Giro nahasiarekin jarraituko dugu oraindik ere

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2020ko eka. 12a, 05:50

Goizean giro lasaia izango dugu, hodeiak eta ostarteekin, hego-mendebaldeko haize biziarekin eta tenpetatura nahiko atseginekin. Eguerditik aurrera berriz ere haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta egoera nahastu egingo zaigu.

Euri zaparrada batzuk izango ditugu, puntualki ekaitzen bat jotzea baztertu gabe. Hala ere, atzokoarekin alderatuz, euri gutxiago botako du. Tenperaturak antzeko balioetan geratuko zaizkigu, maximoak 19-20ºC-tan errendituz.

Larunbata (ekainak 13)

Antzeko joera izango du eguraldiak berriz ere. Goizean giro lasaia, non hego-haizexkak joko duen eta hodeiak eta ostarteak tartekatuko zaizkigun. Eguerditik aurrera berriz ere ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, hodeiak gailenduko dira eta euri zaparradaxka batzuk izango ditugu. Hala ere, euri askorik egiterik ezta espero. Termometroek koska pare bat gora egin eta maximoak 21-22ºC-tan geratuko dira.

Igandea (ekainak 14)

Aspaldiko partez giro egonkorra. Egun osoan zehar hodei batzuk agertuko diren arren, giro argia nagusituko da eta eguzkiak lan egin ahalko du. Goizean behe-hodeixka batzuk agertuko dira eta arratsaldean bero-hodeiren bat, baina trabarik egin gabe eguzkiari eta bestelako ondoriorik ekarri gabe. Haizea aldakor ibiliko da eta tenperatura maximoak igo egingo dira, eguneko erdiko orduetan 24-25ºC-tan joaz goia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!