Eguraldi iragarpena

Eguraldi lasai izango dugu

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko azaroaren 29a

Egunsentian euri tantaxkaren bat izango den arren, goizean bertan atertu eta ostarteak zabaltzen hasiko dira, eguerditik aurrera eta arratsaldean giro nahiko argia geratuz, nahiz eta, zerua erabat garbi ez den agertuko.

Haizeak hego ukitua izango du goizean, arratsaldean mendebaldetik finkatuz. Termometroak beste egun batez antzeko balioetan mugituko dira, maximoak 15-17 ⁰C bitartean kokatuz.

Larunbata (azaroak 30)

Giro lasaiarekin hasiko da eguna baina arratsaldean egoera okertu egingo da. Goizean hego-mendebaldeko haizearekin giro lasaia izango da. Erdi eta goi-mailako hodei ugari izan arren, ateri eutsiko dio eta gainera giro nahiko epela izango dugu. Arratsaldeko lehen orduan ordea, fronte bat sartu, haizeak ipar-mendebaldera egin, zerua erabat estali eta euritara joko du. Euri zaparrada mardulak izango dira eta nahiko sarri botako du. Termometroek 15-17 ⁰ bitartean joko dute goia.

Igandea (abenduak 1)

Negu-ukitua hartuko du eguraldiak. Goizean eta eguerdira bitarte giro lasaia izango da. Haizeak hego-mendebaldeko ukitua izango du eta zeruan hodeiak nagusi izan arren, ateri egongo da. Eguerditik aurrera haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta giroa nahasten hasiko da. Arratsaldean sartuko den fronte batek euria utziko digu berriz ere. Euri gehien, batez ere, arratsalde erditik aurrera izango da, non zaparrada mardulak botako dituen eta nahiko sarri. Goietan aire hotza sartuko duenez ezin da baztertu ekaitzak jotzea ere. Termometroek nabarmen behera egingo dute. Eguneko erdiko orduetan 10-12 ⁰C-tan joko dute goia, baina arratsaldean hortik behera kokatuko dira. Elur-maila eguna amaitzerako 1000-1200 metrotan kokatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!