Azken urteetan hitzordu garrantzitsua bihurtu da zuretzat saio hori?
Bai, ahal dudala behintzat joaten jarraitu nahiko nuke. Aitarekin eta beste lagun batzuekin joan ohi naiz.
Gurpildun aulkian zoazenez, beti leku bertsutik ikusiko duzu jaialdia.
Bai, lehen lerroan jartzen gara horrelako aulkietan goazenak. Alde horretatik badugu abantaila, oholtzatik gertuago gaude eta oso ondo ikusten da.
Urtean zehar beste jaialdietara ere joan zara?
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Tolosako saiora joan nintzen, adibidez. Eta ederra pasa zitzaidan finaleko egunarekin: realzale amorratua naiz, eta lauretan zuen partida Barçaren aurka. Beste partida bat izan balitz, bertsoak entzutea aukeratuko nukeen, baina Barça urtean behin etortzen da eta... Haritz Mujikari esan nion, ea beranduago sartzeko aukerarik banuen, eta aukera izango genuela esan zidan. Azkenean, ordea, arazo bat tarteko, ezin izan nuen ez batera eta ez bestera joan.
Eta ATARIA bertso jaialdira joateagatik zer utziko zenuke albo batera?
Sailkapenean oso goian ez dabilen talderen bat tokatuz gero, bertsotara joango nintzateke. Sailkapenean, ordea, gorago dagoen talderen bat tokatuko balitz, gehiago erakarriko ninduke partidak. Ez da horrela tokatu, eta pozik nago.
ATARIA-ko bertso jaialdia txapelketarekin alderatuta dibertigarriagoa iruditzen zaizu?
Bai, askoz. Bertsolariak lasaiago daude; txapelketan egoten den tentsioa, adibidez, jaialdian ez da ikusten. Txapelketetan ariketa batzuk astunak egiten zaizkit, eta haiek urduri jartzen direnean, ahoari ezin emanez ari direla ikusten dudanean, ni ere urduritu egiten naiz. Horrelako jaialdietara, ordea, askoz lasaiago etortzen da bertsolaria.
Zein bertsolari dituzu gogokoen?
Etxorde esan beharko dugu [barreak]. Amets Arzallus betidanik gustatu izan zait, baita Maialen Lujanbio ere.
Nondik datorkizu bertsoetarako afizio hori?
Txikitatik esango nuke. Aitona zenak bertso zahar asko kantatzen zituen baserrian, eta nahiko presente egon da beti bertsoa. Gero, ordea, DBH 1 egiten hasi nintzenean, eskolan esan zidaten bertsoek on egingo zidatela. Irakasle batek jakin zuenean bertsoak gustatzen zitzaizkidala bertso eskolan apuntatzeko gomendatu zidan. Esan zidan ondo etorriko zitzaidala bururako, gauzak memorizatu eta errimak eta egiteko.
Eta bertso eskolan apuntatu zinen.
Berastegin hasi nintzen, helduekin. Kontua da, ordea, batek lana zuela, eta besteak ez dakit zer zeukala, hiru saiotik bi bertan behera uzten genituela. Gero, Tolosan eskolan hasi nintzenean lauretan soilik zegoen bertso eskola herrian. Eta nik, orduan, 16:30ak arte izaten nituen klaseak eta ez nintzen iristen. Orain, Ibarrara joaten naiz. Haritz Mujika dugu irakasle eta hiru ikasle gabiltza. Pena da talde txikia dela; futbola, pilota, dantza eta eskubaloia direla eta, bertsoei oso gazte gutxik heltzen diote. Gainera, koadratu egin behar dituzte ordutegiak, eta askotan ezin da.
Gutxi zarete, baina zer moduz pasatzen duzue?
Oso gustura joaten naiz. Astelehenetan daukagu klasea, 19:00etatik 20:00etara, eta astelehenak izaten diren bezalakoak izanda, ordutxo hori ondo etortzen da.
Zer egiten duzue klase horietan?
Denetarik egiten dugu. Kantuan aritzen gara, eta batzuetan, ordenagailuan bertsoaldi batzuk jartzen dizkigu, eta horiek amaitzean guk abesten ditugu. Puntuetan, zortziko handian, zortziko txikian, ofizioetan eta horrela aritzen gara.
Zein ariketa gustatzen zaizu gehien?
Bertsoa egitea asko gustatzen zait, baina puntutan aritzea gustatzen zait agian gehien.
Zuk nabaritzen duzu on egiten dizula bertso eskolara joateak?
Bai. Ordubete horrek, askotan, eskolatik ekartzen dudan jenio txarra kentzeko balio dit, lasaitasun hori ematen dit.