«Emakumeek jendez beteriko errepideak merezi dituzte»

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Magro Eizmendi 2019ko abu. 3a, 08:57
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU / BERRIA.EUS

Duela urtebete jarri zen martxan andrazkoen Klasikoaren makina, eta Olaberriak gidatu du. Lehen aldiak beti dira zailak, baina «gustura» dago ibilbidearekin eta parte hartzaileekin.

Lanez lepo dabil Leire Olaberria (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977). Azken xehetasunak lotzea, askotan, inoiz bukatzen ez den jarduna da. Gaurko eguna irits zedin desiratzen zegoen, ziur baitago ikuskizun handia izango dela.

Zer moduz joan da urte osoko prozesua? Zer izan da zailena?

Tira, pastelari ginga jartzea falta da. Lan asko egon da, eta ikasketa prozesu bat izan da. Hasieratik babesa sumatu dut, baina oraindik gaurkoa falta da, egun garrantzitsuena. Zailena? Lasterketa handi batek baliabide ekonomiko asko eskatzen ditu, eta horiek biltzea.

Zenbat balio du emakumezkoen Klasikoa antolatzeak? 

250.000 euro inguru. Gizonezkoena baino merkeagoa da, baina badu bere kostua. Hori bai, babesle pribatuen aldetik, itzulera ekonomiko jakin baten bilaketa baino gehiago, konpromisoa ikusi dugu. Hori zoragarria izan da.

Parte hartzaile zerrenda primerakoa da. 

Bai, eta onartuko dizut gure beldurrak bagenituela. Egun berean World Tour lasterketa bat dago Londresen. Bazeuden zailtasunak, talde profesionalek arazoak izaten dituztelako egun berean bi tokitan lehiatzeko, baina Londreskoa esprinterrentzako lasterketa da, eta gurea igotzaileentzat da. Baina talde handien erantzuna positiboa izan da. Munduko onenak ditugu, baina baita ere Ane Santesteban gipuzkoarra, Movistar, Bizkaia...

Askotan begiratzen zaie falta direnei, baina pena Trek eta Boels-Doellmann etorri ez izana. 

Pastela borobiltzea litzateke. Baina daudenek ikuskizuna emango dute; badago ibilbidea. Askotan, talde handi guztiak elkartzen badituzu, hainbestekoa da elkar zaintza, ez dela lasterketa polita izaten. Mitcheltonek talde indartsua du, baina baditu aurkariak.

Annemiek Van Vleuten da izen handiena. Giroa nagusitasun harrigarriz irabazi du aurten. 

Inspirazio bat da emakume hori; 36 urte dauzka, eta urtetik urtera hobera doa. Erreferente bat da. Berak, gainera, interes handia du euskal kulturarekiko; urtez urte etorri da, eta beti izan du txapel bat irabaztearen mira, Bira ez duelako inoiz irabazi. Taldekideek bai, baina berak ez. Guk txapel polit bat enkargatu dugu, eta pozik geundeke berak jantziko balu gure ordezkariekin lehia gogorra izan ondoren. 

Zerk erakarri ditu taldeak?

Baldintzek; ez gara World Tour, baina izan nahi dugu, eta World Tourreko baldintzak eskaini dizkiegu. Sariena ere garrantzitsua da, eta, batez ere, telebista. Talde handiek telebista emisioa eskatzen dute, askotan sarien gainetik. Bagenekien hor ahalegin handia egin behar zela, eta erantzun positiboa jaso dugu ETBrengandik; asko eskertzen dugu, proba mundu guztian ikusi ahalko delako.

Jarraitu irakurtzen Berrian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!