Bigarren greba eguna dute, gaur, ehunka kulturgilek. Kulturaren balioaz gogoeta egiteko, beren egoera ikustarazteko eta neurriak eskatzeko egin dute geldialdia euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dutenek. Itxialdian egonik, greba digitala egiten ari dira, hau da, atzo eta gaur, ez dute sareetan ezer partekatuko, ez inolako ekimenik egingo, ez zuzeneko edo grabatutako emanaldirik eskainiko, ez partekatuko.
«Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe?». Itxialdi garaian, ohiko bihurtu da egunero-egunero itxialdiak arintzeko haien lanak bistaratzearena, denen eskura eta doan jartzearena. «Kulturgileontzat, ostera, entretenimendu hutsa baino, gure sormen lanek bestelako balioak partekatzen dituzte», esan dute. www.kulturgintzan.eus atarian plazaratu dituzte kulturgileen kezkak eta ia 1.000 atxikimendu jaso ditu ekimenak.
Pandemiaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian dagoela ikusarazi nahi dute. Bertan behera geratu dira hilabete hauetarako programatuta zeuden ehunka eta ehunka kultur ekitaldi, eta horrek dakarren kalteaz jakitun direla diote kulturgileek. Horren aurrean, ordea, erakunde publikoei premiazko neurriak har ditzatela exijitu diete: «Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea nahi dugu».
Era berean, gogoeta eta eztabaida soziala eragin nahi dute, «egunero kontsumitzen den horri bere balioa eta garrantzia eman ahal izateko». Eta bestalde, euskal kulturgintza osatzen duen ororen «elkargune bat» izan nahi dute, «horrelako larrialdi egoerak ahalbidetzen direnean, mahai, bilera edota topaketa bat izateko, euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko». Ezohiko larrialdi egoerak eragindako krisia «elkarrekin» aurre egiteko deia luzatu diete erakunde publikoei. «Paradigma aldatzeko ordua da, eredua aldatzeko ordua da, patroia aldatzeko ordua da».
Aurrera begira
Itxialdia amaitzean, zer? Konfinamendua amaitutakoan, «askoz ere eraginkorragoak» izango diren ekimenak abiarazi nahi dituzte. Greba deitzaileen ustez, «neurri koiunturalak» ez baitira nahikoak izango eragindako kalteei erantzuteko.
TOLOSALDEKO ATARIA-k ere bere ekarpena egin nahi izan du greba honetan. Ondorioz, atzo egin ez zen bezala, gaur ere ez da kulturari lotutako edukirik zabalduko ataria.eus webgunean.