak berreskuratzeko eskaera egina dauka, baina esperantza gutxi dugu».
Maritxu Salaberria
VILLABONA. Emilio Salaberriaren arreba
Dueso (Kantabria, Espainia). 175 kilometro.
«18 urte daramatza preso. Lau espetxetik pasa da: Soto del Real, Navalcarnero, Valdemoro eta Curtis. Orain, Dueson dago. Lehen Curtisera iristen behar izaten genuen denboran, joan-etorria egiten dugu gaur egun Duesora».
«Bigarren graduan dago eta baldintza guztiak betetzen ditu kalean egoteko: 69 urte dauzka, 3/4ak beteta eta irteera pare bat egin ditu dagoeneko, baina, hala ere, ez diote hirugarren gradua ematen».
«Hiru hilabeteak nahiko gogorrak izan dira, bisitarik gabe eta prentsarik gabe pasa behar izan ditu».
«Aurten Santio festarik ez da izango eta senideentzat diru iturri inportante bat da han jartzen dugun txosna. Jairik ez baina bisitek segitzen dute».
«Pandemiak iraun bitartean, telefono deiak astean zortzi izatetik hamabira pasa dira eta bideo deiak egin ahal izan ditu astean behin, hamar minutukoak. Batez ere umeentzat garrantzitsua da aita ikustea».
Maren Egues
ELDUAIN. Anabel Eguesen iloba
Kordoba (Kordoba, Espainia). 840 kilometro.
«19 urte daramatza kartzelan. Orain Kordobako espetxean daukate. Bera da emakumezko euskal preso bakarra han».
«Funtzionario batek positibo eman zuen COVID-19an eta militarrak sartu ziren espetxe barrura garbiketa egitera».
«Borroka askoren ondoren lortu genuen bisitak larunbatetan egin ahal izatea, familiakoak elkarrekin joan ahal izateko».
«Pandemia garai honetan bideo deiak egin ahal izan ditu. Huskeria dirudi, baina etxe ataria ikusi ahal izatea beretzako gauza handia da. Adinagatik bisitak egiteko geroz eta eragozpen gehiago ditu aitak eta lotura horiek ez hausteko bideo dei horiei eusteko borroka egingo du orain».
Maribi Beldarrain
LIZARTZA. Aitor Agirrebarrenaren ama
Puerto III (Cadiz, Espainia). 1.000 kilometro.
«18 urte daramatza kartzelan. La Santé, Fleury, Soto del Real eta Puerto III espetxeak ezagutu ditu besteak beste. Urte gehienak isolamenduan pasa ditu. Duela bost urtetik modulu arruntean, baina lehen graduan daukate».
«Martxotik bisitak eta bisean bisekorik gabe egon ondoren alaba eta biok bisitatu genuen ekaina bukaeran. Kotxez egin genuen bidaia, baina bestela, autobusez edo Mirentxinen furgonetan moldatzen gara. Autobusez deseroso eta gogorra egiten zait bidaia».
«Gurekin eta kanpoan gertatzen denarekin kezkatuta egon da. Zorionez ez dute kutsaturik izan barruan, baina segurtasun neurririk ere apenas izan duten».
Alaitz Gorostidi
LEABURU. Andoni Otegiren bikotea
Almeria (Almeria, Espainia). 976 kilometro.
«18 urte daramatza espetxeratuta. 976 kilometrotara orain Almerian daukate. Normalean bidaia Mirentxinekin egiten dugu eta haiengatik ez balitz, zaila izango litzateke joatea, kotxez egiteko luzea eta gogorra baita bidaia».
«Ni joan nintzaion duela hiru aste eta segurtasunaren aitzakian motzagoa izan zen bisita. Oraindik ez dakigu zehatz noiz izango ditugun bisean bisekoak. Familiarekin egin daitezkeenak atzeratzen badituzte sei hilabete pasa ditzakete semeek aita ikusi gabe».
«Espetxe barruan ere aldatu egin zaie egunerokoa. Kanpoko jendeari ez zaio barruan sartzen uzten eta jarduera asko bertan behera geratu dira».
Kristina Iruretagoiena
TOLOSA. Luis Iruretagoiena Suni-ren arreba
Mont de Marsan (Okzitania). 258 kilometro.
«13 urte daramatza espetxean. Fleury, Fresnes, Alencon, Soto del Real eta Valdemorotik pasa eta gero orain Frantziako Mont de Marsanen dago. Gertuago geratzen da guretzako eta kotxez egiten dugu bidaia».
