Koronabirusa

Distantziamendu behartua, aspalditik

Jon Miranda Labaien 2020ko uzt. 19a, 05:59

Tolosaldeko euskal presoek ia hiru hilabete eman dituzte, bakartuta, euren senideen bisitarik jaso gabe. Barruan daudenengatik kezkatuta, bidaiei ekin dietenean baldintzak are gehiago okertu zaizkie senideei. Oraingoz, bisean bisekoak galarazita dauzkate.

Lehenago bakartuta bazeuzkaten, oraindik ere gehiago isolatu dituzte euskal presoak COVID-19aren pandemia garaian. Konfinamendua arintzeko neurriak hartu ahala, elkarrenganako harremanak berreskuratzen joan gara kalean, baina presoek ezin izan dituzte euren senideen bisitak jaso espetxe barruan. Ekaina bukatzen ari zela, pixkanaka, hasi dira aurrez aurreko bisitak, kristala tarteko zela, baina bisean bisekoak, estutuak eta besarkadak oraindik galarazita dauzkate. «Normaltasun berria deitzen dioten hori, are beranduago iristen ari da kartzeletara, eta oraindik ere gehiago luzatzen dute euskal presoekin», aipatu du Jon Ijurko Tolosaldeko Etxerat elkarteko kideak. 

Ziurgabetasun handiko hilabeteak izan dira azkenekoak eta eskualdeko euskal presoen senideek kezkaz bizi izan dute espetxe barruan gerta zitekeena. Horrela adierazi du Luis Migel Besance, Karlos Besance billabonatarraren anaiak: «Gaitza han barruan sartzen bada, akabo. Denak kutsatuko lirateke». Eremu itxia da kartzela, «arriskutsua» senideen esanetan, eta gaixotasun larriak dituzten pertsonak bizi dira barruan. Horrek biderkatu egiten du kutsatzeko aukera. Maider Agirrebarrena, Aitor Agirrebarrena lizartzarraren arrebak esan du, koronabirusak zigorra bikoiztu egin diela euskal presoei. Gari Etxeberriaren ama da Mila Goikoetxea: «Funtzionarioei ordu batzuetarako baino balio ez duten musukoak ematen zizkieten, hilean behin bakarrik. Presoei, berriz, ezer ez. Segurantza gutxirekin ibili dira. Hasiera batean korridoreak garbitu zituzten eta gure semeari-eta ziega desinfektatzeko soilik astean bitan balde bat ur ematen zieten lixiba txorrota batekin».

Maritxu Salaberria, Emilio Salaberriaren arrebak ziurtatu du COVID-19a ekiditeko neurri gutxi hartu dituztela Duesoko espetxean. «Maskararik ez diete eman eta jantokira bi txandatan jaitsi dituzte, baina gero patioan denak elkarrekin ibili dira». Emilio Salaberriak ezbehar txiki bat izan zuen behin pandemia hasita eta ospitalera eraman behar izan zuten; handik espetxera ekarri zutenean, astebetez eduki zuten isolatuta. Oskar Zelarain preso billabonatarra ere, duela hiru bat aste aldatu zuten kartzelaz, Castelló I-etik Castelló II-ra. Pello Zelarain aitak Euskal Herrira gerturatuko zutenaren esperantza zuen, baina lehen baino 70 kilometro gertuago baino ez daukate orain, «huskeria bat». Espetxez aldatzerakoan astebetez isolatuta eduki dute Zelarain, ziegatik atera gabe eta beste presoekin inongo harremanik eduki gabe. «Zakurrei bezala jatekoa atean uzten zioten», esan du Maite Ortiz, Oskar Zelarainen amak.

Jokabide horietara ohituta daudela dio Alaitz Gorostidi, Andoni Otegi leaburuarraren bikoteak: «Funtzionarioek errazena egin dute, kartzela erabat itxi. Bost axola zaizkie gure senideen eskubideak eta gehixeago estutu baditzakete egin egingo dute». Presoei espetxe barruko funtzionamendua ere aldatu egin zaiela dio Gorostidik, pandemiaren aitzakian hainbat ekintza koordinatzen dituzten pertsonei sarbidea ukatu zaielako kartzelan. «Nahasmendu handiagoa dute orain barruan».

Lehen aldiz bideo deiak

Konfinamenduak iraun duen garaian, presoek bisitak galarazita eduki dituzte. Telefono edo bideo deiak izan dira euren senideekin harremana izateko modu bakarra. Luis Iruretagoiena Suni tolosarra da Frantziako estatuan espetxeratuta daukaten eskualdeko preso bakarra. Mont de Marsanen ez diete telefono deiak egiteko mugarik jartzen, nahi adina alditan hots egin dezake etxera, Kristina Iruretagoiena arrebak nabarmendu duenez: «Deiak egiteko dirua behar dute, hori bai, eta konfinamenduak iraun duen bitartean anaiak esan dit funtzionarioek dirua eman dietela deiak egin ahal izateko».

