Eremuaren natur balioan: kareharrizko egitura, gailur harkaiztsuak, leize karstikoa, fauna saguzarrak, hegazti sarraskijaleak eta intsektu saproxilikoak eta flora pago motza interesekoa sartzen dira. Guzti honi loturik, lau ibilbide tematiko diseinatu zituzten, bisitariek naturaz in-situ gozatu asmoz: baserrien ibilbidea, saguzaharrena, gau txoriena eta Hernioko itzulia. Horretaz gain, martxotik urrira bitartean, hilabetean behin irteera gidatuak antolatzen dituzte familia giroan egiteko.
Udaletxearen azkeneko solairuan kokatua dagoen interpretazio zentroak, ikastetxe eta taldeen bisitak jasotzen ditu eta Hernio-Gazumeko landaretza, fauna eta kultur balioak lantzen dituzte ikasleekin. Azken batean gizakiaren presentziak, inguruko larre eta basoetan eragina izan du eta balore positiboak jaso ditu ingurumenaren ikuspegitik, pago motzak, ganaduen larreak eta kulturalki berriz, txondorgileen ofizioa eta karobiena.
Proiektu honi guztiari loturik ere, Alkizako eskolako hiru eta bost urte bitarteko ikasleek, astean bitan baso eskolara joateko aukera dute eta helduagoekin berriz, Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin ingurumenarekin lotutako unitate didaktikoak lantzen dituzte. Orain arteko esperientzia oso positiboa dela adierazi dute, ikasle zein irakasleak pozarren baitira.
Izan, zientzialari, biologo, ingurumen teknikari, kontserbazionista, naturazale... guztiek, ingurumen hezkuntzaren garrantzia azpimarratzen dute, ingurumenarekin errespetagarria den gizakia sortzeko. Fagus Alkizak, bere hondar alea eskaini dio gizarteari, gozatzea eta ikastea besterik ez dagokie herritarrei.