Enirio-Aralar

Enirio-Aralar Mankomunitateko hainbat udal ordezkari ohik babesgabetasun egoeran daudela salatu dute

Ataria 2019ko abe. 30a, 18:23

Aurreko legealdian Mankomunitateko udal ordezkari izan ziren zazpi pertsonak, tartean Abaltzisketako Jon Zubizarretak eta Amezketako Ainhoa Zuriarrainek, Tolosako epaitegian ikertu gisa deklaratu beharko dute, esan dutenez Enirio-Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egiteko aldeko bozka emateagatik.

Ainhoa Zuriarrain Amezketako udal ordezkariarekin, eta Jon Zubizarreta Abaltzisketako udal ordezkariarekin batera egin dute agerraldia Aramako Aloña Urretabizkaiak, Beasaingo Elena Ruizek, Lazkaoko Aitor Altunak eta Ordiziako Jose Miguel Santamariak. Guztiak izan ziren udal ordezkariak pasa den legealdian Enirio-Aralar Mankomunitatean eta orduan eman zuten Aralarren mendi bide bat egokitzeko aldeko bozka. “Aldeko bozka hori emateagatik auzipetuak izan gara eta gure egoera pertsonalaren berri eta gertatzen ari den bidegabekeriaren azalpenak” eman nahi izan dituzte. Mankomunitateko zazpi udal ordezkari ohiek EHNE eta ENBA sindikatuen eta Aralarko Baserritarren Elkartearen babes zabala izan dute Donostian eskainitako agerraldian.

 

Hamasei pertsona

 

Urtarrilean deklaratuko dute urtarrilaren 27an eta 29an Tolosako epaitegian ikertu bezala, hain zuzen Eguzki eta Landarlan talde ekologistek jarritako salaketa baten harira. Salaketa hori bide penaletik jarri zuten Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik. “Hilabete barru ikertu gisara deklaratzera joan beharko dugu Tolosako epaitegietara. Ezin ahaztu gure antzeko egoeran dauden Mankomunitateko idazkaria, lau teknikariak eta Foru Aldundiko politikariak ere. Hamasei guztira, hamasei pertsona auzipetuak mendian mendi-bideak egokitzeagatik”, esan du Ainhoa Zuriarrain Amezketako ordezkariak.

 

“Enirio-Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egiteko aldeko bozka eman genuen, aurrez Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako plan batean oinarrituta”, azaldu du. “Lan hauek egiteko burutu den prozesu administratibo osoan ez da kontrako txosten tekniko edo juridikorik izan”, gaineratu du.

 

Egoera honen aurrean babesgabetasun egoera batean daudela salatu dute udal ordezkari ohiek eta hori dela eta Mankomunitateko lehendakariarengana bitan jo dutela esan du: “Gure defentsa juridikoaren kostuak Mankomunitateak bere gain hartzeko eskatu diogu. Mankomunitatearen baitan demokratikoki hartutako erabakiak izan baitira. Eskari honen aurrean ez dugu inolako erantzunik jaso lehendakariaren aldetik, nahiz eta jakin badakigun 15 udaletara korreo elektroniko bidez zuzendu dela, oraindik ere gure kezka eta babes eza areagotuz”. “Borondatea izanez gero, Mankomunitateak auzipetuei babes ekonomikoa emateko ez dago arazo juridikorik”, gaineratu du.

 

Horiek horrela, bozketa bat egiteagatik auzipetu izana salatu du, “demokratikoki hartutako erabakiak gustatzen ez direnenean hauen zentzua aldatzeko epaitegietara jotzea ez da onargarria”. Mankomunitateko lehendakariaren isiltasuna “defizit demokratiko larria” dela esan dute, “herri ordezkariak babesgabetasun egoera batean” jarriz. “Horregatik Enirio Aralar Mankomunitateko lehendakariari hirugarrenez eta publikoki eskatzen diogu: gure eskariei lehenbailehen erantzun diezaiela eta auzipetuon babes juridikoaren kostu ekonomikoa Mankomunitateak bere gain har dezala”.

Enirio-Aralar Mankomunitatea toki erakunde bat da eta hamabost udalerrik osatzen dute, tartean eskualdeko 5; Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrrain, Ikaztegieta eta Orendain. Bere eginkizun nagusia bertako basoak eta goi larreak mantentzea eta kudeatzea delarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!