«Gauzak erradikaltzen direnean, ez zait batere gustatzen»

Jon Miranda Labaien 2017ko ots. 5a, 09:49

Memoria eta bizikidetzari buruzko lantaldea sortu bezperan hartu dio harrera Bakartxo Tejeriak (Larraul, 1971) TOLOSALDEKO ATARIA-ri Eusko Legebiltzarrean. PP ez beste talde guztien babesarekin egin du aurrera ponentzia sortzeko proposamenak, eta hortaz, adostasun zabalarekin hasiko da lanean. Parlamentuko lehendakariaren esanetan, «ezertara iritsi nahi badugu, bai ala bai, akordioetara iritsi behar dugu». Hasi berria den legealdian, memoria eta bizikidetzari buruzko lantaldeaz gainera, autogobernuaren ingurukoa ere osatu beharko dela aipatu du eta zerrendatu ditu datozen lau urteetarako ikusmiran dituzten legeak.

Legegintzaldi hasierak «iskanbilatsuak» izaten direla esan du Tejeriak eta aitortu du normala izaten dela hori, talde parlamentario bakoitzak bere tokia aurkitu bitartean. «Legebiltzarkideen artean harremanak hasi, taldeak elkarrekin batzordeetan lana abiatu eta konfiantza sareak sortzen direnean, orduan hasten dira akordioak». Horrela gertatu zen 2012-2016 legealdian eta gehiengo absoluturik gabe, gobernua sostengatzen zuen EAJk akordioetara iritsi behar izan zuen oposizioarekin. Legebiltzarreko presidenteak EH Bildurekin adostutako Euskadiko Toki Erakundeen Legea hartu du adibidetzat.

Aurreko agintaldiaren bigarren partean alderdi jeltzaleak sozialistekin egindako itunaren ondotik sortu zen adostasun giroa izango da urrian abiatu zen XI. Legealdiaren ezaugarrietako bat, baina ez bakarra Tejeriaren ustez lehen ez zegoen aktore bat izango baita legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos. «Indartsu sartu dira hamaika kiderekin eta oposizioan egon nahi dutela adierazi dute argi. Nik esango nieke badagoela oposizio konstruktiboa egitea eta horretara gonbidatzen ditut».

Akordioetara iristeko borondatea berezkoa duela uste du Larraulen jaiotako politikariak. «Nik uste badudala ezkerreko eskua eta harremanetarako gaitasuna. Nirekin egon denak badaki erraza dela nirekin ados jartzea edo behintzat, akordiorik ez badago, ez dudala gustuko bueltaka ibiltzea, ika-mika betean eta gauza berdinaren inguruan itzulinguruka». Ez du gustuko bazterrak nahasten ibiltzea eta ordena eta errespetua maite dituela esan du.

2001etik da Gasteizko Legebiltzarreko kide eta urte guzti hauetan batzorde ezberdinetan aritu da: gizarte gaietan, nekazaritzan edota osasun batzordean. «Denetarik ukitu dut, eta hortaz, denetarik ikasteko aukera izan dut». Kexu da ordea, egindako lan guzti horrek gutxietan izaten duelako oihartzuna komunikabideetan. «Lehen lerroko parlamentariek hitz egiten dutenean, horiek bai, arreta guztia bereganatzen dute. Hala ere, jendeak uste duena baino hitzartze gehiago egoten dira legebiltzarrean eta lan handia egiten da batzordeetan». Inurri lanean, atzetik egiten den horretan sentitzen da erosoen Tejeria eta ez hainbeste tribunan bere postura defendatu behar izan duenean: «Ez naiz ni hizlari trebea, badira etorri izugarria duten legebiltzarkideak eta haiekin ados egon edo ez, belarria gozarazten dizutenak». Izen bategatik galdetuta zalantza egin du, aitortu du alderdi guztietan daudela hiztun onak, baina bere taldekide Joseba Egibar nabarmendu du guztien artean. «Ona, benetan ona da».

