Landarlan eta Eguzki talde ekologistek elkarretaratzea egin dute gaur, Tolosako epaitegiaren aurrean. Izan ere, gaur deklaratu dute bertan Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Monica Pedreira Ingurumen zuzendariak eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura inguruneko zuzendariak. Gaur da deklarazioak hartzeko azken eguna eta epaiketa ez da hasi, Enirio-Doniturrieta pistaren auzia instrukzioan baitago.
Talde ekologistek epaileari eskatu diote kontuan hartzeko Enirio-Doniturrieta pistaren ebaluazioa egin zenean Eusko Jaurlaritzako Natur Inguruneko zuzendaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako txostenak. "Beste txosten batzuk ere egon ziren, baina horiek ez dute maila tekniko bera, aipatutako biak oso maila altua dute. Gure ustez Ingurumen sailak pistak egiteko baimena eman zuenean ez zituzten txosten horiek aintzat hartu", esan du Edurne Huesa Landarlan eta Eguzkiko kideak.
Huesak salatu du era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikabideetan egindako adierazpenetan bi talde ekologistak ezker abertzalearekin lotu dituela. "Esan nahi dugu ez dugula inongo alderdi politikoren babesik. Hemen gaude herritarron babesa dugulako, era guztietako babesa, baita ekonomikoa ere epaitegiaren aurrean egon ahal izateko. Iruditzen zaigu errespetu falta bat dela, ez guri bakarrik, baizik eta herritarrei ere. Gure ustez erakundeek kontuan hartu behar dute Gipuzkoan eta Gipuzkoatik kanpo jendea kezkatuta dagoela Aralarren egiten ari diren pistekin".
Aralar Natur Parkea defendatzen dutela eta horretan jarraituko dutela ere esan du Huesak eta euren ustez Aralarren artzaintza eta abeltzaintza egon behar duela: "Hori uste dugu guk ere, baina egon behar du naturarekiko orekan eta hori da gaur egun ziurtatzen ez dena. Lanean jarraituko dugu, ingurumen elkarteen helburua ingurumena zaintzea eta defendatzea baita, eta tamalez ez dugu ikusten Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak orain arte, hori egin dutenik. Guk Aralar Natur Parkea defendatuko dugu".
Epaitegia
Gaur deklaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Monica Pedreira Ingurumen zuzendariak eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura inguruneko zuzendariak Tolosako epaitegian, Eguzki eta Landarlanek salaketa bat medio. Talde ekologistek jarri zuten salaketa Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik Enirio-Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egin izanagatik, eta 16 pertsona pasa dira epaitegitik azken asteetan deklaratzera, tartean Abaltzisketako Jon Zubizarreta eta Amezketako Ainhoa Zuriarrain, eta Enirio-Aralar Mankomunitateko idazkaria, lau teknikari eta Foru Aldundiko hainbat politikari ere.