Koronabirusa

«Txertoa topatuko dute, baina kultura da horretarako botika»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 22a, 09:37

Joxe Mari Agirretxek, Aiora Zulaikak eta Mertxe Rodrigezek, sorterri eta bizitoki desberdin bat dute, baita ikasketa ibilbide desberdin bat ere, baina elementu berak batzen ditu: gurpilak.

20 urte baino gehiago dira antzerkian elkarlanean hasi zirela, euskaraz, umorez eta sudur gorriak jantzita, eta orain ere hala dihardute, Garikoitz Aranzabal gazteluarraren laguntzaz. Betidanik kezkatu izan ditu boteretsuenen kulturarekiko tratuak, eta orain, “behingoz eta betiko, erdigunean jartzea” eskatzen dute.

Egokia iruditzen zaizue jaurlaritzak hartutako erabakia?

Joxe Mari Agirretxe: Adabaki bat jarri nahi izan dute. Diru-laguntza ongi-etorria izango da, eta zati batek egoerari erantzungo dio, baina jende asko kanpoan geratuko da, prekarietatean bizi delako. Sektore bezala bazterrean bagaude, are bazterrago daude kulturgile asko. Gure eskaera, baina, laguntzetatik harago doa. Lehenik, hitzartuta genituen saioak ziurtatzea nahi genuen, hau da, orain beharrezkoa dugun diru kantitate bat aurreratzea. Baina, ez hori bakarrik. Aurrerantzean kultura erdigunean jartzea nahi dugu, behingoz eta betiko.

Aiora Zulaika: Ekologikoki jasangarria izan behar duen jendarte bat aldarrikatzen dugu askotan; bada, guk kulturalki jasangarria den gizarte bat nahi dugu, kulturari merezi duen tokia emango diona.

J. M. A.: Euskal Herrian ez dago kultur profesionalak prestatzeko antolatutako estrategiarik. Zientzialariak, hezkuntzako profesionalak, osasun arloko langileak, baserritarrak edota zaintzaileak balioan jarri behar diren bezala, kulturgileak ere aintzat hartu behar ditugu. Oso zaila da une honetan herrietan kultura egitea, eta baldintza eskasetan egin behar da, gainera.

Kultur eragilea bazara, oso zaila da profesionala izatea. Antzerki ikastaroak ematen dituen pertsona bat hara eta hona ibiltzen da, korrika eta presaka. Salbuespenak egongo dira, noski, baina, gaur egungo egoera benetan gordina da; prekarietatea absolutua da. Herrigintza etengabean bizi gara, kultur ekimen ugari ditugu herri guztietan, eta gainera, euskaraz. Baina, zein da arazoa? Oinarrizko beharra izan ordez, kultura denbora-pasa modura kontsideratuta dagoela.

Mertxe Rodrigez: Ni urte luzez aritu izan naiz antzerki klaseak ematen, beti amateur modura, eta beti debalde. Funtzionamendua oso ona izan da, eta parte-hartzea oso handia. Nire ametsa izan da betidanik. Hala ere, amateur bat bazara, formalizatzerakoan eta laguntzak jasotzerakoan beti jasotzen duzu ezezko erantzuna. Nire kasuan, zorte handia izan nuen, profesionalekin topo egin nuelako, eta profesional bezala zortea izan dugu, autofinantzatzeko ahalmena izan dugulako, eta formularekin asmatu dugulako.

Herri honetan, asmatuz gero eta egiten duzunak izaera zabal bat izanez gero, zerbait lortuko duzu, bestela akabo. Izan ere, diru-laguntzen kasuan ez da ezer aldatu. Hortaz, orain hau gertatu dela eta, guri entzutea gustatuko litzaidake. Ea begiak ireki eta egoerari buelta ematen diogun.

Zergatik da kultura ezinbesteko beharra?

J. M. A.: Konfinamenduan, inoiz baino gehiago, agerian geratu da gizartearentzat oinarrizko beharra dela kultura. Kultura oso garrantzitsua da norbere burua ezagutzeko, eta norbere burua ezagutuz, hazteko. Gure nortasuna elikatzeko, komunitatea sortzeko eta munduko gainerako herriekin konektatzeko askatasuna ematen du. Kulturari, etxean gauden bitartean, ordu libreak alaitzeko eskatzen zaio.

Ekonomia koma egoeran sartu dela diote; bada, kultura aspalditik dago egoera horretan, eta horrela jarraitzen du. Arnasgailuak lehen ere ez ziren iristen guretzat, eta orain okerrago gaude. Kulturgile kontsagratuenek ere, bere proiektuak gauzatzeaz gain, bestelako lanak egin behar izaten dituzte, bizitza aurrera atera ahal izateko.

A. Z.: Txertoa topatuko dute, baina kultura da horretarako botika.

J. M. A.: Orain arte, handiak direnek, hau da, agintzen dutenek, handiak izan dituzte buruan, bai ekonomian, baita beste arlo batzuetan ere. Eta argi geratu da, periferian egon diren umilenak, hala nola, lanuzteetan, osasun sisteman, hezkuntzan, kulturan edota lan prekarioetan, bizitza sostengatzeko ezinbesteko tresna direla.

