Beñat Gaztelumendi izan zen Azkoitian lehen sailkatua. Izarren hautsa doinua hautatu zuen agurreko bertsoa abesteko, eta agian bera da txapelketako izarrik handiena. Azkoitian behintzat berak egin zuen saiorik onena, ofizio guztietan bere bikotekidea baino koska bat gainetik arituz eta ondoren, bakarkako saiorik onena eginez.
Zortziko handiareakin hasi ziren lan puntuagarriak. Bertan aipagarria Ane Labakak eta Maialen Akizuk egindako lana. Telebista produktora bateko nagusien lekuan ipini zituen gai jartzaileak eta elkarrizketa interesgarria eskaini ziguten entzuleoi. Ane Labaka bigarren sailkatu zen Azkoitian eta nabari zaio lan handia eginda ari dela txapelketa honetan, erabilitako errimak eta hiztegi aberatsa dira horren lekuko.
Zortziko txikiko ariketarekin jarraitu zuen saioak final laurden guztietan bezala. Ofizio honetan Mikel Artolak eta Beñat Gaztelumendik egindako lana izan zen bereziena. Zorteak hala erabakita pilota partida ikusi nahi duen pertsona baten paperean jarri zuten alegiarra eta Beñat parean jartzen zaion pertsona batenean. Gaiarekiko gertutasun horrek kalte edo mesede egiten duen zalantza egin daiteke, baina kasu honetan biek ala biek ere asmatu eta bertsoaldi bizia bezain alaia eskaini zuten.
Beñat Gaztelumendi eta Ane Labakak egindakoak izan ziren kartzelakorik onenak. Gaiak ondoezik zauden arren gaur ere lanera zoaz zioen. Anek nagusi dirudun baten idazkari bezala abestu zuen eta prekaritatearen bidea hartu zuen «bi aukera soilik dauzkat; lanera edo kalera» amaituz. Lehen aipatu bezala kartzelako lanean hiztegi eta errimategi aberatsak erakutsi zituen lasartearrak. Beñatek ere antzeko bidea hartu zuen, baina telebistan lanean hasi den bekadun baten larrutik abestu zuen. «Zukutu arte lan egin eta; behin erretakoan bota» esanez amaitu zuen bere saioa añorgarrak, benetan lan ona eginez eta berriro ere txapeletik gertu ibiliko dela erakutsiz.
Aipagarria Mikel Artolak ale onak utzi zituela kartzelakoan, baina gaietik hurrunegi aritu izanak kalte egin zion puntuaketen garaian.