TOLOSALDEKO ATARIA-k udako argazki lehiaketa antolatu du beste behin. Sari bikainak izango dira argazki onenentzat eta uztailaren 29tik irailaren 22ra bitarte bidali ahal izango dira argazkiak. Irudiak ataria.eus webgunean lehiaketarako egindako formularioaren bidez igo ahal izango dira, iaz bezala. Gogoratu, Atarikideek izenaren ondoan harpide zenbakia idatzi behar dutela. Argazkiarekin batera adierazi beharko dira egilearen izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia, eta herria zein helbide elektronikoa. Horrez gain, argazkia non eta noiz aterata dagoen, edo argazkiko gaiak iradokitako esaldiren bat ere idatz daitezke.
Sariak
Urtero bezala sari bikainak daude jokoan. Epaimahaiaren saria jasotzen duenak bi lagunentzako asteburu bateko egonaldia jasoko du Kurtxia landetxearen eskutik.
Erabiltzaileen saria irabazten duenak aldiz, lau lagunentzako bazkari bat egin ahal izango du Inazio Urruzola txakolindegian. Eta horrez gain, parte-hartzen duten Atarikide guztien artean, Tolosako Zumardia elkarteak eskainitako bi neguko eski ikastaro zozkatuko dira.
Ezaugarriak
Parte hartu ahal izateko garrantzitsua da argazkiaren ezaugarriak kontuan hartzea. 300ppp-ko bereizmena, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein zuri-beltzean izan daitezke eta 2019ko udako argazkiak izan beharko dira. Tolosaldean bizi diren edo eskualdearekin lotura dutenek soilik har dezakete parte.
Argazkiak bidaltzeko epea irailaren 22an amaituko da eta irailaren 24tik urriaren 13ra bitarte argazkiak bozkatzeko epea zabalduko da. Irabazleen berri urriaren 18an emango da.
Argazkia guztiak ATARIA-ko artxiboan gordeko dira eta antolatzaileak beretzat gordeko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Parte-hartzaileak, bidalitako lanen jabe den neurrian, lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen uzten dio ATARIA-ri, beti ere, egilearen izena adieraziz.