Modan ez dagoena ez da zahartzen

Aitor Arroyo Askarai 2020ko mar. 1a, 05:59

Tolosaldeako hamasei eta hemezortzi urte bitarteko gazteen %33ari ez zaio irakurtzea gustatzen, Galtzaundik egindako ikerketa baten arabera.

Gero eta ozenagoak dira oraina irudiaren aroa dela aldarrikatzen duten ahotsak. Ikus-entzunezko edukiak gailentzen ari dira gainerako guztien aurrean, eta badirudi pantailek euskarri tradizionalak ordezkatzeko joera gero eta nabarmenagoa dela. Hala ere, jendartean aldaketak eragitea ez da irudi bezain erraza. Kulturaren Euskal Behatokiak eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko parte hartze kulturalari buruz egin duten inkestaren emaitzek azaltzen dutenez, 2008tik 2018ra ia ez da aldatu azken hiru hilabeteetan gutxienez euskarazko liburu bat irakurri duten pertsonen ehunekoa (Euskal Herriko biztanleria osoaren %12 inguruan). 

Ikerketa beraren arabera, euskal herritarren %46ak lau liburu baino gehiago irakurri zituen 2018an. Halaber, urte berean biztanleen heren batek (%29) liburu bat eta hiru artean irakurri zituen; eta lautik batek, berriz, ez zuen libururik irakurri. 

Tankerako emaitzak atera zituen Siadeco enpresak urte berean Elkar Fundazioarentzat egindako analisian. Egindako ikerraldian azaltzen denez, hamar euskal herritarretatik zazpi liburu irakurleak dira. Zehazki azaltzen dutenez, %58a ohiko irakurleak dira, hots, libururen bat irakurri dute azken hilabetean; eta %12a, berriz, noizbehinkako irakurleak dira, hau da, sei hilabete baino gutxiago igaro dira azken liburua irakurri zutenetik. 

Horiek, esan bezala, Euskal Herri mailako datuak dira, baina, zein da eskualdeko irakurzaletasunaren egoera? Galtzaundi Euskara Taldeak ikerketa bat burutu zuen joan den urtean Tolosaldeko gazteen euskarazko kultur kontsumoa zein den neurtzeko. Hamasei eta hemezortzi urte bitarte dituztenak dira ikerketaren muina, eta lortutako emaitzen arabera, aipatu adin tarteko gazteen %33k dio ez duela gogoko irakurtzea eta hori jartzen du euskarazko literatura gehiago ez kontsumitzeko aitzakiatzat.

Zein da, baina, irakurzaletasuna sustatzeko gakoa? Etorkizunean helduek irakurtzeko ohitura eduki dezaten, beharrezkoa izango da haurrekin lan egin eta aipatu zaletasuna umetatik jorratzen hastea. Bide horretatik, bat baino gehiago dira eskualdean haurrei irakurzaletasuna sustatzeko antolatzen diren ekimenak; kasurako, hainbat herritan antolatzen diren ipuin kontalarien saioak eta irakurketa tailerrak.

Ibarran, esaterako, hitzaldi bat antolatu zuten joan den urtarrilean haurrek irakurzaletasuna garatzea nola sustatu lantzeko. Besteak beste, hainbat guraso zein irakasle bertaratu eta jardunaldiaren emaitza ikusita, antolatzaileek irakurketa talde bat eratzea erabaki dute. Taldea hamabostean behin bilduko da eta ekainera arte iraungo du egitasmoak. Haurren literatura hainbat formatu ezberdinetan landuko dute eta Imanol Mercerok, Galtzagorri Euskal Haur eta Literatura elkarteko kideak, dinamizatuko ditu saioak. Mercerok azaldu duenez, taldea irakurketaren arloan «beste pauso bat» emateko asmotik sortu da eta partehartzaileek haur literatura «modu kritiko batean» lantzea da helburua. 