Ez du ezkutatu gertukoa duela GBBko presidentea eta haren eskutik sartu zela politikan: «Laguna dut eta niretzat konfiantzazkoa da. Bidai asko egin ditut autoz Gipuzkoatik Gasteizera berarekin eta berak jakinarazi zidan nire izena zebilela dantzan Eusko Legebiltzarreko lehendakari izateko». 2012an gertatu zen hori eta orduan zenbait iturrik baieztatu zuten EAJren baitako bi sektoreen Gipuzkoako eta Bizkaiko artean egindako itunaren emaitza izan zela Tejeriaren hautagaitza presidentetzarako. «Exekutibetan gertatzen direnak bertan geratzen dira. Nik ez dut inoiz arazorik izan ez batzuekin ez besteekin eta alderdiaren buru batzarrak proposatutako nire hautagaitza, batzokietan berretsi zen. Ez dut sekula, inondik, ezer txarrik sumatu».

Legebiltzarreko lehendakari izateko hautagai izendatu eta hauteskundeak irabazi ondoren, EAJren aldeko botoekin iritsi zen kargura, aitortzen duenez «beldurtuta». Gerora, ordea, hartu dio tamaina lanari eta zereginez betetako agendari egin behar izaten dio aurre egunero. Gainerako alderdietako kideekin osatutako Legebiltzarreko mahaian egiten du lan eta zein ekimen onartzen diren, zein baztertu, zein gai eramaten diren plenora eta osoko bilkura horretan landuko den gai zerrenda osatzen jarduten du. Organorik «garrantzitsuena» bezala definitu du Tejeriak parlamentua, han onartzen baitira legeak. «Nire zeregina debate horietan hitza ematea (edo kentzea) da gauzak errespetu osoz eztabaidatu daitezen. Askotan, nahiz eta nik sortu ez, eztabaidaren erdian aurkitzen dut neure burua eta bakea jarri behar izaten dut». Erantzukizun instituzionala sentitzen du bere lanean, parlamentua instituzioa, «guztiona, herritar denona eta bere horretan mantendu behar da, ez da politizatu behar». Bere lanean objektiboa izaten saiatzen dela dio, «nahiz eta beti dauden kritikak».

Ordezkaritza lana egitea ere egokitzen zaio Legebiltzarreko lehendakariari. Harrera egiten die beste herrialdeetako enbaxadore eta parlamentuetako buruei eta bisita mordoa jasotzen ditu Gasteizko Legebiltzarreko egoitzan: «Elkarte asko etortzen dira, proiektu eta ekimenak esplikatzera eta arazoekin etortzen zaizkigunean, irtenbidea ematen saiatzen gara». Eta gonbidapenak milaka jasotzen ditu Tejeriak, instituzioa ordezkatuz, klase guztietako ekitaldietan parte hartzeko.

Gasteiz - Donostia

«Ekitaldi bat arratsaldeko zazpietan hasten bada, etxera iristerako, gutxienez, bederatziak izaten dira». Ez da erraza kontziliazioa, ez emakumeentzat ezta gizonezkoentzat ere, eta ohiturak aldatzea «kosta» egingo zaigula dio parlamentuko buruak. Lau seme-alaben ama da eta aitortzen du nahiko lukeela etxean bere umeekin egon, «baina nik bezala ile-apaindegian edo unibertsitatean lan egiten duenak ere bai».

Pribilegiatutzat dauka bere burua, hala ere, politikan inoiz ez duelako bereizkeriarik sentitu emakume izateagatik. «Ez dut nabaritu». Ez zaio iruditzen zailagoa egin zaionik bidea eta hori aurreko belaunaldiek egindako lanari esker izan dela uste du. «Nire alderdian, gizon eta emakumeen eskubideen alde lan handia egin da. Parlamentuko nire taldean berdin-berdina da legebiltzarkide gizonezko edo emakumezko izan, ez dago desberdintasunik». Urrian abiatu zen legealdian 75 legebiltzarkideetatik 41 dira emakumezkoak gehiengoa eta frankismo ondotik osatu zen lehen legebiltzarrean 4 baino ez ziren. «Izugarrizko saltoa egin da, pentsa nola aldatu diren gauzak».

