"Beraiek bizi diren moduan bizitu dut hura"

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 11a, 10:24

Luisa Zurutuza (Ibarra, 1958) Usue Sukiaren ama da eta saharar errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren familiek pairatu behar duten egoera gertutik ikusi du, haien kultura eta ohiturak ikasi ditu eta bereziki, esperientziaz gozatu du.

Nola animatu zinen saharar errefuxiatuen kanpalekuetara joatera?

Hannah-ak azken bi udak eman ditu hemen, eta joan aurretik beti galdetu izan dit ea bisitan joango naizen. Pasa den urtean, abendu inguruan Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara joateko bidaia bat egoten zela gogoratu nintzen eta informazioa biltzen hasi nintzen.

Lehen aldiz joan zara errefuxiatuen kanpalekuetara, nolakoa izan da esperientzia?

Sekulako esperientzia izan da. Oso zaila da azaltzen. Beste mundu bat da, hala ere, hango egoerari buruzko informazioa banuen. Oso-oso polita eta aberatsa izan da, baita itsusia ere bizi duten egoera kontuan hartuta, baina esperientzia hori bizitzeak dudarik gabe merezi du. Bederatzi egun izan nintzen bertan, baina bidaian bakarrik, joan-etorrian, 3 egun eman behar dituzu.

Nolakoa da bertako bizimodua?

Oso bizitza lasaia da, ia ez dago zereginik. Ni izan naizen kanpalekuetan adibidez umeak eskolara joaten dira, familia gehienen aitak kanpoan daude lanean eta amak berriz, alde batera eta bestera ibiltzen dira etxeko lanak egiten. Hezkuntzaren aldetik, ume gehienak joaten dira eskolara, izan ere garrantzia handia ematen diote hezkuntzari, nahiz eta zailtasun handiak izaten dituzten. Ospitaleak ere badaude, edo ospitale funtzioak betetzen dituzten etxetxoak hobe esanda. Ahal dutena egiten dute. Hemendik laguntza bidaltzen diegu, baina laguntza baino, hango arazoari konponbidea ematea da behar dutena.

Hemendik eramaten dituzten elikagai eta bestelakoak nahikoak izaten dira egoera horri aurre egiteko?

Ez. Ni egon naizen inguruan behintzat, egoerari aurre egiteko kanpoan aritzen den norbait edo hemengo familiek bidalitako laguntzak ere behar dituzte familiek. Hilero gutxieneko batzuk jasotzen dituzte, baina gehiago behar dute.

Aurretik zenituen aurreikuspenak bete ditu bidaiak?

Egia esan, ez dakit zer espero nuen. Azaldu ezinezko esperientzia bat izan da, gainera familiako beste bat bezala hartu naute. Hizkuntza arazo bat da, baina Hannah-ak euskaraz egiten du eta bere ahizpak gazteleraz, eta asko lagundu ninduten. Keinuak ere erabili ditugu; modu batera edo bestera ulertu dugu elkar.

Fronte Polisarioa eta Maroko adostasun batera iritsiko direnaren edo Saharako egoera hobetuko denaren itxaropena duzu?

Itxaropena ez da inoiz galtzen, baina 44 urte igaro dira kanpaleku horietan daudela, hau da, hiru belaunaldi igaro dira. Denbora luzean oraindik ere horrela jarraituko dutela iruditzen zait, zoritxarrez.

Zer esango zenioke ekimen honetan lehen aldiz parte hartzen duen pertsona bati?

Lasai-lasai hartzeko eta ez izateko beldurrik, oso esperientzi polita baita.

Errepikatzeko asmoa duzu?

Bai, ahal dela berriz ere joango naiz. Berriz joanez gero, egun gehiagorako joango nintzateke, oso motza egin zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!