Eskualdeko emakume txirrindulariak omendu dituzte Donostiako Klasikoan

Ataria 2019ko abu. 3a, 10:34

Argazkia: Donostiako Klasikoa

Besteak beste, Arantxa Txitxi Orbegozo eta Amaia Elosegi tolosarrak eta Josune Gorostidi txaramarra omendu dituzte. 80ko hamarkadan Orbea proiektuan aritu ziren.

Donostiako Klasikoa lasterketan lehen aldiz emakumezkoak ari dira parte hartzen. Probaren antolakuntzan parte hartze esanguratsua du Leire Olaberria txirrindulari ohi ikaztegietarrak, antolakuntza zuzendaria baita.

Proba abiatu aurretik, omenaldia egin zaie 80ko hamarkadan Orbea proiektuan aritu ziren txirrindulariei. Amaia Elosegi eta Arantxa Txitxi Orbegozo tolosarrek eta Josune Gorostidi txaramarrak hartu dute parte gaurko omenaldian. Dina Bilbao taldekidea duela 37 urte desagertu zen itsasoan eta Josu Iztuetak ordezkatu du gaurko ekitaldian. Carolina Sagarmendi donostiarra ere bertan izan da eta Laida Alkortak bere aitaren tokia bete du. Patxi Alkorta zizurkildarra 2011n zendu zen eta berak bultzatu zuen emakumezkoen Gipuzkoako lehen txirrindulari taldea. Orbea eta Etxeondo konpainiek bat egin zuten 1985ean proiektua eta zuzendaritza Alkorta zenak eta Peli Egañak eraman zuten. Gaur omenaldia jaso duten bost emakume txirrindulariak ziren taldekide: Sagarmendi, Elosegi, Orbegozo, Bilbao eta Gorostidi.

Lehen proba

Donostiako Klasikoako emakumeen probaren ibilbideak guztira 126,7 kilometro eta 2.693 metroko desnibela du, baita bi esprint berezi eta lau mendate ere: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako bat. Lasterketa 10:00etan abiatu da Donostiako Bulebarretik eta iritsiera 13:25ak eta 13:46ak bitartean aurreikusita dago. 12:00etatik aurrera jarraitu ahalko da telebistaz lasterketa, ETB1en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!