Feministatzat al du bere burua Bakartxo Tejeriak? «Feministen definizioari begiratuz gero, alegia, gizonen eta emakumeen eskubide berdintasunaren alde egotea bada, orduan bai, bat nator. Gero, feminismoa nola erabiltzen den edo aldarrikapenak nola egiten diren, horretan beharbada ez nago beti ados. Gauzak erradikaltzen direnean, ez zait batere gustatzen». Definizioak definizio oraindik berdintasun «efektiboa eta erreala» lortzeko lan asko egin beharko dela onartzen du presidenteak.

Inguruan duen jendeak barneratua du berdintasunaren gaia eta arreta berezia jartzen du erantzunkidetasunean, «etxe batean egon bi emakume, bi gizon edo gizon eta emakumea, zaintzaren gaia elkarrekin eramatea da kontua. Disfrutatzeko eta etxekoekin gozatzeko aukera ematen dizu horrela antolatzeak».

Saiatzen da horrela egiten etxekoekin, Donostian. Gipuzkoako hiriburua du bizileku Tejeriak eta bertan «oso gustura» bizi dela dio. «Egia esan behar badut nik ez nuen inoiz pentsatu Villabonatik aterako nintzenik. Niretzako Villabona zen munduko tokirik politena eta bizitzeko onena».

Donostia - Villabona

Politikan sartzerakoan, gauzak aldatu egiten dira. «Beharbada hasieran denekin ondo eramaten zara, gero batzuekin gaizki moldatzen hasi eta ez zaituzte ondo ikusten; edo akaso, gauza guztiak ere ez dituzu ondo egin». Mundu guztiari pasatzen zaion gauza dela dio eta Villabona herri txikia izanik bizikidetza «konplikatzen» hasten dela.

Ez zitzaizkion garai erosoenak egokitu Tejeriari politikan jarduteko. 1999. urtean sartu zen udalean EAJko zinegotzi gisa eta 2003tik 2007ra alkate izan zen, ezker abertzalea legez kanporatua izan zen garaian. «Esaten dute, alkate izendatzen zaituzten eguna dela onena, hurrengo egunetik aurrera arazo guztiak mahai gainean dituzulako, baina nik aitortzen dut izendapenaren momentua ez zela gozoa izan, iskanbila handiak izan ziren». EAJ-EA koalizioak, 13 zinegotzietatik 10 eskuratu zituen udal hauteskunde haietan. «Egia da, tokatzen zitzaizkigunak baino zinegotzi gehiago genituela, gure kasuan bi gehiago. Baina, hala eta guztiz ere, bi horiek kontuan hartu gabe, zortzirekin gehiengo osoa geneukan». Aurreko alkate Maixabel Arrietaren eskutik jaso beharreko aginte-makila ez zioten pasa, «ez zitzaien iruditu eman behar zitzaidanik», baina lau urte pasata berari egokitu zitzaion berriz ere Arrietari makila pasatzea, «eta noski, pasa nion, legez berari horrela zegokiolako». Ez du arrangurarekin kontatzen. Ulertzen du garaiko egoera politikoa horrelakoa zela eta tentsio handia bizi zela udaletxean eta baita legebiltzarrean ere.

Garrantzia kendu nahi izan die Uzturre abokatu bulegoko kide zela, Tolosan, jaso izandako erasoei. «Lau emakumezkok eta gizonezko batek osatu genuen bulegoa eta konkretuki horietako bati, gure alderdikidea zenari baserria erre zioten. Pintaketa batzuk eta lehergailu txiki bat ere jarri ziguten. Orduan iruditzen zitzaigun, hori ezer gutxi zela, gauza larriagoak ia egunero gertatzen zirelako». Zuzenbide ikasketak egin ondoren izan zuen lehen lan esperientzia izan zen abokatu bulegoarena, ikasten ari zen bitartean, Villabonako bake epaile gisa ere eman zituen arren zenbait hilabete. «Berez, epaile izateko oposizioak prestatzen ere hasi nintzen, baina gero abokatutza, legebiltzarkide izan, zinegotzi herrian... gauza gehiegi ziren eta horrelakoetan ezin dira gauza denak ondo egin. Pixkanaka abokatu bezala nire jarduera jaisten joan zen».

