Zumaiako Aita Mari zineman izan da Gipuzkoako Txapelketako final-zortzirenetako laugarren saioa. Iñigo Gorostarzu Etxordeberastegiarrak kantatu du bertan. Oholtzakide izan ditu, Saroi Jauregi gai-jartzailearekin batera, Ander Lizarralde (Oiartzun), Gorka Maiz (Gabiria), Jokin Bergara (Eibar), Beñat Jauregi (Zarautz) eta Unai Muñoa (Lasarte-Oria). Final-zortzirenetako azken saioarekin batera, emakumeen presentziarik gabeko saio bakarra izan da igandekoa.
MAIZ NAGUSI
Gorka Maiz izan da nagusi 441 punturekin. Hamarreko txikian, hain zuzen Etxorderekin osatu duen ofizioan, bakarrik lortu du taulakideek baino puntu gehiago. Halere, zortziko nagusia kenduta, beste ariketa guztietan bigarren puntuazio altuena lortu du gabiriarrak eta erregulartasun horrek eta publikoarekin konektatzeak eraman du saioko lehenengo postura.
Hamarreko txikian 107 puntu lortu ditu. Orain arte final-zortzirenetan ofiziorik puntuatuena Mantxiren zortziko txikia zen, 101,5 punturekin. Etxordek ere 100 puntu lortu ditu Maizekin osatutako bertsoaldian. Beraz, txapelketako ofiziorik puntuatuena izan da orain arte, aitona-biloben paperetik osatu dutena.
ETXORDE FRESKO
Jendea gustura utzi du berastegiarrak egin duen lanarekin. Zortziko nagusian puntuazio txikiena lortu arren, ez da gaizki jardun eta beste ariketa gehienetan laugarren puntuazioa lortu du. Amaieran lortu duen postua beraz, ia ariketa guztietan.
Zortziko nagusian Muñoarekin osatu du ofizioa eta Jauregirekin kantatzea egokitu zaio txikian.
Lehenengoan zaharren zaintza lanetan ari diren biren paperetik kantatu dute. Etxordek greba proposamenarekin bat egin nahi du eta Muñoak ez. Irmo eutsi dio paperari dena galduko degu ta orain/ kokiltzen hasten bageraamaitu du lehen bertsoa eta zaharren zaintzak ez ote du ba/ merezi duintasunabigarrena.
Txikian berriz, egunero Jauregiren tabernan pasatzen du goiza osoa egunkaria irakurriz, kafe bakarrarekin. Elkarrizketa polita izan dute, berri onak kontatzea/ nei ez dit axola,/ ea apetitu pixkat/ sartzen zaizun holakantatu du Jauregik bigarren bertsoan, eta batzutan gaileta bat/ daukate oparierantzun dio Etxordek bigarrenean eta atera txupito bat/ etxean konturaamaitu du ofizioa.
Honakoa izan da kartzelako gaia: Autobus-gidaria zara. Ez zara ausartzen ispilutik atzera begiratzen. Guztiek bide ezberdinetik heldu diote gaiari. Maizek haurrekin Port Aventurara joan behar izan du. Etxordek sexu-eszena kontatu du. Lizarraldek aurreiritziekin, kinki bat juzgatu du. Muñoak bere beldurrak izan ditu atzetik, ez beste inor. Bergarak mantero bat jotzen ikusi du polizia. Eta Jauregik sagardotegi garaian kokatu du bere burua.
HANKA ETA ERDI KANPOAN
Haritz Mujikak eta Beñat Iguaranek ez daukate puntuazioari begira egon beharrik, saioko lehenak izatearekin lortu dutelako final-laurdenetan kantatzeko eskubidea. Aldiz, Etxordek datozen hiru bertso saioetako puntuen zain egon beharko du.
416 puntu lortu ditu eta zuzenean sailkatu diren lau bertsolariak kenduta, hamabigarren postuan dago behin-behineko sailkapenean. Hamazazpi bertsolari sartuko dira puntuazioz. Horrek esan nahi du geratzen diren saioetan irabazleaz gain beste bi bertsolari sailkatuz gero, Etxordek ez duela sailkatzea lortuko.
Oñatin lauk lortu zuten bera baino puntuazio hobea, Villabonan ere bai eta Ordiziako laugarrenak ere bere puntuazio berbera lortu du. Guztiak orain arte bezala jarraitzen badu, gutxigatik baina kanpoan izango da berastegiarra.
ORDIZIAN LIZASO
Beñat Lizaso (Azpeitia) izan da saioko irabazlea, 445 punturekin. Asier Azpiroz (Zubieta), Ane Zuazubiskar (Arrasate), Manex Mujika (Donostia), Aitor Urbieta (Zarautz) eta Ainhoa Agirreazaldegi (Zarautz) izan dira hurrenez hurren, Maddi Labakak aurkeztutako saioan.
Saio ona izan da Ordiziakoa ere. Erregularra eta kartzelara arte maila altukoa.
Kartzelan Informatikaria zara. Ekarri dizuten ordenagailuaren edukia ikusita, ez dakizu salaketa jarri edo ezgaiari hiruk pederastiaren ikuspegitik heldu diote eta beste hiruk alderdi politikoen finantziazio ilegalaz kantatu dute eta orokorrean, zehaztasun gutxirekin.
PUNTUAKETA
1.- Gorka Maiz. 441 puntu.
2.- Unai Muñoa. 434,5 puntu.
3.- Ander Lizarralde. 432,5 puntu.
4.- Iñigo Gorostarzu, 'Etxorde'. 416 puntu.
5.- Jokin Bergara. 404 puntu.
6.- Beñat Jauregi. 394 puntu.