Zientzialarien arabera espezieen 6. iraungipenaren desagerpenaren garaian gaude. Dakigunez, neurri horretako biodibertsitatearen galera kontzienteki eragingo duen lehen espeziea gara. Hainbat dira horren ebidentziak planetaren txoko ezberdinetan, eta gurean ere, begi bistan ditugu.
Euskal Herriaren ingurune naturala, gizakirik ezean, basoek osatuko lukete ia lurralde osoa. Harizti mistoak eta artadiak ikusi beharko genituzke gure haranetan nonahi, eta pagadiak goraxeago, mendi aldera. Baso horiek dira bertako aberastasun biologikoaren euskarria eta horien kontserbazio-egoerak baldintzatuko du gure biodibertsitatea bera. Alegia, berezko basoa galtzen dugun heinean, galdu dugu eta galduko dugu bertako bizitza: Euskal Herriko biodibertsitatea.
Hau jakinda, ulergaitza da azken urteotan, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan gauzatzen ari den baso-politika. Gure paisajea guztiz eraldatu duen pinudien krisian murgilduta gaudela, egoera hausnarketarako eta aldaketarako baliatu beharrean, krisia eragin duen monolaborantzan oinarritutako baso-kudeaketa intentsiboari eusteko aterabideak bilatzen jarraitzen du egurgintza sektoreak; beti bezala, aldundien babesarekin. Pinua eukaliptoarekin ordezkatzen ari dira han eta hemen, adibidez Bizkaian, zuhaiztun eremua ia %60a izanik, %17a gainditu dute eukalipto landaketek, baso autoktonoek %25a inguru baino hartzen ez duten bitartean.
Izan ere, eukaliptoa landare exotiko inbaditzailea izateaz gain, ingurumen eragin larriak sortzen ditu: lurra lehortu, haren egitura fisikoa eta kimikoa eraldatu, suteak erraztu… Alegia, bertako biodibertsitatea zuzenean jotzen du, kaltetuz eta galduaraziz. Eukalipto-landaketen ingurumen kalteak pinudienak baino askoz handiagoak dira. Portugal edo Galizian gertatukoa ikustea besterik ez dago gurean nolako arriskuak hartzen ari garen pentsatzeko. Eukaliptoaren hedapena eragiten ari den baso-politika hau onartzea, sustatzea edota diruz laguntzea onartezina da.
Nazioartetik zetorren haizeari jarraituz, Lehendakariak klima larrialdi egoera izendatu zuen aurreko udan. Berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketen murrizketan jarri da arreta. Beraz, horri ere erantzuteko, bada garaia berezko basoen alde egiteko, are gehiago, ikusita bizi dugun osasun krisi honen aurrean biodibertsitatea dela daukagun txertorik eraginkorrena. Modu intentsiboan ustiatzen diren eukalipto-landaketak ez dira basoak, ez dira bertakoak, eta biodibertsitatea kaltetzen dute.
Horregatik guztiagatik, eukalipto-landaketa industrialak gelditzeko eskatzen dugu:
- Aldundiek landaketa horiek geldiarazi (diru laguntza guztiak ukatuz: pistak, makinak, mantenua...), ingurumen kalteen ordainak eskatu, araudiak aldatu eta baso-politika berriak planifikatu eta gauzatu ditzatela.
- Jabeek (publiko zein pribatuek) lurrarekiko errespetutsuagoak diren erabilerak lehenetsi ditzatela.
- Gizarteak, mezu hau zabaltzen lagundu dezala: hemen ez dugu eukaliptorik nahi. Eukaliptoak Australiara!
Atxikipenak
Anitzak-Plural elkartea (Ortuella- Bizkaia)
Bizirik Betiko (Berriz –Bizkaia)
Butroi Bizirik (Mungia-Bizkaia)
Ekologistak Martxan (Euskal Herria)
Haria Elkartea (Bakio-Bizkaia)
Kima Berdea (Abanto-Zierbana; Bizkaia)
Kolore Guztietako Basoak
Lanius Ornitologia Elkartea (Bilbao – Bizkaia)
Zizegorri Zamudioko Mikologia Elkartea
Aralar Bizirik plataforma (Aralar – Gipuzkoa)
Eguzki (Bizkaia)
Meatzaldea Bizirik elkartea (Meatzaldea – Bizkaia)
Otsotarrak elkartea (Ataun- Gipuzkoa)
Sociedad Botanica Ciencias Naturales Sestao (Sestao – Bizkaia)
Uliako Lore Baratzak (Donostia-Gipuzkoa)
Zain Dezagun Urdaibai (Busturialdea – Bizkaia)