Koronabirusa

Suitzatik

Nekane Txapartegi 2020ko uzt. 19a, 05:57

Iheslari politiko asteasuarraren mezua Suitzatik, COVID-19ak preso zein iheslari eta senideengan duen eraginaz.

Nekane Txapartegi
Iheslari politikoa Suitzan. 1.200 kilometro.

"Pandemiak gure etxeak kartzela bihurtu ditu eta gure seme-alabak preso. Horrela sentitu eta bizitu dut pandemiako salbuespen garaia. Baina gure bizitza ez al da etengabeko salbuespen egoera eta baita jaio zirenetik gure seme-alabena ere? Ez al zeuden gure seme-alabak lehendik ere preso, barroterik gabeko espetxeetan, ihesean, lotuak eta zigortuak, gu suntsitzeko eta zigortzeko mendeku politikaren menpe?

Eta gure senideak? Urte luze guzti hauetan gure senide, lagun eta gertukoak izan dira preso eta iheslarientzat elkartasuna eta zaintza lanak egin dituztenak. Astebururo bisitak eginez, oporretan besarkatuz, beraien soldataren zati handi bat gastatuz, herriarekin lotura eginez. Pandemia garaian, ordea, beraiek ere preso egotean, isolamendua areagotu egin da. Pandemian hartutako neurriek agerian jarri dute, presoek, oro har, eta bereziki euskal preso politikoek, luze bizi duten mendeku politika. Segurtasunaren izenean, makinaria zapaltzaile osoa martxan jarri dute, bisitak kentzean presoak isolatuta, zaurgarriagoak eginez, presoen bizitzak ez zaizkiela axola erakutsiz, segurtasuna eta mendekua lehenetsiz, presoon bizitzaren aurretik. Etxekoak berriz, ezjakintasunez kezkatuta presoen telefono deien zain. Gu beraiengatik kezkatuta, jakin nahian, eta beraiek gugatik, gurpil zoroan harrapatuak…

Min ematen zidan etxekoekin telefonoz edo Skypez ari ginenean, edota argazkiak ikusterakoan, batez ere, umeak, ilobak, balkoietan preso zeudela sentitzeak. Mina sentitu dut, baita ere, urte luze guzti hauetan nik egin ezin izan dudana, ama fisikoki bisitatzea, nire anai-arrebek eta gainerako senideek ere bizi behar izan dutelako. Ama bisitatzea. Ama besarkatzea. Nik ezin izan dut iheslari politikoa naizelako, eta oraingoan, beraiek ezin izan dute egin, sistemaren krisian, pandemiaren izenean hartu diren neurriek ukatu egin dietelako". 

Amorrua, berriz, kendu diguten erabakitzeko autonomiagatik. Agintariek erabaki dute, itxuraz, haiek jakin badakitelako guretzat zer den ona. Guda bezala saldu nahi digutenaren aurrean salbatzaileak bailiran agertzen zaizkigu. Gure senideek kapitalarentzat produzitzen jarraitu behar zuten, baina beraien gertukoak besarkatzea, bisitatzea, maitatzea… debekatua zuten. 

Beraz, hori da sentitu duguna hemendik. Denok preso geundela. Batzuk lehenagotik eta beste batzuk, esan bezala, pandemia garaian. Garaia da, denok batera aska gaitezen.

Erlazionatuak

Distantziamendu behartua, aspalditik

Jon Miranda Labaien 2020 uzt 19 Tolosaldea

Senideen adierazpenak

Jon Miranda Labaien 2020 uzt 19 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!