Koronabirusa

"Beti hor gauden arren, gutaz ez da ia inor oroitzen"

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 22a, 09:36

Musikari eta musikagile modura autonomoa da Juantxo Zeberio piano jotzaile tolosarra. Kuotak ordaintzen ari da, baina diru-sarrerarik gabe. Hala ere, irakaslea ere bada, musikari profesionalen ehuneko handi bat den bezala. Konfinamenduan ere, ez dio konposatzeari utzi, eta 9:00etarako piano aurrean egoten da egunero.

Zer iruditzen zaizu Eusko Jaurlaritzaren proposamena?

Lehen zuen diru kopuru bat, aurrekontu bat, laguntza zuzenetara bideratu du. Oso positiboa iruditzen zait, lehen aldiz, kulturgileon esparrua independenteki hartu delako. Aurrera begira ere, erabaki honek bide berri bat irekitzea espero dugu. Ez da perfektua, ia ezinezkoa delako, esparru zabalegi bat hartu beharko lukeelako, baina interesgarria da, diru-laguntza zuzena delako, orain arte egin gabea. Kritikak ere izan dira, diru funts hau berria ez dela esanez, eta hori egia da, hezkuntzara zihoan partida bat zelako.

Alemanian lehen mailako behar bezala sartu zuten kultura.

Noski, beste mundu bat da, zentzu guztietan. Ez du balio Alemania edo Frantziarekin alderatzeak. Printzipio adierazpen bat dute herrialde askotan, hezkuntza edo elikadura bezala, kultura lehen mailako behar bat dela publikoki adieraztea. Horrek bereizten die gugandik, eta oso urrun gaude. Krisiak iraun bitartean, musikaz bizi direnek soldata finko bat izango dute Alemanian, 1.400 euro ingurukoa. Euskal Herrian, ordea, oso jende gutxi bizi da horrela. Une honetan, zorionez, baina orokorrean zoritxarrez, ez gara soilik musika egitera mugatzen, gure jarduna hezkuntzarekin eta zuzeneko saioekin ere uztartzen dugulako.

Bi egunez, greba digitala egiten ari zarete kulturgile ugari. Zergatik eman duzu izena?

Polita da, krisi garaian, bakoitzak duen onena eman eta jendea alaitzeko gogo hori izatea. Kontziente ote gara guzti honen atzean zer dagoen? Gu lanean ari gara egun osoan. Sukaldariei ez zaie eskatzen besteen etxeetara joan eta sukaldatu dezaten. Kulturgileoi, ordea, bai, eta pozik egiten dugu. Hurbileko ekosistema bat elikatzen dugun eragileak gara. Guztion interesak ez dira berdinak, eta oso esparru desberdinetakoak gara, baina norabide berean egin behar dugu arraun, errespetuz, zentzuz eta era koordinatuan. Beraz, itzali gaitezen, kulturgileen hutsunea senti dadin. Zer izango litzake herri hau, kultura isilduko balitz? Kontzientzia hori izan behar dugu, iritziak bildu eta jendea zaindu; herri honek merezi duen kultur oinarria benetakoa izan behar dela sinetsi. «Zeinen azoka ederra dugun» esaten dugu askotan, baina gero supermerkatuetan jartzen ditugu indar guztiak. Bada, kulturarekin gauza bera gertatzen da.

Zuri zehazki nola eragin dizu osasun krisiak?

Martxo erdialdera, Loraldian, Pettiren diskoa aurkeztu behar genuen, baina bertan behera geratu zen. Tenporarekin ere diskoa aurkeztera gindoazen, baina ezinezkoa izan da. Horrez gain, 5 kontzertu genituen hitzartuta Chicagon. Benito Lertxundirekin ere beste bi edo hiru. Horiek berreskuratu nahian gabiltza orain. 2020ko udazkena edota negua 2020ko udaberria izatea espero da, hitzartutako kontzertuen ia %60a orduan egin nahi delako. Hala ere, 2021ak kezkatzen nau gehien, oraindik kolpe handiagoa jasoko dugulako. Gabezia hori betetzea izango da erakundeen egitekoa. Urtebeteko gure aurrekontua ez da AHT-aren kilometro bakar batera ere iristen. Azkenean, gehien sufritzen dugunak gara. Ez gara gu bakarrik, eta badira gu baino okerrago daudenak. Benetan horri diot beldur handiena, ea nola egiten diogun aurre sortuko den hutsuneari. Kulturgileok beti hor gauden arren, gutaz ez da ia inor oroitzen; gutxi dira kulturaz bizi garela ohartzen direnak.

Konfinamenduan ere musika sortzen jarraitzen duzu.

Buruek modu desberdinean funtzionatzen dute, eta sortzaile bakoitzak bere erara darama. Nik normalean etxean egiten dut lan, bertan dut bulegoa; beraz, ez da ezer berria niretzat. Ohituta nago, eta ez zait gehiegi kostatzen. Hala ere, emozionalki fase ugari izaten dira, eta jada burua apur bat jan digu errutinak. Denbora gauza bat da, baino gero denbora horri etekina nola atera jakin behar da.

Erlazionatuak

Desagertu, ikusteko

Irati Saizar Artola 2020 api 22 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!