Gaztelaniaz barra-barra aritzen dira Gobernuko Sailburu guztiak. Euskaraz egiterakoan, ordea, irakurri egin behar izaten dute, eta gainera, justu-justu moldatzen dira. Gaztelaniazko proiektuetara eta handitasunera bideratzen da diru guztia, bada horiek bai direla bazterrekoak, hizkuntza ere ezinbesteko giltzarria delako. Herri bezala, periferiako horiek erdigunean jarri behar ditugu; kantuak dioen bezala, txarrenari onena atera behar diogu.

A. Z.: Etengabeko biziraute batean murgilduta gaude. Lehen arrakala handia bazen, orain agerikoa da dagoen zuloa. Eta hala ere, aurrera jarraitzeko nahiari eusten diogu, kulturak pertsona bezala hazteko balio duelako. Mundu ikuskera bat da. Kulturak eta hizkuntzak egiten gaituzte, barrutik eta komunitate bezala.

M. R.: Bertsolariak edo musikariak entzuten dituzunean, adibidez, pertsona bat zarela sentiarazten zaituzte, zure sentimenduak azaleratzen dituztelako.

J. M. A.: Kuban, esaterako, kulturgileak estatuko langileak dira, funtzionarioak, oinarrizko soldata bat dutenak. Ikasketak burutu, oposizioak egin, eta herriz herri transmisio lana egiten dute. Horrez gain, norberak bere proiektua garatzen du. Frantzian oinarrizko baliabide batzuk ematen dizkizun artistaren estatusa dago. Euskal Herrian, ordea, ez dago ezer. Kulturgilea izatea oso latza da, basamortu batean bizi garelako. Lasarte-Orian, irakurle taldeko kideak rifak egiten aritzen dira, idazlea herrira ekartzeko dirua lortzeko.

Garikoitz Aranzabal: Euskal Herrian zein garrantzitsua den kulturak ahotsa izatea, mundua ikusteko modua edukitzea. Herriaren koagulatzailea da; tortilla batean ez da ikusten, baina koagulatzaile funtzioa betetzen duena da arrautzaren gorringoa, hizkuntza berean hitz egiten duten osagai guztiak lotzen dituena. Kulturgile onenek egiten dute tortilla on bat, bestela, osagai bakoitza bere aldetik ibiliko litzake. Gizarteak ulertu behar du behingoz, komunitate bat ez dela kasualitatez sortzen, kultur ezagutza handia duen jendeari esker baizik.

Eta nola lortu daiteke hori?

J. M. A.: Gure belaunaldia krisi batetik bestera doa, etengabe. Gazteek, baina, unean unekoa bizi nahi dute. Ingeniari batek beti izango du enpresa bat buruan, eta gainera, lanean jartzeko prestatzen du sistemak. Arte ederrak ikasten dituenak edo kulturan dabilenak, ordea, ez du horrelako aukerarik; ziurgabetasun batean bizi da. Bokazioz egiten du egiten duena, baina ez dago horri begira jarrita dagoen sistema bat.

A. Z.: Lehen aipatutako denbora-pasatik edo anekdotatik harago, ez dago helduleku sendorik, eta transmisioan ere ahul gaude. Ez gara kontziente zeinen garrantzitsua den hezkuntzan nahiz herri mailan transmisio hori jasotzea. Datozen belaunaldiek guzti hori irentsi behar dute, hortik izango direlako.

J. M. A.: Gaur egun, non topatzen dute gure haurrek eta gaztetxoek euskal kultura? Ikastetxeetan? Irakasle zoragarriak daude eskoletan, baina une honetan ez dago euskal kulturaren transmisiorik. Ez hezkuntzan, ez herrian, ezta komunikabideetan ere. Euskal Herrian jaiotzen diren milaka eta milaka herritarrek non egin behar dute bat euskal kulturarekin? Kasualitateak elkartu behar ditu? Orain datozen etorkinen olatu handi horiek, nola egingo dute bat gure hizkuntzarekin eta kulturarekin?

Ikasleek ez dituzte bertako idazleak, antzezleak edota musikariak ezagutzen. Gure herrian sortzen dena ezagutu behar dugu. Ekosistema osoan, kulturgileak baliogabeak gara, eta orduan, transmisioa ez da existitzen. Hezkuntzan ere bere lekua behar du kulturak.

Zuen kasuan, nola eragin dizue osasun krisiak?

A. Z.: Gure lehen urratsa bertan behera utzitako emanaldiak atzeratzea izan zen. Lehen udan amesten genuen, orain udazkenean, baina baliteke 2021ean pentsatu behar izatea. Gainera, legeak hala aginduko duelako, aretoen heren bat betetzeko aukera izanez gero, ez dakigu horri nola egingo diogun aurre.

