Hasi dituzte Bulandegiko bidea konpontzeko lanak

Jon Miranda Labaien 2016ko apirilaren 12a

Aurreko astean hastekoak ziren lanak gaur abiatu dira. GI 3610 errepidea berritzeko lanek bi aste iraungo dute.

08:00etatik 19:00etara egingo dituzte errepidea konpontzeko lanak. Eguraldia dela medio, atzeratu egin dute obrak hasteko data. Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkatearen esanetan, "egunez egingo dituzte lanak, lurra harrotzen duten makinaria darabiltelako eta gauez zarata handia aterako luketelako".

Aurretik behin behineko adabakiak jarri izan zaizkio errepideari eta oraingo honetan "karretera zatitan moztu eta zoru sendoagoa jarriko da, ze bestela hemendik urtebetera berdin egongo ginateke". Gipuzkoako Foru Aldundiak Zizurkilgo biribilgunetik Adunako bidegurutzerainoko zatian markatuta dauzka okerren dauden zatiak eta hor egingo dituzte konponketa lanak. 800 mila euro aurrekontua du proiektuak.

Egoera "penagarria" zuen errepideak, Luengoren esanetan. "Trafiko karga handia jasotzen du bide horrek: AHTko obran dabiltzan kamioiak, Zizurkil eta Asteasuko industriagunetako trafikoa eta bizilagunek joan-etorriak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikusi du egoera oso txarrean dagoela errepidea eta zerbait egin beharra zegoela". Euria egiten duenean putzu handiak sortzen direla eta kexa asko aurkeztu dituzte Bulandegiko bizilagunek azken hilabeteetan. "Saihesbidea egitea izango litzateke soluzioa, baina 22 miloi euroko kostua du errepide horrek eta Diputazioak ez du, oraingoz, horrelako lanik egitea aurreikusten". Zorua konpontzeko lanekin batera, abiadura murrizteko neurriak hartu edo ez aztertuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.  

Kontuan hartu behar da Zubimusu zubia itxita dagoela eta bertako trafikoa, orain, Bulandegiko errepidetik bideratzen da. Luengoren ustez, "lanerako joan-etorrietan eta bazkaltzeko garaian izango da trafiko gehien. Jende batentzat momentu zailak izango dira. Pentsa dezagun hoberako izango dela eta pazientziarekin pasa ditzagun bi aste hauek".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!