Eguraldi iragarpena

Eguraldiak okerrera egingo du

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko urriaren 1a

Goiz partean oraindik ere giro lasaia izango dugu, hodeiak eta ostarteak. Aurreko egunekin alderatuta zerua zikinago agertuko zaigu baina oraindik ere giro lasaia eta argia izango dugu. 

Eguerditik aurrera, ordea, eguraldiak okerrera egingo du. Ipar mendebaldeko haizearekin eta fronte bat gerturatzen joango den heinean zerua estaltzen joango zaigu eta arratsalde erditik aurrera zerua estalirik geratuko da eta euria ere izango dugu. Euri zaparradak ahulak izango dira eta orokorrean litro gutxi pilatuko dira, baina nahikoa izango da egunaren amaieran jada eguraldia aldrebesteko. Tenperaturek ipar mendebaldeko haizearekin koska polita behera egingo dute eta eguneko erdiko orduetan 22-24 gradutan errendituko dira maximoak.  

Biharkoan, berriz, eguraldi euritsua izango dugu, batez ere egunaren lehendabiziko zatian. Ipar mendebaldeko haizea bizi ibiliko da eta horrekin itsasotik hodei dezente sartuko zaizkigu eta hodei hauek euri zaparrada mardul xamarrak utziko dizkigute egunaren lehendabiziko zatian. Egunaren bigarren zatian pixkanaka zaparrada hauek geroz eta ahulagoak izango dira, tartekatuagoak, eta egunaren amaierarako atertzeko joera hartuko duela eta eguraldia lasaitzen hasiko duela. Tenperaturak 20 graduetara iritsi ezinik ibiliko dira maximoak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!