«Zerbait debekatzekotan, irakurtzea debekatuko nuke; erakargarriago bilakatzeko»

Aitor Arroyo Askarai 2020ko mar. 1a, 05:57

«Bihotzarekin eta buruarekin bidaia bat egitea». Horrela ulertzen du irakurketa Juan Karlos Alonso psikologoak. Besteak beste, Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteko kidea da eta guraso zein irakasleen formakuntzan aritzen da lanean. Alonsorentzat irakurtzea plazer hutsa baino gehiago da: barne hausnarketa eta introspekziorako bitarteko gisa ulertzen du; eta jendearen garapen pertsonalerako ezinbesteko tresna dela pentsatzen du.

Haurrentzako ipuinetan, zein da amaiera egokia?

Haurrak ipuinetan sartzen direnean, dinamika zehatz batean barneratzen dira, eta nolabaiteko espektatibak sortarazten dizkie. Haurra istorioko mundu horretan murgiltzen da eta pertsonaiekin batera egiten du borrokan. 

Ipuinetan, bizitzan bezala, gatazken aurrean ahalegina egin eta arriskuak hartzen badituzu, azkenean, lorpenak ateratzen dira. Hala ere, ipuin guztiek ez dute amaiera polita edukitzen, eta hori ere beharrezkoa da, errealitatea ere horrelakoa delako. Amaiera on batek irakaspen bat eduki behar du, eta horrela, haurra bizitza zer den ikasiz joaten da.

Haurrek imitazioz ikasten dute sarritan. Ipuinetako jokabide zuzen eta okerrak errepikatu ditzakete?

Ipuin klasikoak, adibidez, kritikatuak izan dira askotan. Besteak beste, matxistak eta oso gogorrak izatea leporatu izan zaie; baita oraingo baloreak ez dituztela islatzen eta zaharkituak geratu direla ere. Haurrek, ordea, ez dituzte ipuin horiek helduek bezala ulertzen. Aspektu arrazionala ez dute berdin garatzen. Politikoki zuzenaren hori ez dute helduen moduan ulertzen. 

Gustukoak ez diren errealitateak haurrek ere ikusi behar dituzte. Gainera, nik uste ez dagoela arriskurik, ipuin klasikoen eraginez bakarrik, gerora haurrek rol horiek errealitatean errepikatzeko. Haientzat, ipuina entzutea beste mundu batean sartzea delako, jolasteko modu bat.

Ipuin klasikoen alde nago haur guztiei erakargarriak egiten zaizkielako. Besteak beste, fantasiakoak, irrealak eta zentzurik gabeak direlako. Behin ipuin klasikoa ezagutu ondoren, nahi izanez gero, beste maila batean landu daitezke haurrarekin: pertsonaiak zergatik diren gizon edo emakumeak, zergatik errepikatzen diren rol zehatz batzuk… Baina aurrez ipuina ezagutu egin behar da. 

Ipuin klasikoak aldatu behar dira?

Ez. Ipuin klasikoek klasiko izaten jarraitzea nahi badugu bere horretan utzi beharko genituzke. Orain arte bere horretan iraun dutelako dira klasikoak. Aldatzen hasiz gero, zentsura hori noraino eraman pentsatu beharko litzateke. Badira klasikoak ez diren eta, besteak beste, sexismoa eta indarkeria bultzatzen dituzten ipuinak. Horiek ere zentsuratu beharko lirateke? Noraino zentsuratu beharko litzateke literatura?

Gainera, ipuin klasikoak abiapuntu harturik sortutako ipuinak ere badaude, nolabait jatorrizko istorio horiek hankaz gora jarri eta umorearen bidez moldatzetik sortu direnak. Hori egitearekin erabat ados nago. Haur batek aldatutako ipuin horiek umore eta kritikaren bidez ezagutzen baditu, lanketak egin ditzake, betiere atzean dagoen morala eta etika aztertuz bada.

Nola uztartzen dira teknologia berriak irakurzaletasunarekin?

Bata bestearen aurka ez jartzea da gakoa. Batek galdu egingo duelako beti. Gaur egungo mundu teknologiko honetan, nik kontzeptu psiko-afektibo bat aldarrikatzen dut: introspekzioa. Introspekzioa da norberak bere baitan sartzeko duen ahalmena. Bide horretatik, introspekzioa literaturarekin erlazionatu behar da, literatura bihotzarekin eta buruarekin bidaia bat egitea baita. Zer esan nahi du horrek? Irakurtzen duzunak zuregana iritsi behar duela. 

Teknologia berriek, nire ustez, ez dute aukerarik ematen introspekzio hori burutzeko. Literaturak, berriz, bai. Beste erritmo bat duelako. Literaturan, irakurlea parte aktiboa, protagonista da. Teknologia berrietan, aldiz, erabiltzailea pasiboa da. Jasotzen duena eginda dagoelako. Literaturan berriz, irakurlea da imajinatu behar duena, eraiki behar duena. Sentitzeko aukera ematen du. 

Hala ere, teknologiaren mendean bizi gara, eta onartu beharreko zerbait da hori. Debekatu? Noski ezetz. Debekatzen dugunean, gainera, badakigu debekatutako hori erakargarriago bihurtzen dugula. Zerbait debekatu beharko banu irakurtzea bera debekatuko nuke [barre txikiarekin]. Horrela erakargarriago bilakatuko litzatekeelako.

Erlazionatuak

Modan ez dagoena ez da zahartzen

Aitor Arroyo Askarai 2020 mar 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!