Espainiako estatuko kartzeletan berriz, ez ohiko egoerak iraun duen bitartean, telefono deiak ugaritu dizkiete presoei, eta lehen aldiz, bideo deiak egiteko aukera eman diete. Joseba anaiaren hitzetan, Anabel Egues elduaindarrak, hainbeste urteren ondoren, bere jaiotetxea ikusteko aukera izan du berriro: «Gure aitak baditu 84 urte eta geroz eta zailagoa egiten zaio Kordobara bidaiatzea. Bideo deiak aitarekin eta bere ingurunearekin lotura mantentzeko modua dira eta Anabelek esana du borrokatuko duela aurrerantzean ere bideo deiak mantendu ditzaten». Senideek, oro har, uste dute bisean bisekoak hasi ahala presoei kendu egingo dietela bideo deien eskubidea. Susmoarekin bat dator Joseba Egues: «Hauek oparitzeko ez daukate ezer».

Ekaina bukaeratik hasiak dira familiartekoak preso duten senidea bisitatzen, eta honenbestez, errepideetara ateratzen. Maria Pilar Lasa Iñigo Guridi billabonatarraren ama da eta kezkatuta agertu da semea bisitatzeko Jaeneraino egin beharreko bidaiengatik: «Adinean aurrera goaz eta semeak dio gu ez arriskatzeko, guk ez dugula zertan haruntza joan behar, bera dela hona ekarri behar dutena». COVID-19aren agerraldiak toki askotan azaltzen ari direnean Luis Migel Besancek dio lehenaz gainera, orain beste arrisku bat gehitu zaiela senideei: «Nik, esate baterako, Huelvara joateko, autobusa, metroa, trena eta taxia hartu behar ditut. Pentsa zenbat jenderekin gurutzatuko naizen bide horretan».

Bidaiaren baldintzak ere aldatu egin dira. «Tren eta autobusetan aforoa mugatua denez, txartelaren prezioa igo egin dute. Gainera, bidaiak musukoa jarrita egin behar dira eta pentsa gu bezala Sevillaraino joan behar izanez gero. Are gogorragoa da orain», dio Mila Goikoetxeak. Senideek izugarri eskertzen dute Mirentxin ekimeneko boluntarioek egiten duten lana eta aitortzen dute haiengatik ez balitz «zailagoa» litzatekeela bidaia. «Askotan ez da espetxea non dagoen, baizik eta garraio publikoa erabiliz hara iristeko zein aukera duzun. Almeriara joateko, adibidez, konbinazioak ia ezinezkoak dira», aipatu du Alaitz Gorostidik.

Presoen sakabanaketak 31 urte

Oraingoz euskal presoek, kristala tarteko dutela, aurrez aurreko bisitak izan dituzte eta bisean bisekoak hurrengo asteetan izatea espero dute. Intimoak eta elkarbizitzakoak lehenetsiko dituztela uste dute senideek, eta bisean biseko familiarrak atzeratu.

Azkeneko urtebetean, Espainiako gobernuak zenbait euskal preso mugitu ditu Euskal Herri inguruko kartzeletara. Tolosaldeko, gehienek, ordea, urrun jarraitzen dute, euren etxeetatik, bataz beste, 708 kilometroetara. «Duela 31 urte martxan jarritako dispertsio politikak lehenbailehen bukatu behar du. Bai ala bai. Bestela demokrazia hitza hutsala geratzen da, ezertarako balio ez duena», adierazi du Ijurkok. Senideek errepideetan bizi behar izaten duten arriskua eta gastu ekonomikoak aipatu dituzte eta horren gainetik bidean galdu dituzten familiartekoak, 16 guztira.

Esteban Nieto gogoratuz, Amarotzen dagoen izar gorriaren alboan egin nahi izan dute hitzordua senideek Tolosaldeko Atariarekin. Minbizia zuen arren denbora luzez espetxean izan zuten, eta libre utzi eta hilabete gutxiren buruan hil zen 1999an. Haren anaia Leok, berriz, Puerto de Santa Mariako espetxean Esteban bisitatu eta Euskal Herrirako bidean zela istripua izan zuen 1989an. Zango bat galdu zuen, eta oinaze handiak utzi zizkion. 2004an zendu zen.

Zentzu osoa hartu dute Anabel Eguesen iloba Marenen hitzek: «Gizartearen azken hondarraren hondarra ere ez dira gure senideak. Koronabirus garai hauetan gabeziak ehun aldiz biderkatu dira espetxeetan. Etxean eta bizirik nahi ditugu».

Erlazionatuak

Senideen adierazpenak

Jon Miranda Labaien 2020 uzt 19 Tolosaldea

Suitzatik

Nekane Txapartegi 2020 uzt 19 Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!