Eguraldi amorragarria

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko urriaren 4a

Eguraldi motela gaurkoan berriz ere bueltan izango dugu. Mendebal ipar mendebaldeko haizea ibiliko zaigu, eta horrekin, hodei dezente pilatuko zaigu zeruan. Euri pixka bat izango dugu, gehienbat goiz partean. 

Euri gutxi izanagatik zer edo zer bustiko du. Arratsalde partean zertxobait atertu eta ostartetxoren bat edo beste irekiko dela eta eguraldi lasaixeagoa izango dela. Orokorrean, egun guztian zehar, hodeiak nagusituko direnez, giro amorragarri xamarra izango dugu. Tenperaturek zertxobait behera egingo dute eta eguneko erdiko orduetan gehienez jota 20-21 gradutara iritsiko dira. 

Larunbatari dagokionez, eguraldi nahiko txukuna izango dugu baina oraindik ere hodeiak izango ditugu. Goiz partean dezente izango ditugu eta euri langar pixka bat botako du, nahiz eta oso gutxi botako duen. Goiz eguerdirako ateri geratuko da eta gero giro lasaiagoa geratuko zaigu, baina erabat garbitu ezinik ibiliko denez eguraldi eguzkitsurik ez da espero. Tenperaturek gehienez 20-22 gradutara iritsiko dira. 

Igandeari dagokionez, berriz ere eguraldi motel eta amorragarria bueltan izango dugu. Ipar mendebaldeko haizeak eta fronte ahul batek hodeitza handia utziko dute baina euri gutxi botako du. Tenperaturek behera egingo dute eta gehienez 20 gradutara iritsiko dira.

Astearen hasierari dagokionez, astelehenean, arratsalde erdira arte kosta egingo zaio altxatzea, ateri mantenduko da baina kosta egingo zaio. Hodeiak nagusituko dira, eta egunaren amaieran, haizeak hego ukitua hartzen duenean dezente garbituko duela dirudi. Tenperaturak freskotik ibiliko dira, gehienez jota eguneko erdiko orduetan 20 gradutara iritsiko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!