Kontatzen duenez, ia oharkabean egin zuen politikarako saltoa bere herrian. «Karrera ikasten ari nintzela, alderdi jeltzaleko kide bat, zehazki Xabi Zabala gerturatu zitzaidan, zerrendarako jende gaztea behar zuela esanez. Azkeneko tokian jartzeko eskatu nion, baina gero pixkanaka hautagaitzan gora egin eta zinegotzi atera nintzen, 28 urte nituela». Oso gustuko du udalgintza, gertuko instituzioa dela iruditzen baitzaio Tejeriari. «Lehen pausoa, lehen harremana herritarrekin udaletxean izaten duzu. Bertako ateak irekita egon behar dute, jendeak esateko dituenak esan ditzan, udal ordezkariak kritikatzeko eta behar duten hori eskatzeko. Gertuko lana da eta oso polita. Erabaki bat hartzen duzunean, onerako edo txarrerako, emaitza berehala ikusten duzu».

Amasa-Villabonan bizi izan zen artean, «oso kaleko» bizimodua egin izana du gogoan legebiltzarreko lehendakariak. Larrea auzoan bizi zen eta txikitako oroitzapen onak gordetzen ditu, nola adin ezberdinetako umeak kalean elkarrekin jolasean ibiltzen ziren, «txikiak beti zaharren segidan». Dantzan ere, hiru urte zituela hasi zen Oinkari taldean eta hamaika urte arte ibili zen herriz herri. Hala ere, gogoan du lehenengo dantza saioa Amasako San Martinetan egin zutela.

Batxilergo ikasketak Tolosako Orixen egin zituen arren, Oinarrizko Hezkuntza Orokorra deitzen zitzaiona, orduan Jesusen Bihotza izena duen ikastolan egin zuen. «Zorrotzak» zirela du gogoan, baina «ondo» erakutsi zietela. Gogoan ditu irakasle izan zituen Mari Carmen, Esther, Juan Mari eta Don Juan apaiza. Berriki bete ditu 50 urte Villabonako ikastolak eta handik atera zen lehenengo belaunaldietako bat izan zen Tejeriarena.

Astegunak pasatzen zituen Villabonan, eskola, solfeoa, katekesia eta bere adineko umeekin jolasean, eta asteburuak bere jaioterrian ematen zituen, Larraulen.

Villabona - Larraul

Larraulgo Larrola baserrikoa da Bakartxo Tejeria eta lau senide dira, hiru neska eta mutil bakarra. Anaiak segitzen dio gaur egun baserriari eta esne behiak dauzka, «bizibidea baserritik ateratzen du». Gustuko lekua du legebiltzarreko lehendakariak jaiotetxea, «leku bat da non familia biltzen den, ez nahi adina oso okupatuta bizi garelako, baina okasioa dugunetan gerturatzen gara. Nire seme-alabei asko gustatzen zaie baserrira joan, aitona-amonak bisitatu, lehengusuekin jolastu eta han egotea».

Etxean jaso zituen gero bizitzan lagun izan dituen balioak, euskararekiko eta ohiturekiko zaletasuna, «baina beti ere moderazio baten barruan». Gaztetan politikarekiko zaletasun berezirik ez zuen sumatu inguruan baina hori bai, herria gobernatzeko, zaintzeko eta bizilagunen interesak defendatzeko beti pronto agertu dira bere etxekoak. «Nire aita eta osabak udaletxean zinegotzi izan dira, horrela tokatu zaielako. Larraul bezalako herri txikietan ia denek pasatu behar izaten dute bertatik».

Anaia ere herriko alkate izan du Tejeriak. «Zoritxarrez, auzolanean ari zela orduko alkateak ezbehar bat izan zuen eta bertan hil zen. Nire anaiak ordezkatu zuen alkatetzan, oso gaztea zela». Kudeaketa, herrigintza eta bizilagunekin lanean jardutea, beraz, ez zaizkio arrotzak egin legebiltzarreko egungo lehendakariari.

Hernio azpiko ingurune horrek aldi oro dei egingo balio bezala sentitzen du Tejeriak, «badu lasaitasuna eta erakargarritasuna. Niretzako toki espeziala da». Gasteiz, Donostia, Villabona eta Euskal Herriko beste txokoetan zehar egindako bidaiek, beti dute abiapuntu eta geltoki Larraulgo herria.

