Hauteskundeetarako deialdiak Urkulluren interes alderdikoiei erantzuten diela uste du EH Bilduk

Ataria 2020ko maiatzaren 18a

EH Bilduren ustez, EAJren hautagaiak data hori aukeratu izana ez dago inongo osasun arrazoitan oinarrituta; "helburu bakarra bere interes elektoral eta alderdikoiak babestea da".

Iñigo Urkulluk uztailaren 12rako deitu ditu Esko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu kritiko agertu da iragarpen horrekin, bai eta Lehendakariak esandakoekin ere. Tartean, Urkulluk, alderdiekin hitz egin izana aipatu du. Honela erantzun die EH Bildutik: "Oposizioak joan den ostegunean egindako bileran beste aukera batzuk proposatu bazizkion ere, bereari eustea erabaki du Urkulluk. Lehendakaritzako bileran zeuden alderdi politikoak entzun zituen, baina ez zituen aditu. Erabakia aldez aurretik hartua zuelako. Astelehenean bizitakoa antzezpen hutsa besterik ez zen izan. Beraz, Urkulluren ardura da uztailaren 12rako hauteskundeak deitzea, ez beste inorena".

Hauteskunde egunaz gain, kanpainaz ere hitz egin dute EH Bildutik:"Hauteskundeak berme osoz egiteko konpondu beharko diren osasun gaiez gain, hauteskundeak eta hauteskunde kanpaina berme demokratikoekin garatzeko izango diren zailtasunak azpimarratu nahi ditu EH Bilduk. Ezker subiranistaren ustez, zailtasun handiak egongo dira hauteskunde-kanpainan aukera-berdintasuna bermatzeko, eta zailtasunak izango dira herritarrek beren botoaren zentzua hausnartzeko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!