Birgaitze lanak hasi dituzte Aduna eta Zizurkil arteko errepidean

Ataria 2019ko abu. 6a, 12:12

Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak maiatzean erabaki zuen 700.000 euroko aurrekontua erabiltzea errepidea birgaitzeko.

Maiatzeko bilkuran, GI-3610 errepidearen zoruaren egitura birgaitzeko proiektuko obrak kontratatzeko espedientea onestea erabaki zuen gobernu kontseiluak, 700.000 euroko aurrekontuarekin, eta lanak egiteko bi hilabete eta erdiko epearekin.

Birgaitze lanak 1.170 metroko luzeradun errepide zatian egingo dira. Zati hori, GI-3610 errepideko 1,940 eta 3,050 puntu kilometrikoen artekoa da, alegia, Adunako bidegurutzearen eta Asteasura joateko biribilgunearen artekoa.

Proiektuak jasotzen dituen obren artean dago oinarrian zoruaren erdiko zatia berreraikitzea, 2,030 eta 3,020 puntuen artean. Horretarako plataformaren zabalera osoa hondeatuko da, eta errepide hori GI-3021 eta GI-2631 errepideekin gurutzatzen den puntuetan, berriz, dagoen zorua partzialki kenduko da. Ondoren betelanak egingo dira zabor-legarrezko eta betun nahasketa beroko geruzak erabiliz. Amaitzeko, proiektuko obrak egingo diren zati guztian seinale horizontalak berrituko dira.

Obrak egiterakoan erreietako bat zirkulaziora guztiz irekita mantenduko da. Lehen faseak Elbarrenako biribilgunetik Bulandegi bidea 23 arteko trafikoari eragingo dio. Asfaltia enpresak, obraren adjudikaziodunak, semaforo batzuk jarri ditu zirkulazioa erregulatzeko.

Zizurkilgo Elbarrena auzora edota Asteasura joateko bide bakarra da, gaur egun, GI-3610 errepidea, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen Legarreta zubia, Sacem izenez ezaguna dena, berritzen ari baitira azken asteetan.

Ez da lehen aldia birgaitze lanak egiten dituztela GI-3610 errepidean, duela hiru urte ere antzeko lanak egin zituzten. Trafiko astuna ibiltzen da errepide horretan eta horregatik aspalditik ari dira bizilagunek saihesbide bat eskatzen. Biala Orain! koordinakundeak manifestazioa egin zuen ekaina bukaeran errepide horretan egunean 10.000 ibilgailu baino gehiagoren joan-etorria salatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!