 

Tolosa, lotura estua

Ahizpa bat Tolosan bizi du, izeba eta lehengusuak ere bertakoak ditu. Orixe institutuan egin zituen batxilergo ikasketak eta lagun asko ditu Tejeriak, «eskualdeko hiriburuan». Txikitatik du bertara joateko joera, «erosketak egin, lagunekin egon edo azokara joateko». Baina lotura, oraindik ere gehiago estutzen zaio, bere familia politikoaz akordatzean. «Nire senarraren aitona, Tolosako alkate izan zen eta aita berriz, Donostiako alkate eta Jaurlaritzan sailburu». Labaiendarrez hunkituta hitz egiten du.

2013an zendu zitzaion aitaginarreba, Ramon Labaien: “Eminentzia bat zen politikoki. Oso intelektuala, Euskal Herriaz bezainbeste zekien munduko beste tokiez. Oso jakintsua zen eta anekdota asko zituen. Pena bat da horrelako jendea desagertzea». Gerra lehertu, Tolosatik alde egin eta Ziburun erbesteratu behar izan zuten labaiendarrek, «eta handik itzuli zirenean, berriz osatu behar izan zuten beren bizitza eta herri hau, hutsetik».

Gisa horretako pertsonak, «beste era batekoak» zirela uste du Tejeriak eta kategoria horretan kokatu du zendu berri den Joseba Andoni Leizaola, egun berak betetzen duen legebiltzarreko mahaiburu karguan egondakoa, 1990tik 1998ra.

 

Izaro, legearen arbola

Nestor Basterretxea, Eusko Jaurlaritzaren arte aholkularia izan zen 1980 eta 1983 urteen artean, eta azken urte horretan Gasteizko Eusko Legebiltzarrerako eskultura-sinboloa egin zuen. Haritz egurrez egindakoa da eta Izaro izena du. Artelanarekin zuhaitza islatuz, elizateen zuhaizpetan batzarrak egiteko euskal ohitura azpimarratu nahi izan zuen eta eskulturaren erdian, kolore ilunagoarekin, Gernikako arbola zaharraren zati batzuk txertatu zituen. Osoko bilkuren areto erdian dago, gaur egun.

«Zenbat adar ikusten dizkiozu arbolari?» galdetu dio kazetariari, jostari, legebiltzarreko lehendakariak. Kontatzen bukatzerako erantzun du Tejeriak berak: «Nahi dituenak hiru bakarrik ikusiko ditu, baina arreta jartzen baduzu, bereiziko dituzu zazpi adar». Euskal Herriko lurraldetasunari erreferentzia eginez eta hemizikloko eserlekuei begira azaldu du hor ere, hasieran ikusten direnak baina gehiago konta daitezkeela: «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak 25na eserleku dituzte, baina okupatzen ez diren beste 25 ere badaude».

Sinbologiaz betetako tokia da XIX. mendearen erdialdera Pantaleon Iradier gasteiztar arkitektoak diseinatu eta gaur egun legebiltzarraren egoitza den eraikina. Basterretxeaz gain, Aurelio Arteta, Txillida eta Zumetaren lanak ikusi daitezke. Eta goiko solairuan, presidentetzako bulegoaren ondoren, aurretik Legebiltzarreko lehendakari izan diren Juan Jose Pujana, Jesus Egiguren, Joseba Andoni Leizaola, Juan Mari Atutxa, Izaskun Bilbao eta Arantza Quirogaren koadroak. «Presidenteetako bakoitzak aukeratu du zein margolarik marraztu eta artelana zer nolako estilokoa izatea nahi duen». Bakartxo Tejeriak ere izango du berea, 2020an edo aurrerago, legebiltzarreko lehendakari karguan errepikatu dezakeelako. «Baina hori ez dut nik erabakitzen, aurretik bezala nire alderdiaren esanetara egongo naiz aurrerantzean ere eta zintzo, erantzukizunez, proposatzen didaten lekua beteko dut».

 

Erlazionatuak

Bakartxo Tejeriari egindako elkarrizketa

Jon Miranda Labaien 2017 ots 05 Larraul

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!