Beste behin sarrerak agortu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bertso-saioan. Bosgarren, eta azken, final-laurdenetako saioa izan zen Azkoitiako Baztartxo antzokian. Bezperatik sarrera guztiak amaituta eta sei bertsolari oholtzan: Ane Labaka (Lasarte-Oria), Maialen Akizu (Urretxu), Ander Lizarralde (Oiartzun), Mikel Artola (Alegia), Ane Zuabiskar (Arrasate) eta Beñat Gaztelumendi (Añorga).
Beñat Gaztelumendik 475 puntu lortu zituen eta hurrengo fasean Oiartzunen kantatuko du. Añorgarra nagusi izan zen lehen bertsoalditik, azkenekora. Guztietan puntuazio altuena lortu zuen eta erregulartasun handia erakutsi zuen.
Ane Labaka izan zen Azkoitiako saiotik hurrengo fasera sailkatu zen bestea. 455 punturekin, honek ere Oiartzunen kantatuko du. Lasarte-Oriakoak maila handia eta erregulartasuna erakutsi zuen. Ariketa batean ez, beste guztietan, Gaztelumendiren antzeko puntuazioa lortu zuen eta bigarren postuan sailkatu zen.
ARTOLA GUSTURA
Mikel Artola gustura jaitsi zen oholtzatik. Bosgarren izan zen saioan, 425 punturekin. Puntuazioarekin baino, oholtzako sentsazioekin geratu zen alegiarra eta orokorrean esan nahi zuena esaten asmatu zuela azpimarratu zuen. Zortziko txikian Gaztelumendirekin egin zuen ariketan lortu zituen puntu gehien. Halere, hamarreko txikiko ariketarekin geratu zen gustuen alegiarra.
Zortziko nagusian, zortziko txikian eta hamarreko txikian oholtzakideen mailan ibili zen alegiarra. Aldiz, seiko motzean poto bat egin zuen eta hor hasi ziren alegiarraren sailkatzeko aukerak bakantzen. Amaitzeko, kartzelan ere gaitik urrun xamar ibili zen.
LAURDENETAN HOBETO
Final-zortzirenetan eta final-laurdenetan eskualdeko lau ordezkarik kantatu dute: Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Unai Mendizabal eta Mikel Artolak. Zortzirenetan, laurek, beraien saioko irabazle izatea lortu zuten.
Aldiz, laurdenetan, zizurkildarra izan da punturik gehienekin sailkatu dena eta asteasuarrak berriz, azken saiora arte itxaron behar izan du sailkapena lortzeko. Iguaranen eta Artolaren txapelketa hemen amaitu da. Halere, lau bertsolariak gusturago geratu dira azken saioan egin dutenarekin, final-zortzirenetan eman zuten mailarekin baino. Bertsoaldi batzuetan ez asmatu arren, beste batzuetan beraiek nahi zutenetik kantatzea lortu dutela adierazi baitute laurek.
BOSTETIK HIRU
Duela lau urte bezala, hiru ordezkari izango ditu Tolosaldeak finalerdietan. Oihana Iguranek errepikatuko du eta Beñat Iguaran eta Mikel Artolaren duela lau urteko lekua hartuko dute Haritz Mujikak eta Unai Mendizabalek.
Mendizabal izango da kantuan lehena, finalerdietako lehen saioan kantatuko baitu, azaroaren 17an, Arrasaten. Agin Laburu (Astigarraga), Eñaut Martikorena (Hernani), Iñaki Apalategi (Beasain), Nerea Elustondo (Legazpi) eta Unai Gaztelumendi (Añorga) izango ditu kantukide.
Bestetik, azken finalerdian, abenduaren 1ean, kantatuko dute Oihana Iguaranek eta Haritz Mujikak, Tolosan. Beñat Lizaso (Azpeitia), Iban Urdangarin (Ataun), Jokin Uranga (Azpeitia) eta Jon Maia (Zumaia) izango dira bi eskualdekoekin batera kantuan. Tarteko asteburuan, Oiartzunen izango da finalerdietako hirugarren saioa.
HEMEZORTZITIK ZORTZI
Hiru finalerdietan hemezortzi bertsolarik kantatuko dute eta horietatik zortzik lortuko dute Illunben kantatzeko txartela. Saio bakoitzeko lehenengo hirurek eta puntuazio altuena lortzen duten bostek. Ataria Irratiak zuzenean eskainiko du Tolosan izango den finalerdia, eskualdeko bi bertsolariek parte hartuko dutena, hain zuzen.
FINALERDIETARA SAILKATUAK
Agin Laburu 495,0
Oihana Iguaran 485,5
Iñigo Mantzisidor 484,0
Nerea Elustundo 476,5
Eñaut Martikorena 476,0
Beñat Gaztelumendi 475,0
Jon Maia 475,0
Alaia Martin 475,0
Jokin Uranga 467,5
Iban Urdangarin 467,0
Amaia Iturriotz 463,5
Unai Mendizabal 460,5
Iñaki Apalategi 458,5
Asier Azpiroz 458,5
Beñat Lizaso 455,5
Haritz Mujika 455,5
Ane Labaka 455,0
Unai Gaztelumendi 451,5