Ataria Bertso Jaialdia 2020

Urteari hasiera bertsotan

Irati Saizar Artola 2020ko urt. 18a, 05:59

Leidorreko aretoa prest da gaur 800 bertso-entzuletik gora jasotzeko. TOLOSALDEKO ATARIA-k antolatzen duen bertso jaialdia izango da 18:00etatik aurrera, eta sei bertsolari izango dira oholtzan: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto.

Urteroko hitzorduari iritsi zaio bere ordua: gaur ospatuko da TOLOSALDEKO ATARIA-ren bertso saioa, Tolosako Leidor aretoan. Bertsozale askoren parada izan ohi da, eta aurten ere hori erakutsi du sarreren salmentak behintzat; hamar egun lehenagotik sarrera guztiak salduta, entzule bat baino gehiago geratu da sartzeko aukerarik gabe.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa amaitu ondotik, bertsozalea gosez bada behintzat, gaur izango du asetzeko tartea. Txapelketaren antz handiegirik ez duen mokadua dastatzeko aukera izango du gainera; azken urteetan, behintzat, horretan saiatu baitira bertsolariak zein gai-jartzailea. Aurten ere jaialdi berezi bezain gustagarri bat egiten saiatuko dira.

Azken urteetan ikusitakoaren bidetik, bertsoaldi serioak, umorezkoak, xelebreak... guztiek izango dute lekua Leidor aretoan. Genero, belaunaldi aldaketa, euskal komunikabide, integrazio nahiz politikaz hausnartzeko gogoetak egin zituzten iaz sei bertsolariek, eta orain, biharkoaren zain geratu beharko dute entzuleek, gaien zerrenda zein izango den jakiteko.

Txolarre irratia bertso saioa antolatzen hasi zenez geroztik, hamaikagarren jaialdia izango da gaurkoa. 17:30ean zabalduko dituzte Leidor aretoko ateak entzuleentzat, eta 18:00etatik aurrera, sei bertsolariak oholtzan izango dira: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto. Urtero moduan, Amaia Agirre gai-jartzailea izango dute gidari, eta urtero moduan, mimoz prestatu du honezkero saioa.

Urte hasierako aldapa samurtzen lagunduko diote bati baino gehiagori; oholtzara begira egongo da txapelketako ajeari buelta eman nahian dabilena, edo herriko jaietako bertso saio guztiak ikusi dituena eta 'bat gehiago' ikusteko prest dena ere bertan izango da. Baina baita urte guztian bertso saio bakarra ere ikusi ez, eta ATARIA-ko jaialdia inolaz ere galdu nahi ez duen hori ere. 800 aulkiren artean, bada lekua batentzat zein bestearentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!