8,7 milioi espeziek partekatzen dute planeta gizakiarekin, 6,5 milioi espezie lurrean bizi dira, 2,2 miloi ozeanoan, baina hauetatik 1,3 miloi espezie bakarrik daude identifikatuak. Zientzialariek oraindik urteetako lana dute izaki bizidunak sailkatzen. Bada aberastasun biologikoa munduan eta hori gogoratu eta babestu asmoz, gaurkoa Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna izendatu zuten, ingurumenarekiko kontzientzia jendartean eta estatuetan piztu asmoz. Datuak hala ere, ez dira batere baikorrak. Gizakiak lurrean eta espezie hauen habitatean izan duen esku-hartzearen ondorioz, miloi bat espezie desagertzeko arriskuan dira datozen hamarkadetan. Egoera zaurgarri honi neurri eta babes politika zorrotzak jartzen ez bazaizkie, lau espezietik bat desagertzeko arriskuan izango da, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Elkarteak egindako azken ikerketen arabera. Azken 50 urteetan munduko populazioa bikoiztu egin da eta gizakion beharrak asetzeko, janaria eta energia, basoen eta ekosistemen ustiaketa gupidagabe suntsitu dira.
Planetak jasango duen galera hau gurera ekarriz, «Gipuzkoan 26 landare espezie daude galtzeko arriskuan eta beste 36 zaurgarrien taldean, eta eragiten dien faktore kaltegarriak zuzentzen ez badira galtzeko arriskuan dauden kategoriara igaroko lirateke. Animalien kasuan 15 eta 20 dira kategoria horietako bakoitzean dauden espezieak», adierazi du Iñaki Aizpuru Naturtzaindia elkarteko biologoak.
Naturtzaindia, bioaniztasunaren defentsan
Ingurumena babesteko ardura duen elkartea da Naturtzaindia. Kontserbazio biologiaren bueltan dago beraien lana, biodibertsitatearen galeraren zergatiak aztertu eta kausa horiek murrizteko erak aurkitu eta praktikan jartzen saiatzen dira. Munduak daraman norabidearekin oso kezkatua agertu da Iñaki Aizpuru: «Gure espezieak lurrean daraman denboraren joanean eragin duen biodibertsitatearen galera sinestezina da eta benetan hondamendi planetarioa izatera iritsi da». Bizi dugun egoeraren inguruan ere egin du gogoeta, osasun krisia, krisi ekologiarekin zuzenean lotuz: «Covid19aren krisi honek ongi erakutsi digu zelako hauskorrak garen eta harrokeriak alde batera utzi eta gure bizikideekin fauna eta flora hobeto eramatea nahitaezkoa da, gizarteak iraun nahi badu behintzat».
Biodibertsitatearen aldeko defentsa gure inguruan egiten du elkarteak, iraultza txikiak, etxe ondoan hasten direlako. Eduardo Galeano idazleak zioen bezala, «jende txiki asko, gauza txiki asko egiten, mundua aldatzeko bidea da». Eskualdean bi proiektutan parte hartu dute. Alkizako Udalarekin hasi ziren lanean lehendabizi, bi helburuekin: «Natura 2000 Europar Sarean egoteagatik Hernio-Gazumek duen kudeaketa-plana betetzen saiatu eta alkizarrei eta kanpokoei lan hauen eta, orokorrean, naturaren berri ematea izan da helburua. Mendian hainbat lan egin dira, baso, larre, hezegune, bide, eta abarretan». Azken lana, larreetan hesi naturalak landatzea izan da. Udaleko Ingurumen teknikariak, Alaitz Bilbaok, ekintza sinbolikoa dela aipatu du: «Hesi bizian, gorostiak, elorri zuria eta serbala landatu dira, hemendik 10-15 urtera habitat berri bat izango dugu eremuan, animaliek eta intsektuen bizileku izango dena». Ekintza hauekin hala nola, lehen sektorea, bioaniztasuna eta paisaia naturala babestea dute helburu.
Uzturre magalean gaixorik zegoen pinudi bat kendu eta bertako basoa berreskuratzeko lanak egin dituzte
Tolosako Udalarekin lankidetzan berriz, Uzturre magalean gaixorik zegoen pinudi bat kendu eta bertako basoa berreskuratzeko lanak egin zituzten. «Urtero-urtero doa hobetzen eta epe motzera baso eder bat izango da», baieztatu du Naturtzaindiako kideak.
Natura 2000 sarean eskualdeko lau gune
Leitzaran ibaia, Araxes ibaia, Aralar eta Hernio-Gazume dira Natura 2000 sarean dauden guneak. Etxetik gertu ditugun altxor naturalak hein batean. Europar Batasunaren araudiari jarraituz izendatutako eta kudeatutako natur eremuak dira. Bere helburua, desagertzeko arriskuan dauden eta balio ekologiko handia duten habitat eta espezieen epe luzeko kontserbazioa bermatzea da. Iñaki Aizpuruk ezinbestekotzat jo ditu horrelako eremu babestuak izendatzea: «Nazio Batuen arabera, hemendik aurrera ditugun bost mehatxu global garrantzitsuenak ingurumen arlokoak dira: muturreko gertaera meteorologikoak, klima-aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen porrota, hondamendi natural handiak, biodibertsitatea galtzea eta ekosistemak kolapsatzea eta gizakiak ingurumenean eragindako kalteak-eta hondamendiak». Krisi ekologiko bete-betean dago mundua eta mehatxu nagusiak horiek badira eremu babestuak eta kontserbazio guneak «beharrezkoak izango ditu gizakiak».
Gure basoetako monolaborantzek pinuak eta euskaliptoak, ingurumenaren ikuspegitik bi arazo nagusi eragiten dituztela azaldu du biologoak: «Lurzoruen galera batetik eta landare eta animalien habitaten hondamena bestetik. Lurzoruen galera ustiaketa motekin dator batez ere, egurra ateratzeko makina eta kamioiak ibili daitezen mendi guztia pistekin urratzen dute eta matarrasaz lurzorua biluzik utzi gainera. Baldintza horietan edozein euri-jasak ibaiak txokolatearen kolorekoak jartzen ditu, mendian behera daramaten lur andanarekin. Lurzoru hori da bizitzaren euskarri bakarra eta berritzeko ehunka urte behar ditu». Iraunkortasunetik oso urruti dagoen praktika bat dela ohartarazi du eta sortzen dituen kalte ekologiko eta sozialak eskaintzen dituen etekinak baino askoz handiagoak dira. Antonio Machado, poeta sevillarrak zioen moduan, «ergelkeria latza da, balorea prezioarekin nahastea».