Sei puntuko motza zetorren ondoren. Ariketa zaila izan ohi da, baina goi mailako bertsoaldiak entzun ahal izan genituen. Haritz Mujika eta Agin Labururen saioak lehertu zuen aretoa. Beraien amak sare sozialetan kontua zabaltzeko laguntza eskatu zien, larritu zen Haritz «eskutatikan ziaro juaten/ari zaigu ama», okerrera joan zitekeela gehitu zuen Aginek «gero laguntza biarko dula/ia egunero». Haritzek errimaz estu eta ideiaz zorrotz segi zuen bertsoaldi osoan, nerabearen benetako beldurra argitu zuen azken bertsoan, nola larrituko litzatekeen «amak gu baino megusta gehio/jasotzen baditu», Aginek ere umore kolpe ederrak utzi zituen.
Ariketa berean kritika sozialerako bidea izan zuten Maider Arregi eta Iñigo Izagirrek 22 ordu lanean zeramatzaten erizainen paperetik. Izagirrek asmatu zuen gaiari bidea zabaltzen kolpe ederrekin.
10eko txikian ariketa ederrak entzun ziren. Agin eta Maider 80 urterekin aspaldian elizatik aldenduta egon ondoren, Maiderrek konfesatzera joatea proposatu behar zion Agini. Asmatu zuen Oñatiarrak gaia kokatzen tabernan txikiteoan aritzen zirela eta bazutela nahikoa pekatu adieraziz. Bide horri jarraituaz Aginek ale bikainak utzi zituen.
Aho zapore gozoarekin iritsi ginen entzuleok behintzat kartzelako ariketara. Gai estua egokitu zitzaien bertsolariei: «Itxarongelan zaude operazioa hasteko zain. Damutu egin zara eta alde egin nahi duzu». Horrelakoetan norbera ere pentsatzen hasten nondik heldu zitekeen gaia: adinkideen azkenaldiko aipamenengatik edo, basektomia etorri zitzaidan burura, bigarren bueltan zirujia estetikoak bide gehiago ematen zuela pentsatu nuen…
Harritu ninduen Aginek giltzurruna ematera joandako altruistaren paperetik, bere berekoikeriak azken unean atzera egitera eraman zuen. Iñigo Izagirre eta Beñat Lizasok basektomiaren bidea hartu zuten. Maider Arregik titiak operatu nahi zituen baina damutu egin zen. Asmatu zuen kanon estetikoekiko kritikara eramaten, nahiz eta ez zuen bertsoaldi borobila egin hirugarren bertsoan aretoa txaloz lehertu zuen «Nahiz eta ez ditudan/bi titi handi zut/nire burua onartzen/ ikasi behar dut». Haritzek antzeko bidea hartu bazuen ere ez zuen asmatu, pena izan zen arratsalde bikaina baitzeraman ordura arte.