Zenbat aldiz joan zara ATARIA-ren jaialdira?
Behin bakarrik, 2018an. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariei gaia jartzera joan nintzen.
Nola jaso zenuen lan horretarako deia?
Joateko gonbidapena egin zidaten, eta baiezkoa eman nuenean, gaia jartzeko eskatu zidan Amaia Agirrek, eta pozik egin nuen.
Hainbeste jenderen aurrean ez zinen urduritu?
Pixka bat bai, baina gutxi.
Gogoan duzu zer gai jarri zenien?
Bai, futbolari buruzkoa izan zen. Amaia Agirrek esan zidan zein gai jarri. 2018an Maialen Lujanbiok ohorezko sakea atera zuen Anoetan, Barçaren aurkako partidan; sakearen ostean Mesiri bostekoa eman zion eta oihartzun handia izan zuen irudi horrek. Amets Arzalus Mesiren paperetik aritu zen eta Maialen Lujanbio bere burutik.
Egun hartan Anoetan bertan izan zinen?
Bai eta nire begiekin ikusi nuen Maialenek nola eman zion bostekoa Mesiri.
Kirola gustuko duzula aipatu duzu, bereziki Reala. Zer duzu nahiago, Realaren partida bat edo bertso jaialdia?
Bietatik bat aukeratu beharko banu bertsoetara joango nintzateke. Realeko bazkidea naiz, eta partida guztietara joaten naiz. Illunbeko finalean, ordea, aukeratu egin behar izan nuen eta finala ikustera joan nintzen aitarekin; anaia Anoetara bidali genuen.
Jaialdi honetaz gain, beste saioetara joateko ohiturarik baduzu?
Esaterako Gipuzkoako Txapelketa Nagusian hiru saio ikusi ditut: Oiartzungoa, Tolosakoa eta Illunbeko finala.
Eta zure gustukoak irabazi al du?
Tolosako saioa ez, baina finala bai. Tolosakoan Haritz Mujikak irabaztea nahi nuen, ondo aritu zen eta.
Noiztik gustatzen zaizkizu bertsoak?
Txikitatik esango nuke. Etxean aitarekin bertso saioak egiten nituen eta oraindik ere jarraitzen dugu egiten.
Nor moldatzen da hobeto?
Ni [barreak].
Zaletasuna txikitatik eta etxetik ere badatorkizu, beraz.
Bai, gogoan dut 10 urte ingururekin Pasaiara joan ginela Gipuzkoako eskolarteko bertso finalera. Mina hartuta gurpildun aulkian nengoen eta itsasoa gurpildun aulkian zeharkatu nuen Pasaiara iristeko.
Bertso eskolan aspalditik zabiltza?
Aurten hasi naiz bertso eskolan, Altzon bertan. Aurten jarri dute martxan lehen aldiz eta animatu egin naiz. Hasieran astelehenetan elkartzen hasi ginen, baina irakasleak ezin izaten zuen etorri, eta asteazkenetara pasa genuen. 21:30etik 22:45era egiten dugu, Mikel Artola irakaslearekin. Lagun asko elkartzen gara eta oso gustura joaten naiz.
Zer egiten duzue klaseetan?
Mikelek gaiak prestatzeko esaten dit eta gero gaiak jartzen dizkiet beste ikaskideek bertsotan egin dezaten.
Zein ariketa gustatzen zaizu gehien?
Koplak asko gustatzen zaizkit. Bertso eskolan, ordea, ez dut abesten, gaiak jartzen bakarrik aritzen naiz. Etxean bai, etxean koplak abesten ditut.
Etxean aritzen zaretenean aurrez prestatzen dituzu bertsoak?
Ez-ez. Bat-batean aritzen gara.
Idatzi edo grabatu egiten al dituzu?
Normalean ez. Aurten ordea, euskararen egunerako bertsoak prestatzeko eskatu ziguten bertso eskolakooi. Egun horretarako bi bertso egin nituen aurrez eta ekitaldian abestu nituen.
On egiten dizu bertso eskolara joateak?
Bai, horrela ikasi egiten dut besteek nola egiten duten eta memoriarentzat ere ondo etortzen zait.
Zein bertsolari duzu gustukoen?
Gaur egun dabiltzanetatik Haritz Mujika gustatzen zait gehien. Baina baita Julio Soto, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio ere.