Harrera familiak behar dira udan haur sahararrak etxean hartzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mar. 11a, 11:59

10 eta 12 urte arteko saharar neska-mutilekin udara igarotzeko deialdia egin dute Tolosaldea Sahararekin-ek eta Tolosako Udalak; apirilaren 30a baino lehen eman behar dute izena.

Oporrak Bakean programan parte hartu nahi duten familiak behar dira Tolosaldean. Tolosaldea Sahararekin elkarteak, udalen laguntzarekin bideratuta, 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrak udan bi hilabetez etxean hartuko dituzten harrera familiak behar direla adierazi du, «haur horien elikadura eta osasuna hobetzeko helburuarekin».

EHUN FAMILIA BEHAR DIRA

Tolosaldea Sahararekin elkarteak aurtengo kanpaina jarri berri du martxan, saharar haurrak errefuxiatu kanpalekuetatik atera, eta udan, Euskal Herrira hurbildu eta harrera familietan txertatzeko helburuarekin. «Ehun euskal familia behar ditugu», esan du Eli Eizagirre elkarteko kideak. Paraleloki, hamaikagarren urtez, Tolosaldean aterpetxea jarriko dute abian, ahalik eta haur gehienek udara desertutik kanpo eta modu dibertigarrian igaro dezaten. Saharar herriak 44 urte daramatza deserrian. Horietan guztietan, udan, 60 graduko tenperaturak izan dituzte, eta hori gutxi ez balitz, elikadura eta ur gutxi dute. «Urtetik urtera, gauzak zailtzen doaz, eta beraz, horrelako kanpainek indar berezia behar dute. Horregatik jarri diogu Bidaia bat baino gehiago izena. Oporrak Bakean egitasmoa bidaia bat delako, baina bidaiaz harago, hona ekartzea, ondo elikatzea, duten anemia arintzen laguntzea, medikuen bisitak jaso ahal izatea edota kultura nahiz hizkuntza berriak ezagutzea eta ikastea direlako helburu nagusiak», esan du Eizagirrek.

Bidaia horretan, harrera familia gehiago behar dituzte eskualdean. «Gurekin batera, bidaian parte hartzeko eskaera luzatu nahi dugu», gehitu du Eizagirrek. Era berean,Tolosaldeko aterpetxearen finantzaketa elkartearen esku dagoenez, hura martxan jartzeko, datozen hilabeteetan ekimen desberdinak jarriko dituztela martxan azaldu du elkarteko kideak.

NAHI IZATEAREKIN, NAHIKOA

Programan parte hartzeko baldintza bakarra bete behar da: harrera familia izateko nahia izatea. Izena ematen duten familien arabera erabakiko dute ondoren zenbat haur etorriko diren.

Hala, harrera programa malgua izaten da, harrera familia bakoitzaren egoerara eta aukeretara egokitzen delako. Harrera familia guztiek udalek emandako diru laguntza bat jasoko dute gastuei aurre egiteko.

Harrera familia izan nahi duten eskualdeko familiek apirilaren 30a baino lehen eman behar dute izena, Tolosaldeko udaletxeetan edota Sahararen aldeko elkartean, 696 014 789 telefono zenbakira deituta. Informazio gehiago eskuratu daiteke mezua idatzita oporrakbakean@gmail.comhelbidera edota www.oporrakbakean.eus webgunean.

Dantzan jarriko dute Tolosa

'Bizi Dantza' ikuskizuna hartuko du Leidor aretoak, larunbatean; Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatu du emanaldia, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eta Udaberri Dantza Taldeak prestatu dute

Tolosaldea Sahararekin elkarteak Bizi Dantza ikuskizuna antolatu du. Larunbatean izango da Tolosako Leidor aretoan, 17:00etatik aurrera, eta bildutako dirua, Oporrak Bakean ekimena finantzatzeko erabiliko dute. Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatu du emanaldia, Maiatzak 20 plataformaren laguntzaz, eta Leidor aretoan izango da, 17:00etan. «Lehenago ere, lan egin izan dugu Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Aiora Zulaika Pirritx pailazoekin, baina modu profesionalean elkarrekin ariko garen lehen aldia izango da», aipatu du Agustin Agote elkarteko kideak.

Sarrerak agortuta daude jada, beraz, jendetza bilduko da Leidorren. Agoteren iritziz, «artista handiak» dira, zentzu guztietan. «Batez ere, transmititzen dituzten giza balioak nabarmenduko nituzke. Gainera, ez dira bertako biziaz soilik mintzatzen; planetako txoko guztietako istorioak eta ohiturak plazaratzen dituzte», esan du. Kasu honetan, mundu honetako beste zati txiki bati egingo diote keinua.

ATERPETXEA

Pailazoek lehen eskutik ezagutzen dute saharar herriaren egoera, saharar errefuxiatu kanpalekuetan ere egon direlako. Dirua biltzea da ekimen honen helburu nagusia, izan ere, uda honetan Tolosaldean beste aterpe bat jarriko dute martxan ahalik eta haur gehien ekarri ahal izateko, eta proiektu hori bizirik mantendu ahal izateko bildu nahi dute dirua. Baina, ez hori bakarrik. «Ahalik eta haur saharar gehien ekarri behar dugu gure lurraldera. Beraiek dioten bezala: bihotza, burua, eskuak; sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin!», azpimarratu du Agotek.

EUSKAL DANTZEN ERABERRITZE LANKETA

«Herri dantzari bat garela ikusiko dute tolosarrek», aitortu du Aiora Zulaika Pirritx pailazoak. Leire Bilbaorekin eta Maite Mutuberriarekin batera landutako prozesu baten emaitza da ikuskizuna, eta dantza munduan sustatzaileak izan ziren Jon Maia eta Vanesa Castaño Kukai Dantza Taldeko kideen laguntza ere izan dute. «Euskal dantzen eraberritze lanketa bat egin dugu, doinuei letra jarriz».

Ez da emanaldi hau egingo duten lehen aldia. Lehenago, gainera, Euskal Herriko herri askotan egin izan dute, eta horietako bakoitzean, tokian tokiko dantza taldeak gonbidatu dituzte eurekin batera oholtza partekatzera. Tolosako emanaldiaren kasuan, Udaberri Dantza Taldeko kideak ariko dira beraiekin batera dantzan.

Entseguen prozesuan, asko ikasi dutela aitortzen du Zulaikak. «Herri bakoitza oso anitza den bezala, dantza taldeak ere oso anitzak dira, adin eta izaera oso desberdinetakoak. Plazer handia da guztiekin batera lanean aritzea».

Tolosaldea Sahararekin elkartearentzat ere izan ditu hitz politak. «Isilpeko lan izugarria egiten dute urte osoan zehar, nahiz eta batzuetan gehiago ikusi eta nabaritu, eta hori aitortu behar zaie».

Azkenik, Zulaikak, erakunde nahiz instituzioei behin eta berriz egoera honen berri emateko eta gauzak errepikatzeko garrantzia nabarmendu du: «Ekinean, egunerokotasunean, saharar herriaren aldeko elkarteek egiten duten lana aitortzea besterik ez zaigu geratzen. Gure kasuan, gure hondar aletxoa jarriko dugu datorren hilaren 14an. Oso pozik gaude, gainera, gizarte hobe bat margotzeko bidean, bozgorailu lan bat egitea dagokigulako. Haurren osasunaz ari gara, baina baita gizarte baten osasunaz, eta nola ez, giza eskubideez».

Erlazionatuak

"Hannah etortzeko gogoa daukagu"

Leyre Carrasco 2020 mar 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!