Mendizabal eta Mujika sailkatzeko aukerekin

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'Felix' 2019ko urr. 22a, 12:01

BeƱat Iguaran eta Unai Mendizabal Andoaingo saioan

Beñat Iguaran, berriz, Andoaingo saioko seigarren sailkatua izan da, eta ia ezinezko du sailkapena lortzea; igandean Oihana Iguaran ariko da.

Andoainen eta Irunen izan dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako lehen bi saioak. Eñaut Martikorena hernaniarrak eta Agin Laburu astigarragarrak irabazi dituzte, hurrenez hurren. Eskualdekoei dagokienez berriz, final- laurdenetara sailkatu diren bost bertsolarietatik hiruk osatu dituzte euren lanak. Iguaran eta Mendizabal Andoainen aritu ziren, Mujika berriz, Irunen.

ANDOAINGO SAIOA

Andoaingo Bastero antzokiko sarrera guztiak agortu ez baziren, ez ziren askorik geratu saltzeke. 600 ikusletik gora eta jendea gustura atera zen. Batez ere, Martikorenaren kartzelako lanarekin harrituta geratu zen jendea. Baina, orokorrean saioak zapore gozoa utzi zion bertsozaleari.

8ko nagusian txukun aritu ziren sei bertsolariak. Iguarani eta Martikorenari kosta zitzaien gehien, baina zortziko txikian biek aurkitu zuten beren bertsokera. Sei puntuko motza izan zen final-zortzirenetatik aldatu zen ariketa bakarra eta gaiek umorerako, zein seriorako aukera eman zuten. Zortziko txikian bezala, bertsolariek publikoarekin konektatzea lortu zuten. Iguaran izan zen azken ariketa horretan puntuazio altuena lortu zuena.

Une horretan, Urdangarinek zuen puntu gehien eta beste bost bertsolariak bost punturen tartean zeuden. Saioa ezin berdinagoa beraz. Hamarreko txikian ere gauzak berdin xamar joan ziren. Apalategiren eta Iguaranen bertsoaldia izan zen besteek baino maila baxuagokoa.

Kartzelan Martikorenak aldea atera zien beste bertsolariei eta hortxe apurtu zuen berdinketa. Ondorengo lau bertsolariak hamar punturen barruan sartu ziren. Beraz, saio ezin berdinduagoa izan zen eta puntu gutxiren baitan egon ziren postuak.

IGUARAN ETA MENDIZABAL

Iguaranek, beraz, zortziko nagusian eta hamarreko txikian ez zuen asmatu. Beste hiru ariketetan maila bikaina eman zuen. Mendizabalek saio txukuna egin zuen. Ez zuen bertsoaldirik lehertu, baina, maila onean aritu zen. Bera izan zen hamarreko txikian bertsolaririk puntuatuena. Horri izan duen erregulartasuna erantsita, gustura zen saio amaieran zizurkildarra.

IRUN

Irunen sarrera guztiak agortu ziren. Laburu izan zen nagusi, saioko bigarrenari ia 40 puntuko aldea aterata. Mujika hirugarren izan zen eta Irunen ere bigarrenetik bosgarrenera hamar punturen aldea egon zen.

Zortziko nagusian bertsoaldi guztiak maila onekoak izan ziren eta zortziko txikian ere, antzekotasuna eta maila ona azpimarratu behar dira. Sei puntuko motzean Mujika izan zen puntuazio altuena lortu zuena. Une horretan Laburu eta biak puntuetan berdinduta zeuden, lehen postuan.

Azken bi ariketetan, ordea, Laburuk bertsoaldi oso onak osatuta, beste bertsolari guztiak atzean utzi zituen. Mujikak kartzelako lanean ez zuen asmatu eta azkenean, Lizasorekin puntuetan berdinduta, hirugarren postua eskuratu zuen.

HAMAHIRU

Hogeita hamar bertsolarietatik, hemezortzi bertsolari pasatuko dira hurrengo fasera: bost saioetako irabazleak eta hamahiru bertsolari puntuazioz.

Laburuk Irunen lortutako 495 puntuek, lehen postua eman diote, orain arteko bi saioak aintzat hartuta. Halere, Lizasoren, Irungo bigarrenaren sailkatuaren, aurretik sailkatu dira Andoaingo lehen bost bertsolariak.

Beraz, Mendizabal bigarren dago puntuazioz sailkatuko direnen sailkapenean, 460,5 punturekin, sailkatzeko aukera oso handiekin. Mujikak ere baditu aukerak, seigarren baitago sailkapenean, 455,5 punturekin. Bost bertsolari daude beraz, bost punturen baitan.

Iguaranek ia ezinezko du sailkatzea, zortzigarren baitago, 447,5 punturekin, hamar bertsolariko sailkapen horretan. Oraindik hemezortzi bertsolari falta dira kantatzeko.

OIHANA IGUARANEN TXANDA

Larunbatean Eibarren izango da saioa eta igandean berriz, Azpeitian. Igandean sartuko da txapelketan Oihana Iguaran billabonarra. Alaia Martin (Oiartzun), Amaia Iturriotz (Urretxu), Iñaki Gurrutxaga (Orio), Iñigo Mantzizidor (Zarautz) eta Nerea Elustondo (Legazpi) izango ditu Azpeitiako Soreasu antzokian oholtzakide. 

SAILKAPENA

* Agin Laburu 495,0

* Eñaut Martikorena 476,0

Iban Urdangarin 467,0

Unai Mendizabal 460,5

Iñaki Apalategi 458,5

Asier Azpiroz 458,5

Beñat Lizaso 455,5

Haritz Mujika 455,5

Unai Gaztelumendi 451,5

Beñat Iguaran 447,0

Iñigo Izagirre 445,5

Maider Arregi 425,5

Erlazionatuak

Bertsoz berotutako arratsalde euritsua

Erabiltzailearen aurpegia Ander Goikoetxea 'Andriu' 2019 urr 22 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!