SOS Arrazakeriako Etxeko Langileen Taldeak adierazi duenez, 580.000 langile inguru dira, gehienak emakumezkoak eta, gainera, migratzaileak, etxeko eta zaintzako lanean aritzen direnak. «Milaka etxetan daude, ahaztuta, diskriminatuta eta gutxietsita, ezinbestekoa den engranaje sozialak normaltasunez funtziona dezan».
Gizarte Segurantzan egon arren, etxeko langileek ez dute izaten langabezia saririk, eta haientzako ezarri dute laguntza. Larrialdi egoerak iraun bitartean kaleratuak izaten badira edo lanorduak murriztu bazaizkie jasoko dute saria. Kotizazio oinarria soldata gordina da, baina aparteko sarien zati proportzionala gehituta. Haren gainean kalkulatzen da langile batek eta haren kontratatzaileak zenbat ordaindu behar dioten Gizarte Segurantzari. Hilabete bakarreko laguntza izango da, kotizazio oinarriaren %70ekoa. Hego Euskal Herrian 37.000 langile inguruk kotizatzen dute etxeko langileen erregimenean.
Aurrerapauso «garrantzitsua» dela esan du SOS Arrazakeriak elkarteak, baina ez dela nahikoa, «kontraturik gabe langile asko baitago, eta kopuru osoaren %30 inguru baitago». Izan ere salatu dute ez dela kontrolatzen etxeko lanetan diharduten pertsona orok kotizatzen ote duen. «Ezin dira orain langileak izan arduragabekeria horren biktima», diote. Gaineratu dute egoera irregularrean dauden langileak «larrituta» bizi direla egunotan, eta polizia-kontrolen beldur direla, «ezin baitute justifikatu lanera doazenik». Beraz, «etxeko langile guztientzat subsidioa» aldarrikatu dute.