"Hannah etortzeko gogoa daukagu"

Leyre Carrasco 2020ko mar. 11a, 10:20

Algerian kokatutako errefuxiatuen kanpalekua bi hilabetez utzi, eta Euskal Herrira bidaiatzen duten haur sahararrek hemengo familiekin uda igarotzeko aukera izaten dute urtero, harrera familiei esker. 

Usue Sukiak (Tolosa, 1982) eta Unai Lasak 2018ko udan hasi zuten abentura Maren eta Laia Lasa alabekin batera. Udak Hannah-rekin eman dituzte ordutik.

Nolatan animatu zinaten Oporrak Bakean programan parte hartzera?

Sare sozialen bidez TOLOSALDEKO ATARIA-n albiste bat irakurri genuen eta galdetzera animatu ginen. Gure inguruko ezagun batek saharar haur bat ekarri zuen etxera, gainera. Tolosan talde egonkorra dagoenez eta laguntza handia dagoenez, segituan informatu gintuzten prozesuari buruz eta bete beharrezko baldintzei buruz.

Nola izan zen lehen eguna?

Oso berezia. Urduri geunden denak, aurrez bueltaka ibili ginen; nolakoa izango zen lehen eguna, nolakoa izango zen esperientzia... Gure familia prestatzen saiatu ginen, eta beldurrak ere bagenituen. Aurrez argazkiren bat partekatu genuen. Gure auzoko parkean elkartu ginen berarekin eta elkar ikusterakoan aurpegiak aldatu zitzaizkigun guztioi. Gerturatu eta besarkatu egin gintuen. Egia esan hasiera oso erreza izan zen.

Nolakoa izan zen egunerokoa?

Hasieratik oso ondo moldatu gara. Konfiantza hartzen joan gara eta ohiko zailtasunak besterik ez ditugu izan, baina egia da honek esfortzu bat eskatzen duela. Familia egitura aldatu behar duzu, bat gehiago garelako etxean.

Kontaktua mantentzen saiatu zarete?

Bai, kontaktua mantentzen dugu eta konturatu gara ezin dituztela oinarrizko gauzak eskuratu. Komunikazio aldetik berriz, ez dugu inongo arazorik izan, whatsappa erabiltzen dugu komunikatzeko, eta berarekin bideo konferentziaz edo audio bidez maiz hitz egiten dugu.

Zer eskaintzen dio esperientzia honek harrera familiari?

Haurrari ematen dizkion onurak begi-bistakoak dira. Eskaintzen diozun hori handia dela ikusten duzu; etortzen denetik joaten den arte kilo dezente hartzen ditu, indarra hartzen du, bizipen ezberdin horiek bizitzeko aukera izaten du... Baina, guk irabazten duguna ere sekulakoa da; beste mundu bat ezagutzeko aukera dugu, beste errealitate bat, guretzako hain sinpleak diren gauza asko beraientzat ez direla ikustea eta baloratzea...Guri behintzat, familia bezala, aberastasun handia eman digu. Harremanetan, beste harreman batzuk sortzen dira, ez bakarrik saharar familia edo herriarekin, hemen bertan, harrera familiak garenon artean jende berri asko ezagutzen duzu, mota askotako familiak ezagutzen dituzu… alde horretatik aberastasun handia da.

Zein ekimen egiten dituzue bi hilabete horietan?

Tolosaldean oso antolaketa ona dago haurrak etortzen direnean. Hannah Gipuzkoara etortzen da, Tolosaldera hain zuzen ere. Baina Nija, bere ahizpa, Bizkaira joaten da. Bizkaiko familia ezagutzeko aukera eduki dugu eta oso polita izan da, Euskal Herriko beste familia bat ezagutu dugu hemendik kanpo, eta horrek, Euskal Herri mailan eta bertako leku bakoitzean zein desberdin antolatzen garen ezagutzeko aukera eman digu. Tolosaldean zorte handia dugu, izan ere, Tolosara etortzen direnean oso lagunduta eta babestuta gaude. Hasteko eta behin, edozein zalantza edo kezka izanez gero, beraiekin kontaktuan jarri eta laguntzen gaituzte. Hizkuntza aldetik ere, monitore saharar bat daukagu, edozein unetan itzultzaile lanak egiteko prest dagoena, eta astean zehar, taldean elkartu eta hainbat ekimen egiten dituzte. Bizkaian adibidez, Hannah-ren ahizpak ez dauka talde hori, familiarekin bakarrik dago. Hemen ordea, beraien artean edozein ekintza egiteko aukera daukate: piraguetan ibiltzera joaten dira, igerian ikasteko ikastaroak egiten dituzte… ekintza pila bat egiten dituzte.

Zein aholku emango zenioke programa honetan lehen aldiz parte hartzen duen familia bati?

Lasai hartzeko, ez dela ezer gertatzen. Ez dela ezer berezik behar. Tolosaldean elkarte bat eta harrera familien talde bat dago eta beldurrak partekatzeko aukera duzu. Gozatzeko eta ikasteko oso aukera polita da, eta animatzeko esango nieke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!