«Kontalariok ipuinaren barruan dauden hitzak aireratzen ditugu»

Aitor Arroyo Askarai 2020ko mar. 1a, 05:57

35 urte daramatza Pello Añorga ipuin kontalariak hainbat herritako haurrei istorioak kontatzen. Hasi zenean haur liburutegiak existitu ere ez zirela egiten oroitzen du, baina pozik agertu da gaur egun ipuin kontaketak duen dimentsioaz. Berak esan duenez, nahiz eta adinean aurrera egin, «gazteago sentitzen» da ipuinak irakurriz eta kontatuz. 

Zer egitean du ipuin kontalari batek?

Ipuinak kontatzen ditu [barrez]. Baina ez hori bakarrik, haurrekin komunikazioa lantzen du, emozionatu egiten ditu, ipuinen bidez beste ikuspegi batzuk ezagutarazten dizkie… Kimika moduko bat sortzen da kontalariaren eta haurren artean. Saio hasieran zegoen haur hori aldatu egiten ipuina amaitu denerako. Zerbait mugitu zaiolako. Niri berdina gertatzen zait. Pertsona ezberdina izaten naiz saio amaieran, eta haurrek ere bidaia hori egitea nahi dut. 

Beste helburu bat liburutegiekin lotura emozional eta afektiboa sortzea da. Haurrak liburutegian gustuko dituen ipuinak entzuten baditu, toki horretara gogotsu joango da. Horrela, txikitatik, liburutegira joateko ohitura garatzen ari gara. Gainera, ipuinen bitartez, emozioak eta pertsonaiak ezagutzeko toki bilakatzen da liburutegia; eta lagunak egiteko zein mota guztietako istorioak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Zer egiten dugu kontalariok? Ipuinaren barruan dauden hitz horiek aireratzen ditugu. 

Zein aholku emango zenioke ipuin bat kontatu nahi duen norbaiti?

Lehenik eta behin, kontalariak bera hunkitzen duen istorio bat aurkitu behar du. Behin hori edukita, ipuina norentzat den egokia pentsatu behar da: haur txikientzat, helduagoak direnentzat… eta hori ez badaki, probak egin beharko ditu. Eltzea sutan probatzen da, ipuinak, berriz, kontatzerakoan probatzen dira. Horrekin batera dator azken pausoa: kontatzea; eta kontatzen jarraitzea. Ahotsaren tonua, erritmoa, gorputzaren jarrera… garrantzitsuak dira. Baina ipuin bat baldin badaukazu, eta benetan kontatzeko gogoa baldin badaukazu. Aurrera, kontatu. Haur talde txiki batekin has zaitezke eta konfiantza hartzen zoazen heinean, jende kopuru handiago baten aurrean egitera pasa. Hastea da kontua, eta gero prozesuak berak gidatuko zaitu.

Zeren arabera aukeratzen dituzu ipuinak?

Urtean zehar liburuak irakurtzen joaten naiz, eta gustatzen zaizkidanak gorde egiten ditut. Horrela, nire errepertorio propioa sortzen saiatzen naiz pixkanaka. Badira kontaketa batzuk aldez aurretik erabakitzen direnak, baina askotan momentuan aukeratzen ditut kontatuko ditudan ipuinak. Ipuin kontaketak haurrentzat orokorrean antolatzen dituzte, eta ez da jakiten haur txikiak edo koxkorragoak etorriko ote diren. Adinak asko baldintzatzen du, izan ere, zaharragoa den haur batek garapen handiagoko ipuinak behar izaten ditu. Badaezpada, hainbat ipuin eramaten ditut prestatuta. Leku bakoitzean bertako musika entzun behar da, eta gero, haren arabera dantza egin [barreka]. 

Zer ematen dizu ipuin kontalari aritzeak?

Lehen egitera ausartzen ez nintzen gauzak egiten ditut gaur egun. Ipuinei esker konfiantza handiagoa dut, baita ingurukoekin ere. Egunero kontatzeak zer eskatzen du? Komunikatzea; eta komunikatzearen funtsa konfiantza lantzea da. Entzuteko gaitasun askoz handiagoa ere eman dit. Umiltasunez, gauza txikiei entzuten ikasi dut, eta horrela, gauza txikietan gozamena aurkitzen ere ikasi dut. Orokorrean, bizitzarekin harreman aberatsagoak edukitzen irakatsi didate ipuinek. Haiei esker helduagoa naiz, barruko haur txikia galdu gabe. Haurrek dituzten begi liluragarriak edukitzea, oraindik harritzeko gai izatea… Nahiz eta adinean aurrera egin, gazteago sentitzen naiz horrela.

Erlazionatuak

Modan ez dagoena ez da zahartzen

Aitor Arroyo Askarai 2020 mar 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!