Eguraldi iragarpena

Negu beteko eguraldia

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko azaroaren 7a

Fronte batek, ipar mendebaldeko haize zakarrak eta goietan sartuko den haize hotzak eguraldi desatsegina utziko digute gaurkoan. 

Goizetik hasi eta eguna bukatu arte euri zaparradak izango ditugu. Zaparradak indartsuagoak eta ugariagoak izango dira egunaren bigarren zatian. Goietan aire hotz gehiago izango dugu eta ekaitzetarako joerarekin zaparrada gogorrak botako ditu, eta kazkabarra ere ezin da baztertu. Tenperaturak hoztu egingo zaizkigu, 10 gradutara iristeko komeriak izango dira. Elurraren mailak ere behera egingo du. Arratsalde partean behera egiten hasiko da eta eguna bukatzerako 900 metrotara iritsiko da. 

Biharkoan ere negu beteko eguraldiak jarraipena izango du. Euri zaparradak mardulak izango dira ia egun guztian zehar, nahiz eta arratsaldean zertxobait tartekatuagoak izan. Kazkabarra botatzeko arriskua egongo da goizean. Tenperaturak gehienez jota 8-9 gradutan ibiliko dira. Elur mailak behera egingo du, 800 metrotara iritsiz egunsentian. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!