Giroa nahastu egingo zaigu

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko azaroaren 22a

Batetik, hego-haizeak indar handia hartuko du eta haize-guneetan eta mendi-inguruetan bolada gogorrak izango ditu, gainontzeko lekuetan ere tarteka zakar joz.

Bestetik, fronte batek euria utziko digu. Zaparradak egun osoan botako ditu, baina tartekatuak eta ahulak izango dira orokorrean, nahiz eta, arratsalde partean zaparrada mardulen bat edo beste izan. Euri kontu hauekin termometroek behera egingo dute, maximoak 10-12 ⁰C-tan geratuz.

Larunbata (azaroak 23)

Giro kaxkarra. Fronte batek eta mendebal/ipar-mendebaldeko haizeak giro triste eta freskoa utziko digute. Euri zaparradak egun osoan izango dira, baina ugarienak eta indartsuenak goizean botako ditu, non ekaitzak jo eta kazkabarra bota dezakeen. Arratsaldean zaparradak ahulxeagoak eta tartekatuagoak izango dira. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizeak zakar edo oso zakar joko du, batez ere, goizean eta termometroek beste koskatxo bat egingo dute behera, maximoak 9-11 ⁰C bitartean utziz. Elur-maila 1200-1300 metrotan kokatuko da.

Igandea (azaroak 24)

Giroak hobera egingo du. Goizean oraindik giro goibela izango da, non tarteka euri pixka bat izango den. Eguerdirako atertu egingo du ordea eta arratsaldean giro lasaia nagusituko da, non ostartetxo batzuk zabalduko diren. Haizeak goizean ipar-mendebaldetik joko du, ondoren arratsaldean zehar norabide aldakorrekoa geratuko da, gau partean hegotik finkatuz eta termometroek koska pare bat gora egingo dute, maximoek 11-13 ⁰C bitartean joaz goia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!