Tolosan, berriz, lau irakurle taldek jarduten dute. Udal liburutegiak antolatzen du bat, Jabetze Eskolaren ardurapean jarduten dute bik, eta Galtzaundi Euskara Taldeak beste bat koordinatzen du. Azken hori da talderik zaharrena, 2010. urtean hasi baitzen egitasmoa. Gainerakoen kasuan, kronologikoki lehena Literatura de mujeres del mundo taldea izan zen; besteak beste, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lantzea du helburu eta 2014an jarri zuen martxan Jabetze Eskolak. Bi urte geroago, 2016an, hasi zuen bere jarduna udal liburutegiak antolatutako irakurle taldeak. Euskarazko zein erdarazko edukiak jorratzen dituzte hainbat formatu ezberdinetan, kasurako, eleberria, komikia eta poesia. Azkenik, joan den urtean jarri zuen martxan Jabetze Eskolak bere bigarren irakurle taldea: Euskal emakume idazleen irakurketa feminista. 2014an sortutako taldearen helburu berak lortzeko eratutako taldea da, baina hizkuntzaren ezberdintasunarekin: lehena gaztelerazko irakurle taldea da, eta azken horretan, berriz, lanketak euskaraz egiten dira. 

Talde bakoitzak bere helburu zehatz eta berezituak ditu, baina badira, halaber, denek komunean dituzten jomugak ere, kasurako, kalitatezko literaturaren irakurketa zein lanketa kritikoa egitea eta, aurrez esan bezala, irakurzaletasuna sustatzea. 

Ikasgelak arazo eta konponbide

Galtzaundik joan den urtean egindako ikerketaren arabera, Tolosaldeko hamasei eta hemezortzi urte bitarteko gazteek literatura gehiena eskolaren bidez kontsumitzen dute. Halaber, Elkar Fundazioarentzat Siadecok 2018an egindako ikerketak ere konfirmatu zuen ikasketekin lotutako liburuek zuzeneko eragina dutela gazteen literatura kontsumoan.

Merceroren ustez, arazoa literatura «beste helburu batzuk lortzeko bitarteko» bezala erabiltzen dela da. Azaldu duenez, literaturarekin, askotan, haurrak heztea bilatzen da, eta horrek ipuinaren esentzia hutsaltzea ekar dezake: «Batzuetan literaturaren berezko ezaugarriak ezabatu egiten dira helburu didaktiko bat lortzeko. Adibidez, matematika ikasteko ipuinak. Horrelakoetan, askotan, ipuinak bere esentzia galtzen du; berezkoak ez dituen funtzio batzuk esleitzen zaizkiolako». 

Ikastetxeetan irakurketa zaletasun eta konpetentzia gisa bereizita landu beharko liratekela pentsatzen du Susana Larre Tolosako udal liburutegiko arduradunak ere. Irakurzaletasuna sustatzeko «espazio berezituak» egokitu behar direla dio, eta horietan, irakurtzea bakarrik jorratu beharko litzatekela: «Espazio berezituak behar dira irakurzaletasuna lantzeko; eta tarte horietan ahaztu egin behar dira laburpenak eta horrelako ariketak. Finean, irakurle talde moduko bat sortzea izango litzateke». 

Bestalde, ikastetxeetako hezkuntza programetan, ikasleek irakurri nahi dutena aukeratzeko askatasuna falta dutela pentsatzen du Mercerok. Galtzagorriko kidearen aburuz, arazoa haurrek irakurriko dutena helduek aukeratzen dutela da, eta modu horretan, ikasleen iritzia ez dela aintzat hartzen. Larrek ere ikasleek landuko dituzten eduki literarioen aukeraketa oso garrantzitsua dela nabarmendu du. Irakasleek zein liburu irakurri ondo pentsatzen badute, ikasleek interesa garatuko dutelakoan dago udal liburutegiko arduraduna; baina dinamizatzaile rol hori modu egokian betetzea ere zaila dela aitortu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!