Ez da epaiketa hasi, Enirio-Doniturrieta pistaren auzia oraindik instrukzioan baitago.
«Haserre eta lotsatuta gaude, artzain eta ganaduzaleen alde lan egiteagatik, eta beraien lan baldintzak hobetzeko egindako lanarengatik epaileen aurrean bukatu dugulako», azpimarratu du Zubizarretak. «Behatzekin seinalatu gaituzte, eta izen eta abizenekin». Ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak eta prebarikazioa egozten diete.
«Beldurraren estrategia erabili dute, eta aurrera begira ere, aldeko txostenak ditugun bitartean, guk baiezkoa bozkatuko dugu. Gu beldurtzen saiatu dira, eta guri presioa sartzen», adierazi du Abaltzisketako ordezkariak. «Aralar ez dugu ezagutu nahi artzaintzarik gabe, eta abeltzainik gabe, eta lanean jarraituko dugu», nabarmendu du Abaltzisketako alkateak.
Atzo bezala, bihar ere, Enirio-Aralar mankomunitateko ordezkariek pasa beharko dute epailearen aurretik, eta hurrengo astean, ingurumen teknikariek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko politikariek deklaratuko dute.
Pasa den urte amaieran, Enirio-Aralar Mankomunitateko hainbat udal ordezkari ohik babesgabetasun egoeran daudela salatu zuten.
Bestetik, Enba sindikatuak asteburuan egindako batzarrean babesa agertu die deklaratzera deitutakoei.
Landarlan eta Eguzki taldeen helburua, suntsitutako lurzorua lehengoratzea
Bestelakoa da Landarlan eta Eguzki talde ekologisten iritzia: «Ez dira ikertuak izaten ari, beraiek dioten bezala mendi bide bat egokitzeagatik, oinezkoentzako bidexka batean ibilgailuentzako ia lau metro zabalerako pista bat egiteagatik baizik». Hauen ustez, udaletako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek "ongi ezagutu beharko lukete Aralarko legedia". Eta gaineratu dute: "Ulergaitza eta seriotasun gutxikoa iruditzen zaigu jada auzi bat abian izanik bigarren pista bat eraikitzea".
«Guretzat nabariak diren lege hauste hauen salaketaren azken helburua, suntsitutako lurzorua ahalik eta gehiena lehengoratzea da», azpimarratu dute bi taldeek, eta beraien lana, «ingurumenaren defentsarako ahotsa» izatea dela. Hori kaltetzen duten ekintzen aurrean «modu aktiboan» erantzungo dutela gaineratu dute. Aralarko pisten kasuan ere horrela egingo dutela esan dute, eta "gureak bezalako taldeak beharrezkoak dira egungo gizartean".