Hasi da irudien bidaia

Ataria 2019ko irailaren 3a

Azgazkia: Marijo Ruiz

Udako Argazki Lehiaketa abiarazi du jada, 'Tolosaldeko Ataria'-k; irailak 22 da argazkiak bidaltzeko azken eguna. 

TOLOSALDEKO ATARIA-k Udako Argazki Lehiaketa antolatu du beste urte batez. Argazkiak bidaltzeko epea zabalik dago eta irailaren 22ra arte izango da aukera.

Horretarako ataria.eus webgunean dagoen formularioa bete behar da, izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia, herria eta helbide elektronikoa zehaztuz. Atarikideek izenaren ondoan bazkide zenbakia idatzi behar dute.

Horrez gain, argazkia non eta noiz aterata dagoen, edo argazkiko gaiak iradokitako esaldiren bat ere zehaztu daiteke.

EPEAK

Argazkiak bidaltzeko azken eguna hilaren 22a izango da, eta bozketa epea irailaren 24tik urriaren 13ra arte luzatuko da. Urriaren 18ko astekarian jakinaraziko dira irabazleak.

Sariei dagokienez, epaimahaiaren saria eskuratzen duenak, bi lagunentzako asteburu bateko egonaldia irabaziko du Lekeitioko Kurtxia landetxean. Erabiltzaileen saria jasotzen duenak, aldiz, lau lagunentzako bazkari bat egin ahal izango du Alkizako Inazio Urruzola txakolindegian.

Sari horiez gain, parte hartzen duten Atarikideen artean Zumardia elkarteak eskainitako bi neguko eski ikastaro zozkatuko dira.

BALDINTZAK

Garrantzitsua da argazkiaren ezaugarriak kontuan hartzea lehiaketan parte hartzeko. 300ppp-ko bereizmena, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein txuri-beltzean izan daitezke eta 2019. urteko udako argazkiak izan beharko dira.

Tolosaldean bizi diren edo eskualdearekin lotura dutenek soilik har dezakete parte. Bidaltzailea izan beharko da argazki horren jabea eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dira.

Argazkiak TOLOSALDEKO ATARIA-ko artxiboan gordeko dira eta antolatzaileak beretzat gordeko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea.

Parte-hartzaileak, bidalitako lanen jabe den neurrian, lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen uzten dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri, beti ere, egilearen izena adieraziz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!