«Komunikazioak ezberdinak dira Frantziako espetxeetan. Nahi adina alditan hots egin dezakete telefonoz etxera. Horretarako dirua behar dute. Pandemia garaian, funtzionarioek deiak egin ahal izateko dirua eman diete presoei».
«Pandemia pasa eta gero aurrekoan egon ginen lehen aldiz. Marra gorri bat pintatu eta metro eta erdiko distantzia errespetarazten dizute. Beste era batera ohituta gaude eta zaila da anaia han bertan ikusi eta ezin besarkatu ahal izatea».
Luis Migel Besance
VILLABONA. Karlos Besanceren anaia
Huelva (Huelva, Espainia). 1.050 kilometro.
«10 urte daramatza espetxean. Bidaia egiteko lehenik autobusa hartu behar dugu Madrila joateko. Han, metroz, AVEko tren estaziora joaten gara. Sevillara iritsi eta Huelvara beste autobus bat hartu eta hara iritsitakoan kartzelara hurbiltzeko taxi bat hartu behar izaten dugu».
«Ziurgabetasun handia geneukan gaitza han barruan tokatzen bazen zer gerta ote zitekeen. Ondo egin dute, ordea, dena itxi zuten kutsaturik egon ez zedin. Funtzionarioek beraiengatik egingo zuten, noski, ez gure senideengan pentsatuta».
«Amarekin kezkatuta egon da, duela gutxi erresidentzia batean ingresatu dugulako. Senideok, ezin izan dugu ez ama ez anaia bisitatu hilabeteotan».
Olatz Gorostidi
GAZTELU. Andoni Goikoetxearen bikotea
Dueñas (Palentzia, Espainia). 293 kilometro.
«2013tik 2017ra Fleuryn egon zen preso eta 2019ko apirilean berriro atxilotu eta Palentzian daukate orain, Dueñas espetxean».
«Azken bisita martxoaren 8an izan ondoren, anaiak eta koinatak bisitatu ahal izan dute azkeneko asteetan. Animoso ikusi dute».
«Bisean biseko familiarrak eskatu ditu baina ukatu egin dizkiote, soilik elkarbizitzakoak eta intimoak onartzen dizkiete. Horretarako izatezko bikote bezala erregistratu beharra daukagu eta tramiteak egiten ari gara orain. Pandemiagatik dena luzatzen ari da».
«Espetxe barruan ez dute kutsaturik izan eta kezkarik handiena kanpokoekin izan du. Bideo deiak egiteko aukera ere izan du».
J. Inazio Guridi eta M. Pilar Lasa
VILLABONA. Iñigo Guridiren gurasoak
Jaen (Jaen, Espainia). 775 kilometro.
«19 urte daramatza kartzelan eta urte guzti hauetan espetxe asko ezagutu ditu: Valdemoro, Curtis, Puerto I, Puerto II eta gaur egun Jaenen dago. Lehen graduan dago, baina bigarren graduko moduluan daukate».
«Egunean lau ordu patiora ateratzeko eskubidea du, baina ordubete baino ez diote uzten. Patio orduak lortzeko, protestaren bat eginez gero, bertako psikologoek esaten diote, beraiena kontu politikoa denez, bere erreklamazioak haizeak eramaten dituela».
«Bidaia luzea da haraino eta guk geroz eta zailtasun gehiago dauzkagu, adinagatik. Ez arriskatzeko esaten digu. Gu joan baino bera dela hona ekarri behar dutena. Orain dela garaia».
Arantxa Zabaleta
VILLABONA. Manex Castroren ama
Puerto III (Cadiz, Espainia). 1.015 kilometro.
«11 urte daramatza espetxean. Hasieran Picassenten eduki zuten, baina azken urteak Cadizen daramatza».
«Bi ume txiki ditu, 7 urteko alaba eta 2 urteko semea. Neska-laguna aurrekoan joan zitzaion Mirentxineko furgonetan. Umeekin autobusez joan beharra dago, ordea, bidaia luzea delako eta umeak behintzat literetan lo joan daitezkeelako».
«Oraindik ez diete esan noiz egin ahal izango dituzten bisean biseko familiarrak».
«Espetxe barruan ez da inor kutsatu, baina asteburuetan ateratzen hasi direnak, berriz ere kartzelara bueltatzen direnean astebetez edukitzen dituzte isolatuta».
«Ikaragarrizko beroa pasatzen dutela dio».