Bakoitzak beretik

Erabiltzailearen aurpegia Adur Gorostidi 2019ko irailaren 24a

Herenegun Zumaiara bertaratutako gehienok, denok ez esatearren, arratsaldea aprobetxatu genuenaren sentsazioarekin etxeratu ginen. Beroa izan zen saioa zentzu guztietan.

Beroa izan zen igandeko hizpidea, Ander Lizarraldek azken agurrean ironiaz kantatu bezala: eskergarriya da publikoak/ horrenbeste berotzia,/ eskergarriya fokoz betia/ aurre, erdi ta atzia/ (...) antolakuntzai esan nahi diyot/ asko ez bada eskatzia,/ bertsolarien asientu azpiyan/ radiadoren bat jartzia.

Eta beroa izan zen hasieratik bai bertsolarien jarduna eta baita publikoaren erantzuna ere. Bertsolari bakoitzak bere bertsokera eraman zuen oholtzara eta beretik kantatu zuen. Eskertzen da hori. Ariketa bakoitza, sarritan, aurrez katalogatzen dugu eta badakigu umorearentzako tartea zortziko txikian dagoela eta gutxi gehiago. Bada, igandean ez zen horrela izan.

Zortziko nagusian, hamarreko txikian eta kartzelan ere, jendeak barre egin zuen. Bai, kartzelan ere bai. Eta eskertzen da.

Nire ustez goia, Gorka Maizek eta Etxordek osatutako hamarreko txikian jo zuen saioak. Maiz bilobari ezkontza-gonbidapena eman dio Etxorde aitonak. Jendeak ere barre egin zuen gaia entzunda, nahiz eta hamarreko txikian ez izan ohikoa. Ez da seinale ona izaten gaia entzunda publikoak barre egitea. Baina, saio antologikoa osatu zuten elkarrekin: Seigarren aldie o/ bado onezkero,/ eta biloba oaindik/ daukezu soltero hasi zen Maiz eta Etxordek nahi zaitut ondotikan/ mugituarazi,/ gainera badaukazu/ nundikan ikasi erantzun zion. Azken bertsoak berriz: elizaz ezkontzen da/ aitona Gabirin,/ ta gero banketea/ daukegu Liernin,/ txin-txin egingo degu/ azkena izan dedin izan zen Maizena eta Etxorderen erantzuna, gonbidapenari helduz, izena soilik Gorka/ ipintzen duena,/ ea hurrena jarri/ leiken bigarrena.

Kartzelakoan ere, Etxorde bera izan zen bikote bat larrutan irudikatu zuena. Honela amaitu zuen bertsoaldia: ez det beidatzen miroi moduan/ inork ez izenpetzeko,/ baina orain geratzeko,/ unea heldu ta esan diet/ euren erropak biltzeko,/ nik ez dudala orain gogorik/ eurena dena hartzeko.

Kartzelako beste doinuei ere erreparatuz, batek ez beste guztiek bost eta sei puntuko doinuak hartu zituzten, eta bertsoaldi onak entzun genituen.

Igandean eskertu genuen bakoitzak beretik kantatzea. Ni behintzat, horrekin geratzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!