M. R.: Azaroan estreinatu ohi dugu beti saio berria. Orain, ordea, ez dakigu ezer. Ez dakigu hura estreinatzeko aukera izango dugun, ezta mereziko duen ere, ez dakigulako aurtengo saioak eskaintzeaz amaituko dugun.

J. M. A.: Une honetan bizi dugun egoera hondamendia da guretzat, batez ere, ez dakigulako nola erantzungo zaion. Orain aprobetxatu nahi genuen, saio berri horretarako prestakuntza lanari jarraipena emateko; musika dela, gidoia dela… Ezin dugu amaitutzat eman aurten estreinatu dugun Bizi Dantza ikuskizuna, eta datorren urtean jarraitu beharko dugu saio horrekin. Bina baldintzekin eta aurrekontuekin ere ez dakigu zer gertatuko den, eta agian saio berriaren formatua ere aldatu behar dugu. Badaezpada alternatibak prestatu beharko dira.

A. Z.: Oraintxe bertan, laino baten erdian gaude, eta laino hori amaitzen denean ez dakigu zerekin egingo dugun topo. Ziurgabetasuna handia da, ekoizlearen eta kontratatzailearen aldetik ere. Guztia irudikatzea eta espekulatzea da.

J. M. A.: Kulturgileak ameslariak gara, eta ameslariak garelako gara kulturgileak, eta ametsak betetzeko borrokatu behar dugu. Amets guztiak borrokatzen ditugu, bai txikiak, bai ertainak, baita handiak ere. Batzuk betetzen ditugu, eta horregatik zoriontsu gara; borroka hori ez digu inork kenduko. Horregatik, espero dugu amesgaizto hau ere gainditzea. Iaz, Iruñean, gertatu behar ez zena gertatu ondoren esan genuen bezala, txikiak gara, baina elkartuta indartsuak, eta orain oso pozik gaude, kulturgileak elkartu garelako. Kontziente izan behar dugu gure indarraz, eta horrekin eragin behar dugu.

Eta normalitatera itzultzean, zer gertatuko da kulturarekin?

J. M. A.: Egoera honetatik ateratzen garenerako erronka bat dugu kulturgileok. Feministak Durangon elkartu ziren moduan, eta baserritarrei azokak itxi ondoren kontsumitzaileak, ekologistak eta nekazariak elkartu diren bezala, kulturgileok eta gu ordezkatzen gaituzten elkarte eta erakundeak ere, elkarrekin eseri behar dugu, guztion artean, kulturak zentralitatea, duintasuna, garrantzia, babesa eta maitasuna behar duela aldarrikatzeko. Elkartu, batzartu, hausnartu, proposamenak egin, erabakiak hartu eta aurrera egingo dugu, behingoz eta betiko.

Herrigintzatik jaio, hazi eta bizi izan garenok, zailtasun handiak izaten ditugu ekimenak aurrera eramateko. Guk ere, ikasketak egin genituelako edo zaletasuna genuelako, jauzi bat eman nahi izan genuen. Baina, espazioa, laguntza eta sostengua behar dira, lanak sortzeko. Eta sare bat edo antolakuntza bat behar da, lan horiek plazaratzeko. Kulturgintzako esparru desberdinetako sortzaileen artean elkarlana burutzeko tokia behar dugu, sorkuntzarako baldintzak bermatu behar dira, eta ahotsa eman behar zaio horri.

Plangintza eta estrategia orokor bat osatu behar dugu, sendoa, bitartekoz eta maitasunez hornitua, kultur eragileekin eta hezitzaileekin kontatuko duena. Herri hezitzaile bat behar dugu, komunitate osoa barne hartuko duen ekosistema bat, euskara eta kultura erdigunean jarriz eta guztiengana irits dadin. Robotak baditugu, baina benetan bihotza eta burua duten pertsonak behar ditugu, giza eskubideen alde lan egiten dutenak.

Orain, mundua aldatzeko beharraz hitz egiten da, klima dela, osasuna dela, zaintza dela, emozioak direla… Baina agintari eta politikarien diskurtsoak entzuten ditudanean, ez dut ikusten aldatzeko asmo hori buruan dutenik. Lehengora itzultzeko asmoa dutela dirudi. Beldurra eragiten dute, etorkinei itsasoan itotzen utziz edota herriak banatzen dituzten hesiak ezarriz. Horrela, arazoak errepikatu eta areagotu egingo zaizkigu. Aldatu dezagun gure bizimodua, gure mundua. Agintariek ere aldatu dezatela bere jarduera, bestela guk aldatuko ditugu eurak. Mundu narras, zokoratu eta gaixo honen aurrean, eraldaketa bat behar dugu, kultur aldaketa bat. Ez dakigu helduko den, baina baikorrak gara, eta koloretako bizitza irudikatu nahi dugu.

Erlazionatuak

Desagertu, ikusteko

Irati Saizar Artola 2020 api 22 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!