Negu-ukituko giroa

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2020ko urtarrilaren 17a

Goizaldean sartuko den fronte batek hodeitza handia eta euri zaparradak utziko dizkigu. Zaparradak mardulak eta nahiko etengabeak izango dira goizean.

Arratsaldean aldiz, zaparradak ahulagoak eta tartekatuagoak izango dira. Haizeak mendebaldetik joko du eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, maximoak 8-10 C bitartean errendituz. Elur-mailak behera egin eta egunean zehar 900-1000 metrotik gora botatzen duena elurretan izango da.

Larunbata (urtarrilak 18)

Giro nahasia. Goizean hego-haizearekin giro lasaia eta argia izango dugu, non urdinguneak nagusituko diren. Arratsaldean haizeak ekialde/ipar-ekialdeko ukitua hartu eta beste fronte baten laguntzaz giroak okerrera egingo du. Arratsalde erdi eta gau partean euri zaparrada mardul xamarrak izango dira. Termometroek koskatxo bat behera egingo dute eta maximoak ez dira 7-9 ⁰C-tatik pasako. Horrekin elur-maila egunean zehar 1000 metroren bueltan kokatuko da, baina iluntze/gau partean 700-800 metrotara jaitsiko da.

Igandea (urtarrilak 19)

Giro oso hotza. Erdi eta goi-mailako geruzetan sartuko den aire oso hotzak, tenperatura oso baxuak utziko dizkigu. Maximoak egunean zehar ez dira 4-6 ⁰C-tatik pasako. Gainera zeruan hodeiak nagusituko dira, batez ere, egunaren bigarren zatian eta giro iluna izango da. Prezipitazioa ere izango dugu, nahiz eta, ahula izango den eta oso gutxi bota. Gehienbat arratsaldean eta gauean botako du. Elur-mailak ere behera egingo du. Goizean 500-600 metrotan egongo da, baina arratsaldean gehiago hoztu eta 300-400 metrotara jaitsiko da, baztertu gabe gau partean beheraxeago ere elurra egitea.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!