Iñigo Urkulluk hauteskundeak uztailaren 12rako deitu ditu EAEn

Ataria 2020ko maiatzaren 18a

Deia egunkariak zabaldu du albistea 14:30ean. Gobernu kontseiluarekin bildu ondoren, Urkulluk hauei Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak data horretan egin nahi dituela esan die. Ondoren, 15:00etan, prentsa agerraldia egin du Lehendakariak.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12rako deitu ditu Iñigo Urkulluk. "Nire erantzukizuna betez, txosten teknikoak aztertuta, alderdi politikoak entzun eta Gobernu Kontseiluan gogoeta egin ondoren, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitzea erabaki dut, uztailaren 12rako", azaldu du.

Hiru arrazoi hartu omen ditu kontuan deialdia egiterakoan:

  1. "Osasun arrazoiak: Osasun Publikoaren azken txostenak bi errealitate baieztatzen ditu: azken asteetan kasu positiboen etengabeko gainbehera; eta heriotzen jaitsiera nabarmena".
  2. "Arrazoi juridiko eta legezkoak; funtsezko eskubide bat betetze ahalbidetzea. Euskal alderdi politikoekin izandako bileran bat gentozen “hauteskundeak egitea garrantzitsua dela“. Abiapuntu hori oinarri hartuta, legez, bi aukera baino ez ditugu: Hauteskundeak uztailean egitea edo udazkenera arte atzeratzea. Nire erabakia uztailerako deitzea izan da; horrela beti izango dugu bigarren aukera bat".
  3. "Parte hartzearen bermearen arrazoia: Segurtasun Sailak “Segurtasun eta Babes Plana” prestatu du. Plan horrek neurriak ezartzen ditu herritar guztiek botoa emateko behar diren bermeak ezartzeko".

Iñigo Urkulluren esanetan "erabakirik arduratsuena da, bigarren aukera zabalik uzten duelako. Horrela, gaixotasunak atzera egiten badu, udazkeneko aukera ere izango dugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!