Eskualdeko herritarrak uztailaren 12ko hautagaitzetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 16a, 19:59

Bakartxo Tejeria izango da EAJko Gipuzkoako zerrendaburua eta EH Bilduko hautagaitzan seigarren tokia beteko du Ibai Iriartek, Tolosako alkate ohiak.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara behin betiko aurkeztutako hautagai-zerrendak argitaratu dira gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Gipuzkoan, hamalau alderdi aurkeztu dira. Orain dela lau urte, 2016an, hamaika zerrenda aurkeztu ziren.

Hona hemen hautagaitzak:

  • 1.- Euskal Herria Bildu Federazioa  (EH BILDU)
  • 2.- Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV)
  • 3.- Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
  • 4.- Animalien tratu txarren kontrako alderdi animalista (PACMA)
  • 5.- Libres por Euskadi (LxE)
  • 6.- Aulki Zuriak  (EB/AZ)
  • 7.- Bidezko Mundurantz ( PUM+J)
  • 8.- Equo Berdeak Euskadi
  • 9.- VOX
  • 10.- PP+Cs
  • 11.- Union Cristiano Democrata Española (UCDE)
  • 12.- Elkarrekin Podemos
  • 13.- Recortes Cero-Solidaria-Los Verdes (Recortes Cero-LV-S)
  • 14.- Alderdi Libertarioa

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 25 eserleku banatu ziren Gipuzkoan. 9 legebiltzarkide eskuratu zituen EAJk, 8 EH Bilduk, hiruna Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk eta 2 PPk. Legebiltzarkide aukeratu zituzten eskualdeko hainbat herritar, besteak beste, Bakarxo Tejeria eta Luke Uribe-Etxeberria EAJtik eta Pili Zabala Elkarrekin Podemosetik. Tejeria bigarren eta Zabala zerrendaburu izan ziren duela lau urte.

Uztailaren 12ko hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendaburu izango da Bakartxo Tejeria jeltzalea. 2001etik da legebiltzarkide eta azkeneko zortzi urteak eman ditu Eusko Legebiltzarreko lehendakari. Amasa-Villabonako alkate izan zen 2003tik 2007ra. EAJk Gipuzkoan aurkezten duen zerrendan 16. postua betetzen du Joana Ezkiaga tolosarrak eta 19.a Olatz Peon, egungo Tolosako alkateak.

Peonen aurreko alkate Ibai Iriarte EH Bilduko zerrendetan aurkeztuko da uztailaren 12ko hauteskundeetara. 2011tik 2015era izan zen Tolosako alkate, eta ondoren zinegotzi, 2019ko maiatzera arte. Seigarren tokia beteko du koalizio abertzaleak aurkeztu eta Maddalen Iriarte buru duen zerrendan eta berekin batera eskualdeko herritar gehiago joango dira: 14. postuan Dani Lopez tolosarra, 21. postuan Mari Carmen Eizmendi tolosarra, eta zerrenda itxiz 25. postuan, Eneko Maioz Orexako alkatea.

PSE-EEk Eneko Andueza buru duen zerrenda aurkeztu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Tolosaldeko herritarrak ere joango dira hautagaitzan. Tolosan zinegotzi den Joxe Mari Villanueva 15. postuan ageri da eta Zizurkilen zinegotzi den Jose Antonio Sanchez 21.ean.

Elkarrekin Podemosek David Soto aukeratu du Gipuzkoan hautagaitza gidatzeko, eta honenbestez, duela lau urte Pili Zabalak bete zuen tokia beteko du. Tolosarrak politikagintza utziko duela iragarri du legealdia bukatzearekin batera. Amasa-Villabonako zirkuluko militante Carmen Salidok izena eman du Elkarrekin Podemosen hautagaitzan eta 17. tokia beteko du. Gipuzkoako zerrenda itxiko du Antton Karrera Ezker Anitza-IUko militante amezketarrak.

Koalizioan aurkeztuko dira PP eta Ciudadanos alderdiak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara eta Gipuzkoako hautagaitza gidatuko du Muriel Larreak. Zerrenda horretan 16. postua beteko du Pello Atxukarrok, Tolosan udal hauteskundeetan PPko alkategai aurkeztu izan denak.

Zerrenda guztiak ikusgai hemen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!